Arreta soziosanitarioa aitortu eta profesionalizatzearen aldeko lanean eta sektore horretan lan egiten duten emakume arrazializatuen eskubideen alde jarduten du Emakume Migratu Feministak-Sociosanitarias elkarteak. Bozeramaileetako bat da Maria Juncay (El Tambo, Ekuador, 1970), eta, horrez gain, bete-betean murgildu da milioi erdi etorkinen egoera erregularizatzeko abian jarritako egitasmoan. Zaintza sektorearen prekarizazioa, besteak beste, irregulartasun egoera horretan sostengatzen dela salatu du.
Pandemiak egoera irregularrean dauden etorkinen egoera okertu duela salatu duzue. Zertan?
Ikusezinago egin gaitu. Eskubideez asko hitz egin da, baina 500.000 pertsona dira Espainiako Estatuan, automatikoki, horiek aplikatzen ez zaizkienak. Hori jakinarazi egin behar da. Zer behar egiten dute pertsona horiek, eta zer baldintzatan? Zeren gainean ari da hazten ezkutuko ekonomia? Zer baimentzen du Atzerritarren Legeak? Bada, gorputz migratuen eta arrazializatuen esplotazioa. Adinekoak zaintzen dituzten langileek, esaterako, koronabirusaren aurkako murru lana egin dute. Euren lanpostuak babesteko, etxetik ez dira ateratzen haietako asko. Haien oinarrizko eskubideak ez errespetatzeko oinarria irregular egotea da.
Ezkutuko ekonomiaren etekinak galtzea ekarriko luke erregularizazioak, beraz?
Mundu guztiak daki, politikariak barne, erregularizatu gabeko 500.000 pertsona horiek bertakoek egin nahi ez dituzten lanak egiten ari direla. Hori itzalpean edukitzeak modua ematen du lan baldintzak betikotzeko.
Egoera horrek gobernantza publikoari ere gabeziak dakarzkiola diozue.
Ezinezkoa da gure beharrei erantzungo dieten politika publikoak garatzea, ez baikara existitzen. Baina, aldiz, gizarteak onura ateratzen du egiten dugun lanetik. Alde horretatik, garrantzi handia ematen diogu egoera ikusarazteko eta gizarteratzeko lanari, baina baita subjektu politiko moduan aurkezteari ere. Gure elkartean, esaterako, zaintza sektorean aritzen garen berrehun emakume gaude. Antolatu egin gara, eta aldaketak proposatzen ari gara; esaterako, etxeko egoiliar lanaren abolizioa, orotariko eskubide urraketak egiteko modua ematen baitu. Badugu zer esan, euskal komunitatearen eta herri honen aberastasunaren parte garen heinean.
Abiatu berri duzue sinadura bilketa. Zer moduz hasi duzue?
Euskal Herrian 4.000 sinadura inguru jaso genituen abiatu ginen egunean. Zenbaki apala da, erronkaren tamaina kontuan hartuta. Gainera, sinadura emateko baldintzetako bat da Espainiako nortasun agiria izatea. Horrek aukera gabe uzten ditu, hain justu, egoera irregularrean dauden horiek.
Gutxieneko kopurura iritsi ezean, zertan geratuko da egitasmoa?
Ez dugu aukera hori kontenplatu ere egiten. Iritsi egin behar dugu, eta gizartean sinetsi. Euskal Herria, bereziki,borroka eta erresistentzia handiko herria da, eta uste dugu jendeak bat egingo duela kanpainarekin. Arazoa da ez dugula egitasmoaren berri emateko tresna askorik. Ez daukagu liberaturik, ez aurrekonturik. Garrantzitsua da, beraz, gure ahotsaren bozgorailu lana egitea mugimendu politikoek eta instituzionalek.
Duela bi urte, Espainiako Kongresuak baztertu egin zuen erregularizazioaren aldeko legez besteko proposamen bat. Gauza bera gerta daiteke orain?
Ez dakigu zer gertatuko den parlamentura eztabaida iristen bada. Dena den, ezezko hark eskariaren inguruan antolatzen lagundu zigun, eta egungo kanpaina honen oinarri ere izan zen. Oraingoz, dakigun bakarra da sinadurak bildu behar ditugula, dokumentu batekin batera kongresuari emateko. Urtearen amaieran ikusiko dugu zertan geratzen den.
Maria Juncay. EMFS elkarteko kidea
«Itzalpean edukitzeak modua ematen du lan baldintzak betikotzeko»
Zenbait erakunde sinadurak biltzen ari dira Espainiako Kongresuari milaka etorkinen egoera erregulariza dezala eskatzeko. Euren burua subjektu politiko gisa aurkeztea ere badute helburu, Juncayren arabera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu