Pegasus auziak eragindako harrabotsari erantzun nahian, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek bi proposamenen berri eman zien bere bazkide izan daitezkeenei: prest agertu zen Sekretu Ofizialen Legea eta CNIren Kontrol Judiziala Arautzeko Lege Organikoa aldatzeko. Gainerako alderdiek, baina, ez diete sinesgarritasun handirik eman hitz horiei. «Benetako borondatea balu, jada aurkeztuta dagoenaren gainean egingo luke bere proposamena», aurpegiratu dio EAJko diputatu Mikel Legardak. Izan ere, jeltzaleek lege horiek aldatzeko bi erreforma proposamen aurkeztu dituzte Kongresuan. Oraingoz, arrakastarik gabe.
Aldaketak egiteko arrazoiak badaude, Legardaren hitzetan. Ez du hain garbi, ordea, Espainiako Gobernuaren eskutik iritsiko ote diren. Izan ere, Sekretu Ofizialen Legea erreformatzeko lehen proposamena 2016an egin zuen EAJk, eta PSOEk, «aldeko adierazpen publikoak egin bai», baina hura «hiltzen utzi» du. Horren adibide da 2020an aurkeztutako bigarren proposamenari —aurreko legealdia amaitzearekin hil zen lehena— zuzenketak aurkezteko epea oraindik ere irekita egotea.
CNI Espainiako zerbitzu sekretuen kontrolerako legea aldatzeko proposamena, berriz, Sanchezen adierazpenak baino astebete lehenago aurkeztu zuten. Hark ere ez zuen gobernuaren erantzunik jaso. Beraz, Legarda «eszeptikoa» da Sanchezek esandakoekin, eta zalantzan jarri du legealdia amaitu aurretik urratsik egingo ote duten.
«Esaten dute proposamen hobea egingo dutela, eta horregatik ez dutela tramitatuko [EAJren erreforma proposamena]. Guk beti esan dugu benetan hobetu nahi badute nahi adina zuzenketa aurkezteko», argudiatu du Legardak. Izan ere, Sanchezek ez zuen argibiderik eman egiteko prest dagoenaren inguruan; ez proiektu edo proposamen gisa aurkeztuko dituen, ezta zer-nolako aldaketak eragingo dituzten ere. «Badakigu estatuak nola funtzionatzen duen. Eskandalu bat gertatzean, makillaje txiki bat egiten du», kritikatu du EAJkoak.
Beharrak eta oztopoak
1968ko Sekretu Ofizialen Legearen erreformari dagokionez, jeltzaleen asmo nagusia da dokumentuak desklasifikatzeko neurriak egokitzea: «Funtsa da Mendebaldeko herrialde garatuekin parekatzea; epeak amaitzean, sekretuak azaleratzea». Epea 25 urtekoa litzateke sekretu gisa klasifikatuta daudenentzat, eta hamar urtekoa ezkutukoentzat.
Halere, informazioa sekretupean mantentzeko epeei luzapenak ezartzeko aukera jasotzen du proposamenak, Legardaren esanetan: «Gauzaren bat ezingo litzateke argitaratu; instalazio militar delikatuenen eta aginte kontrolen kokapena, edo biziak arriskuan jarri ditzaketenak».
Aldaketa aurrera eramateko, ordea, oztopo bat dago. Erreforma onartzeak eragingo luke, besteak beste, frankismoaren, trantsizioaren, 1981eko otsailaren 23ko estatu kolpearen eta gerra zikinaren inguruko informazioa argitaratzea. «Hori da benetako eragozpena, iragana argitzea dakarrela».
CNIren kontrolerako lege erreformaren gakoa, berriz, egungo «kontrol kosmetikoa» atzean uztea litzateke, jeltzalearen hitzetan. Horretarako, zerbitzu sekretuen ekinbideen gaineko kontrol handiagoa eskatu du, batez ere herritarren oinarrizko eskubideei eragiten badiete. Bidea litzateke CNIk auzitegiei adieraztea «zein metodo erabilita» gauzatuko dituzten euren lanak; hau da, baliabideak zehaztea.
Legardaren ustez, independentisten aurkako espioitzak baimendu zituen epaileak ez zuen Pegasusen moduko tresna baten gaitasunaren berri: «Ziur naiz epaileak ezetz esango lukeela oinarrizko eskubideetan hala sartzen den neurri bat eskatuz gero. Estatu diktatorial bateko neurria baita». Gogoratu du entzuketa bat egitetik harago doala Pegasusen moduko malware baten gaitasuna: «[Ikertuaren] bizitza pribatuan sartzen zara egunean 24 orduz. Oso gogorra da».
Beraz, halako tresnak erabiltzearen aurka agertu da Legarda: «Ez da zilegi. Demokrazia liberaletan, helburuek ez dituzte metodo guztiak justifikatzen».
Kontrol judizialak huts egin ez dezan, beste bi neurri ere proposatu dituzte. Batetik, erabaki hori hiru epailek aho batez hartu beharra, «exijenteagoa» izateko. Bestetik, kontrola luzatzea. Hau da, baimendutako epeak amaitzen diren bakoitzean —hiru hilabetekoak izan ohi dira—, CNIk eginiko lanaren eta erabilitako metodoen gaineko txosten bat aurkeztu beharko luke.
Kontrol politikoa
Kontrola ez da judiziala soilik, baita politikoa ere. Espainiako gobernuburua da zerbitzu sekretuen ekintzen azken erantzulea, Sanchezek adierazi arren ez zuela independentisten aurkako espioitzaren berririk. «Ez bazuen [informaziorik], larriagoa da. Larriena ez bailitzateke arma bat izatea, baizik eta arma hori azken arduradunak jakin gabe erabiltzea», azaldu du Legardak. Halere, hark «zalantzan» jarri ditu presidentearen hitzak, eta, berriz halako argudioak ematea eragozteko, CNI presidentetzaren ardurapean jartzea proposatu du.
«CNI dena zipriztindu duen olio orban bat da. Ukitzen duen oro sekretu bilakatzen da», kritikatu du Legardak. Jeltzaleek, ordea, ez dute kolokan jarri dokumentuak sekretu gisa klasifikatzeko prozedura, gaia aztertzen ari diren arren. Hala, Kongresuaren kontrol politikoa indartzeko, sekretu ofizialen batzordearen gaitasunetan jarri dute arreta. Batzordeak, CNIren ikerketen berri izateaz gain, erabilitako baliabideen gaineko informazioa izatea ere nahi dute. Egun, zerbitzu sekretuekaukera dute informazio hori sekretupean mantentzeko.
Itzalak argiztatzeko
Madrilek konpromisoa azaldu du Sekretu Ofizialen Legea eta CNIren kontrolerako legea aldatzeko. Oraingoz, baina, EAJk bakarrik aurkeztu ditu proposamenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu