Sexu abusuak Eliza katolikoan. Biktimak

ITZALA, HORMA ETA ISILTASUNA

Elizgizonen sexu abusuei buruzko itzala, horma eta isiltasuna pitzatzen hasi da Juan Kruz Mendizabal apaizaren kontrako salaketekin. Erasoak jasan dituzten biktima gehiagoren lekukotasunak bildu ditu BERRIAk. Urteetan isilean gorde dutena kontatu dute, egia erakusteko eta abusuak berriro ez gertatzeko asmoz.

Bi lagun, beirate batzuei begira.Artxiboko irudia. LEE SANDERS / EFE.
Garikoitz Goikoetxea.
2017ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Itzala argitzen, hormak pitzatzen eta isiltasunari hitzak jartzen hasi dira. Juan Kruz Mendizabal apaizaren aurkako salaketek airean ipini dituzte Eliza katolikoaren itzalak, hormak eta isiltasunak. Umetan Mendizabalek sexu abusuak egin zizkiela salatu dute hiru gizonek. Haienak ez dira, ordea, kasu bakarrak eta bakanak. Testigantza gehiago jaso ditu BERRIAk. Sexu abusuak jasandako biktima batzuek ahotsa jarri diote kontakizunari. Hitzak, urteetan isilean gorde dutenari. Badakite biktima gehienak isilik daudela oraindik, eta hori hautsi nahi dute lekukotasunen bidez: egia ager dadin eta abusuak berriro gerta ez daitezen.

Urtarrilaren 10ean hasi zen isiltasuna hausten Donostiako Elizbarrutian. Bi gaztek ohar bat bidali zuten hainbat hedabidetara; azaldu zuten 2001 eta 2005ean haietaz abusatu zuela Mendizabal bikario ohiak, eta kasu gehiagoren susmoa zutela. Aldi berean, ohar bat atera zuen gotzaindegiak ere; apaiza zigortu egin zutela jakinarazi zuen. Handik bi egunera, hedabideen aurrera atera zen Jose Ignacio Munilla gotzaina, beste salaketa bat jasota; bazekien biharamunean BERRIAk ematekoa zuela horren berri, salatzailearen beraren kontakizun zehatz baten bitartez.

Apaiz ezaguna zen Mendizabal; maiz agertzen zen komunikabideetan, gazte taldeetan aritu zen urteetan eta Munillaren bikario nagusia izan zen 2010etik 2016ra arte, nahiz eta haren aurkako gutunak sinatuak zituen. Ezustean heldu zen berria. «Ni ez nintzen batere harritu albistea irakurri nuenean». I.A.-k Tolosan (Gipuzkoa) ezagutu zuen Mendizabal, Atsedena aisialdi taldean.13 urte zituen. «Guretzat ez zen Kakux baino hoberik. Beste apaizak serioak ziren; hura dantzan aritzen zen, kantari...». Baina I.A. ez zen beti eroso sentitzen harekin. «Denbora osoan ukitzen edukitzen nuen; eromen modu batean, leku batetik eta bestetik helduz».

Egun bat du bereziki gogoan. Mendi irteera bat egin zuten, eta euriak harrapatu zituen. «Bustita geunden denok. Bueltakoan, autobusean nire atzean jarri zen, eta bide oso-osoan joan zen ni ukituz, lehortzeko aitzakian. Bide osoan». Gertutasuna zuen umeekin, gertutasun handia. Handiegia, agian. «Erreferentea zen guretzat, eta aprobetxatu egiten zen horretaz». 1990eko hamarkadaren erdialdean gertatu zen hori; Tolosako Santa Maria elizan zegoen Mendizabal.

Apaizen hurbiltasuna

Gertutasuna aipatu du Ana Moralesek ere; auzoko elizako apaizak, Jose Luis Pujanak, abusatu egin zuela kontatu du. 1970eko urteak ziren Bilboko San Ignazio auzoan. Moralesek azaldu du joera tradizionaleko apaiza zela —«eraztun bat zeraman, eta agurtzean han musu ematen irakatsi zigun»—, baina gertukoa. «Umeen oso laguna zen, alaia: txangoetara eramaten gintuen, askariak antolatzen zituen... Asko maite nuen».

Moralesez abusatu zuen. «Lehen egunetik». Oso umetatik: jaunartzea egin baino lehenagotik. Gogoan du nola aitortza egitera joan ziren jaunartzea baino lehen. Aitorleku itxiak zeuden; atea itxi egiten zuten norbait sartzean. «Barruan hormatxo bat zegoen apaizaren eta eliztarraren espazioa zatitzeko. Ni sartzen nintzen bakoitzean —eta ez nintzen bakarra izango—, tarteki hori kendu egiten zuen, eta, berba egin bitartean, goitik behera ukitzen ninduen». Ez zekien zer zen hura. «Deseroso nengoen, baina pentsatzen nuen hori zela bere maitasuna adierazteko era; laztan gogor batzuk zirela, laztan berezi batzuk». Ukituak ez zituen aitorlekuan bakarrik egiten. «Aukerarik txikiena aprobetxatzen zuen».

1980ko udaberrian beste pauso bat eman zuen apaizak. Ostegun santu zen. Biharamunean, ostiral santuarekin, Jesusen pasioa irakurtzen dute elizan; hainbat lagunen artean egiten dute irakurraldia, eta apaizak kontalariaren rola egitea eskaini zion Moralesi; testu gehien duen rola, alegia. «Ezin nuen sinetsi; normalean, neska handiago batek irakurtzen zuen». 11 urte zeuzkan. «Esan zidan hori ondo irakurtzeko prestaketa berezia behar zela, eta joateko bere etxera». Abusatu egin zuen. «Bere gainean jesarrarazi ninduen, gona azpitik ukitu...». Etxera alde egin zuen, negarrez, lasterka. Amak ireki zion atea, eta kolpera bota zion alabak: «On Jose Luis zerri hutsa da!». Sofan jarri zen. Alboan eseri zitzaion ama, eta galdera batzuk egin zizkion, noraino heldu zen jakiteko.

Hamarkada bat lehenago jasan zituen abusuak Jose Ramon Blazquezek. Bilbon bertan, zentro itxi batean egon zen hamar urtean. «7 urte nituela sartu nintzen, eta 17 urte bete arte egon nintzen han. Pobrea nintzelako». Karitatezko erakunde baten egoitza zen, «eta apaizen agintepean zegoen». Banatuta zeuden: neskatoak, mojekin; mutikoak, apaizekin. Gogoan du nola joaten ziren elizgizonak. «Apaiza gerturatzen zen, eta gozoki bat-edo ematen zigun. Gelatxora eramaten gintuen gero; ukitzen hasi, eta gainerako guztia». Bi eraso mota jasan eta ikusi zituen: «Batetik, eskua sartzen zuten apaizak zeuden. Bestetik, pauso bat aurrerago joaten zirenak: masturbatu egiten gintuzten, edo haiek masturbarazi». Behartuta zeuden apaizen esanari jarraitzera. «Aurre eginez gero, jo egiten gintuzten; sekulako egurtuak eman zizkidaten niri. Gerrikoekin eta makilekin jotzen gintuzten». Eta isilik egon behar. «Ez genuen familiarik, ez genuen norengana jo; bakartuta geunden, eta apaizek zuten erabateko agintea. Ezin genuen ezer esan». Mutikoek eurek, bai, elkarren artean hitz egiten zuten. «Saiatzen ginen elkar defenditzen, hori egiten ziguten apaizak saihesten, baina ezin genuen ezer ere egin».

Ulertu ezinik

Umeak ziren, eta ez zuten ulertzen zer ziren eraso haiek. «Nik ez nion inportantziarik ematen. Ez nintzen ohartu kontua zein zen», kontatu du I.A.-k. Ukituak izan ziren. Areago joan ziren Blazquezen aurkako abusuak. «Baina ez genuen oso ondo ulertzen zer zen hura. Ez genuen kontzientzia sexualik; ez genekien zer zen. Gaizki zegoela bai, baina ez zer zen». Ostegun santu egun hartara itzuli da Morales: lasterka doa apaizarenetik etxera. «Pilpilka zegoen neure burua: ez nekien zer zegoen ondo eta zer txarto. Ez ote nintzen erratu, ez ote nuen gaizki ulertu. Amak agiraka egingo ote zidan».

Ezjakintasuna, beraz. Eta beste sentimendu bat: lotsa. Mendizabalek aisialdi taldeko kideen aurrean ukitzen zuen I.A. «Nik sekulako lotsa pasatzen nuen denen aurrean. Denbora osoan ari zitzaidan horrela, jolasean arituko balitz bezala». Kideko batzuek iraindu ere egiten zutela kontatu du; «Kakuxek begiko zaitu» eta horrelakoak esaten zizkioten. Ez zion inori ezer kontatu. Lotsak isiltasuna baitakar, Blazquezen esanetan. «Ordutik inokulatu digute lotsa. Horregatik ez zen ezer kontatzen. Gutako bakoitzak sentitzen duen lotsan oinarritzen da isiltasunaren legea. Horregatik dago gaia isilduta». Sentimendu gehiago aipatu ditu Moralesek: «Beldurra, lotsa, nazka eta halakoekin batera, desilusio izugarria jasotzen du ume batek, batez ere pertsona ezagun eta maitatu batek egin badio». Gogoan du «desanparo sentimendu handi bat» eduki zuela. Beldur bat ere bai: «Badakizu pertsona hori gurtzen dutenei zelako dezepzioa ekarriko diezun. Dezepzio horren parte bihurtuko zara». Mendizabal apaizaren kasuan ere sumatu du halakorik: «Mito bat jausi da, eta batzuek biktimengana bideratzen dute amorrua, sinesgarritasunik ez emanez edo gaia isilaraziz. Biktima bi aldiz da biktima».

Hirurek badakite ez zirela bakarrak izan, gehiagok ere pairatu zituztela abusuak; ikusi ere egin zituzten batzuek. Izatez, Mendizabalen eta beste apaiz batzuen erasoak jasan zituzten pertsona gehiagoren berri jaso du BERRIAk, lekukotasun eta guzti, baina guztiek ez dute publiko egin nahi testigantza hori.

Inguruan, isilik

Ez dira kasu bakarrak eta bakanak. Baina isilpean daude gehienak. Abusuak ikusi eta geldirik geratu zirenez mintzo da Blazquez. «Apaiz guztiak ez ziren horrelakoak, baina abusuak egiten zituztenak bezain errudunak ziren gainerakoak, jakinaren gainean egonda hori onartzen zutelako edo ez zutelako ezer esaten».

Etxean kontatu zuen Moralesek zer gertatu zitzaion. Ez zuten salatu. «Pentsaezina zen; kontsideratu ere ez zen egiten. Ez bide zibilean, ez Elizan. Pentsatu ere ez». Izatez, erasoaren biharamunean elizara bueltatu ziren gurasoak eta alaba; ostiral santu zen, eta Jesusen pasioan kontalariaren rola egin zuen. «Nahiz eta izularrituta egon, eta gurasoak ere jota, geure eginkizunak bete genituen guk». Hura eginda, ez ziren gehiago bueltatu eliza hartara, harik eta apaiza joan zen arte. Beste eliza batera joaten hasi ziren.

Badaki ama aritu zela hizketan auzoko elizan zebilen jendearekin. Batetik, beste ama batzuekin. «Amak esan zidan: 'Ez zara bakarra izan'. Baina ez dut jakin zein gehiago izan ziren. Ez dut inorekin hitz egin». Bestetik, elizako katekisten buruarekin hitz egin zuen amak; kalean topo egin zuten, alaba han zegoela, eta gogoan du nola aritu ziren hizketan. «Esan zion ez zela komeni hitz egitea: Elizan denok garela gorputz bat eta halakoak. Sinestedun gisa, pentsatu behar zuela zer kalte egingo zion Elizari hori zabalduta, eta hobe zuela isilik egotea».

Isiltasun hori defentsa modu bat ere bazela uste du Moralesek. «Hain da handia gertatu zaizuna, ezin baituzu barneratu. Zeure esku dagoena egiten duzu gauzak normaltasunera itzultzeko: ez sortu espektakulurik, eta gero gerokoak». Elizaren boterea ere aintzat hartzekoa da. «Badago mekanismo bat bultzatu gaituena egoera horietan jokabide absurdo hori izatera; beharbada, hautsiz gero, plater bat ez, kristaleria osoa hautsiko genuelako, eta horren beldurrez. Eta seme-alabak babesteko ere bai: 'Sinetsiko dizute?', 'Markatua geratuko zara...'». Isilik geratu zen. «Ahazten saiatu nintzen, nire burmuineko armairurik sekretuenean ezkutatzen».

Lekukotasunen balioa

Isilik dena. «Ondoriorik berehalakoena depresio bat izan zen: oso latza. Bizitzeko indarrik ez izatea. Urtebete pasatu nuen burua hankartetik altxatu ezinik». Sexu harremanetan ere eragin zion. «Nahiz eta ez zen modu kontzientean gertatzen, paralisi bat neukan egoera intimoetan. Hamarkadak eman nituen horretaz kontzienteki pentsatu gabe, baina irudiak etortzen dira». Sexuan izandako eragina aipatu du Blazquezek ere. «Markatu egiten zaituzte abusuek; lehenik, zure identitate sexuala. Saiatzen zara zergatia ulertzen: 'Zer egin nuen nik hori gertatzeko?'». Biek jo dute gainditutzat egoera hori. Blazquez: «Ezabatu ezineko arrastoa uzten dizu bizitza osorako, urteekin gainditzen duzuna». Ez zuen sentsazio hori izan I.A.-k: «Ez nintzen abusatuta sentitzen. Orain konturatu naiz. Traumarik ez dut izan. Inpresioa egin dit Kakuxi buruzko albisteak ikustean».

Lekukotasuna ematea erabaki du. «Seguru badaudela horrelako kasu gehiago, eta pentsatu dut nik esan egin behar nuela». Orain urte batzuk kontatu zuen lehen aldiz bere kasua Blazquezek. Telebistan zebilen, tertulialari, eta abusuekin lotutako albiste bat iritsi zen, Granadan (Andaluzia, Espainia) apaiz talde batek egindako sexu abusuena. «Berez atera zitzaidan: 'Nitaz ere abusatu zuten'. Ez dakit zergatik esan nuen, baina esan nuen». Ordutik pixkanaka aritu da dena gogoratzen. «Han zeuden beste umeengatik ari naiz ni hau guztia kontatzen».

Moralesek gainditutzat jo zuen sexu abusuen gaia. «Baina egia da urtero, aste santuan, ostegun gau txarra pasatzen nuela; egun hartan gertatu zenaz akordatzen nintzen». 2012ko ostegun santu egunean, pauso bat eman zuen. «Bat-batean, esan nuen: 'Idatzita utziko dut. Lagunduko dit hau dena ordenatzen'. Eta esan nuen: 'Argitaratu egingo dut'». Blog bat sortu zuen. Sarrera bakarra du, izenburu honekin: Hoy es nuestro aniversario, cerdo (Gaur gure urteurrena da, zerria). «Egia esanda, pertsona hori hilda zegoen duela urte asko, eta niri ez zidan hainbeste lotsa ematen. Iruditzen zitzaidan nire izenarekin argitaratu behar nuela, horrek sinesgarritasuna emango ziolako, eta, beharbada, lagunduko zielako beste pertsona batzuei aurrera ateratzen». Lagungarri izan zitzaiola nabarmendu du. «Balio izan dit nire barrua ordenatzeko eta erasoa testuinguru handiago batean ulertzeko; garai hartan ez geneukan sexu abusuak Elizan etiketa». Garaile sentitzeko ere balio izan zion: «Kontzientzia hartu nuen irabazi egin nuela borroka bat. Horrelako batetik pasatzean, galtzaile sentitzen zara, baina zauri hori osatu egin zitzaidan beste ikuspegi batetik begiratzen hasi nintzen egun hartan: 'Zenbat frontetan eraso zenidan, eta guztietan menderatu zaitut'».

Elizari begira

Kasuak salatzea aurrerapausoa dela uste du Moralesek. Batetik, inpunitatearen aurka: «Egin dutenek egin dute ahal zutelako». Mendizabalen kasua aipatu du: zigorra edukita ere, apaiz jarraitzen zuela —«balizko biktima gehiago eskura»—, eta elkarrizketak ematen ere bai —«noraino sentitu da seguru inpunitateaz»—. Bestetik, lagungarri delako norberarentzat ere. Hala ere, aitortu du norberaren egoerak eta adinak eragina dutela salatzeko garaian. «Ni ez naiz markatua sentitzen, eta berdin zait horrela ikusten banaute. Baina nerabea banintz, ez. Animatzen ditut salatzera, baina nire ulergarritasun guztia dute». Salatu aurretik, inguruko norbaiti kontatzeko aholkatu du. «Beren barrutik guztia ateratzeko».

Ez daude Elizaren zain. Ez dute aldaketarik itxaro. «Ez dut espero barkamen eskaririk, baina, eskatuko balidate, joango nintzateke, esker onez». Ez diote inoiz deitu, eta ez du jarrera aldaketarik sumatzen orain ere. Antzera mintzo da Blazquez: «Elizak isiltasunarekin estaltzen du dena, kasu bakana dela esateko. Ez». Ez du nahi «barkamen erretorikarik» Elizaren partetik, baizik eta memoria. «Egin dezatela memoria, eta erraztu dezatela jendeak hitz egitea. Niri kalean kontatzen ari zaizkit orain kasuak. Zer gertatzen da? Ez dagoela leku bat jendeak hitz egin dezan. Konfiantza eta babes giro batean, jendea animatuko litzateke». Itzalak argitzen, hormak pitzatzen eta isiltasunari hitzak jartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.