Itzal luzeko alkategaiak Iruñean

PPNk Carlos Garcia Adanero jarriko du zerrendaburu Nafarroako hiriburuan, eta Geroa Baik, Koldo Martinez. Alderdiek hautagai ezagunak lehenetsi dituzte, Nafarroako politikan trebatutakoak

Elma Saiz Nafarroako Ekonomia kontseilari eta PSNko Iruñerako alkategaia, iazko azaroaren 23an, Nafarroako Parlamentuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
jon olano
2023ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Argitu da Iruñeko alkatetzarako lehia. Atzo, PPNk jakinarazi zuen Carlos Garcia Adanero izango dela zerrendaburua, eta Noticias de Navarra-k zabaldu zuen Koldo Martinez izango dela Geroa Bairena. Horrela, udal hauteskundeetarako lau hilabeteren faltan, jakinak dira Nafarroako hiriburuko alkate izateko lehiatuko direnak: Cristina Ibarrola (UPN), Joseba Asiron (EH Bildu), Elma Saiz (PSN), Koldo Martinez (Geroa Bai), Carlos Garcia Adanero (PPN), Txema Mauleon (Zurekin Nafarroa) eta Maria Estevez (Vox).

Izen-abizen horiek aditzera ematen dute alderdietan zer-nolako apustua egin den Iruñeko Udalera begira; oro har, hautagai ezagunek beteko dituzte zerrendetako lehen postuak, beteranoek; gehienak, Nafarroako politikan proiekzioa dutenak. Orain horiek hiriburuko alkatetzara aurkeztu izanak erakusten du alderdiek garrantzi handia aitortzen diotela plaza horri; edo, kontrara, alderdietan errelebo arazo esanguratsuak daudela; zerrendaburu gazteenak, Saizek, 47 urte ditu, eta hautagaien batez besteko adina 56,3 urtekoa da.

Iruñeko Udalean, zerrendak berritzeko hauteskundeak izango dira maiatzekoak; soilik Asiron izango da berriro zerrendaburu. Hain justu, EH Bildukoa da herrialde mailako politikagintzan aritu ez den hautagai bakarra, baina, hari dagokionez, koalizio subiranistak 2015-2019ko legealdian alkate izandakoaren figurari eutsi dio alkatetza berreskuratzeko asmoz.

Gainerako hautagaiek, ordea, Nafarroako edo Espainiako politikagintzan ondu dute ospea. Nafarroako Parlamentuan, Cristina Ibarrola izan da, Navarra Sumaren izenean, Santos Indurain Osasun kontseilariaren kudeaketaren aurkako aurpegia, eta, lehenago, Nafarroako Gobernuko Osasun zuzendari izan zen Yolanda Barcinaren gobernuan. Ez da beste batzuk bezain ezaguna, eta ikusteko dago Navarra Sumaren zatiketak nola eragiten duen emaitzetan.

Madrildik Iruñera

Seguru asko, Saiz izan da Iruñeko alkatetzarako aurkeztutako hautagaien artean sorpresa nagusia, Nafarroako Gobernuan kargu esanguratsu bat izateari utzi eta—Ekonomia eta Ogasun kontseilaria da— udal politikara igaroko baita. Saizek eta Ibarrolak irudikatzen dute ondoen Iruñeko Udaleko aro aldaketa; Saizek Esporrin ordezkatuko du PSNko buru gisa, hura hamasei urtez zinegotzi aritu eta gero, eta Ibarrola Enrique Maiaren erreleboa izango da, egungo alkatea 12 urtez udalean egon eta gero—2011tik 2015era eta 2019tik gaur arte, alkate gisa—.

Azken izendapenek ere erakusten dute hiriburutik harago ezagun diren hautagaiek beren itzala baliatu nahiko dutela Iruñeko alkatetzarako lehian. Garcia Adanero aski ezaguna da: 1991tik 2019ra, 28 urte egin zituen Nafarroako parlamentari —UPNren edo, haren bidez, Navarra Sumaren izenean—, eta azken lau urteak Espainiako Kongresuan egin ditu, diputatu gisa. Haren kapital politikoa, ordea, PPNk baliatu nahi du orain, Garcia Adanerok eta Sergio Sayasek Kongresuan beren alderdiaren irizpideen kontra botoa eman eta UPNk horien militantzia eten eta gero.

Geroa Baik, berriz, Koldo Martinezen alde egin du udal hauteskundeetan emaitza onak lortzeko. 2019az geroztik, Espainiako senataria da, Nafarroako Parlamentuak hala izendatuta, eta 2015-2019 artean Nafarroako parlamentari izan zen. Azkenik, Zurekin Nafarroak Txema Mauleonen alde egin du alkatetzarako; ezagun du udala, zinegotzi izan baizen 2007tik 2011ra, baina harrezkero Nafarroako politikagintzan dabil; 2015 arte parlamentari, eta, harrezkero, gobernuan, Eskubide Sozialetako Departamentuko kabineteburu.

Artolazabal, Iriarte...

Beste erakunde batzuetan trebatutako hautagaien aldeko apustua antzematen da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere. Arlo horretan egindako izendapenik esanguratsuenak Beatriz Artolazabalena eta Maddalen Iriarterena dira.

Artolazabalek Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta GizartePolitikako sailburu kargua utziko du, EAJk Gasteizko alkatetzari eusten saiatzeko, eta Iriartek Eusko Legebiltzarreko oposizioko buru izateari utziko dio, EH Bildu Gipuzkoan berriro lehen indarra izaten dadin. Iker Casanova ere indar subiranistako legebiltzarkide izan da azken bederatzi urteetan, baina maiatzeko hauteskundeetan Bizkaiko zerrendaburu izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.