Itxuraren gaineko presioa landuko du Emakundek Martxoaren 8ko kanpainan

Kanpaina hilaren 15era arte egingo dute. Helburua da andreen «hipersexualizazioaz» eta «edertasun kanon zorrotzez» ohartaraztea

Kanpainaren berri emateko egindako prentsaurrekoa, atzo, Gasteizen. IREKIA.
Irati Urdalleta Lete.
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Neskek eta, oro har, andreek gorputzaren eta itxura fisikoaren gainean jasaten duten «gehiegizko presioa» gaitzestea. Horixe da Martxoaren 8aren harira Emakundek egingo duen kanpainaren funtsa. Emakumeen Nazioarteko Egunerako astebete falta da, eta, hain zuzen, atzo eman zuten kanpainaren nondik norakoen berri Beatriz Artolazabalek, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako sailburuak, eta Izaskun Landaidak, Emakundeko zuzendariak, Gasteizen egindako prentsaurrekoan.

Kanpainaren bidez herritarrei dei egin nahi diete gogoeta egin dezaten andreen gorputzen «nahitaezko perfekzioaz», ezarritako «edertasun kanon zorrotzaz», «hipersexualizazioaz» eta «gorputzen kontzeptualizazio gero eta merkantilistagoaz». Horretarako, prest dituzte bai afixak bai irratiko, telebistako eta Interneteko iragarkiak, eta gaurtik martxoaren 15era arte emango dituzte, ohiko komunikabideetan eta sare sozialetan, besteak beste. Gainera, kartelak bidali dituzte, hala nola ikastetxeetara, osasun etxeetara eta enpresetara.

Lau neska ageri dira iragarki eta kartel horietan, eta «gorputz perfektuen» eta «hipersexualizazioaren» inguruko mezu saldoa jasotzen dute. Hori ikusita, galdera hau egiten dute: «Benetan? Hau da guretzat nahi duzuena?». Eta horrela amaitzen da leloa: « Garaiz gaude neskatoei beste etorkizun bat eskaintzeko, haien gorputzaren eta itxuraren gaineko presiorik gabe». Artolazabalek salatu du emakumeei bizitza eta askatasuna mugatzen diela gorputzaren eta itxura fisikoaren inguruan jasaten duten presioak, eta, gainera, ohartarazi du presioa areagotu egin dela azkenaldian, «sare sozialen eta emakumeen gorputzaren gero eta esplotazio mediatiko handiagoaren bidez».

Arriskuak, bistara

Halaber, Landaidaren irudiko, emakumeak gauza bihurtzeak eta «hipersexualizazioak» berdintasunik eza eragiten dute. Izan ere, iruditzen zaio emakumeak gizaki gisa ez ikusteko tresna direla, haienganako enpatia ahultzen dela, baita haien «balioa» ere. Eta honela ohartarazi du: «Horrek bidea ematen du emakumeen aurkako indarkeria gertatzeko». Era berean, salatu du presioak andreei kalte egin diezaiekeela osasunean, «anorexia edo elikaduraren inguruko gaixotasunak eragiten dituelako askotan».

Artolazabalek adierazi du egoera salatzeaz gain esperantzarako mezu bat ere eman nahi dutela: «Garaiz gaude: aukera dugu datozen belaunaldiei etorkizun hobea eskaintzeko, eta eskaini egin behar diegu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.