Itxialdia urratzea egotzi zioten Osakidetzako buruak dimititu egin du

Jon Sanchez apirilaren 21ean joan zen Kantabrian duen bigarren etxera. Bizilagunek deitu zieten udaltzainei, lege urratzearen berri emateko.

Jon Sanchez Osakidetzako osasun larrialdietako burua. BIZKAIKO  BATZAR NAGUSIA
Ainhoa Larretxea Agirre.
2020ko maiatzaren 5a
14:24
Entzun

Castro Urdialesko (Kantabria, Espainia) Udaltzaingoak Jon Sanchez, Osakidetzako osasun larrialdietako burua, salatu du konfinamendua hautsi eta bigarren etxebizitzara joateagatik. Apirilaren 21ean, Sanchezen bigarren etxebizitzan mugimenduak sumatu ondoren, bi bizilagunek Castro Urdialesko udaltzainei abisua eman zieten, Sanchez konfinamendua hausten ari zelakoan.

Udaltzainak etxera joan zitzaizkion Sanchezi, eta hark azaldu zien bi edo hiru egunetarako joana zela etxe horretara, COVID-19aren probak egin behar zizkiotelako lanean, eta, adineko batzuekin bizi zenez, ez zituelako haiek kutsatu nahi. Udaltzainei ez zitzaien sinesgarria iruditu Sanchezen erantzuna, eta salaketa bat aurkeztu zuten haren kontra. 

Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo erran zuen Sanchezek adierazi zuela «arrazoi justifikatuak» zituela bigarren etxebizitzara joateko, baina Murgak berak ezin zuela beste iritzirik eman, Sanchezi jarritako salaketa horren agiria oraindik ez baitute jaso. Hala ere, nabarmendu zuen legea denentzat berbera dela.

Murgaren erantzunak ez ditu ase oposizioko alderdiak, eta gutxiago sindikatuak. EH Bilduk Murgari leporatu dio bere erantzukizunari ihes egin diola, Sanchezi espediente bat ez zabaltzeagatik. Rebeka Ubera legebiltzarkideak Jaurlaritzari eskatu dio txosten bat zabal diezaiola, «larria» delako konfinamendua apurtzea: «Osasun sailburua axolagabekeriaz eta utzikeriaz aritu da. Espedientea ireki behar dio berehala, bai eta dagozkion neurriak hartu ere».

Carlos Iturgaiz PPren eta C's-en Eusko Jaurlaritzarako lehendakarigaiak Sanchezen dimisioa eskatu du, konfinamendua «nahita» haustea egotzita: «Jaurlaritzako Larrialdien zuzendariak berariaz konfinamenduaren araudia urratu izanak, bizi garen egoera larri honetan Kantabriara joanda, ezgaitu egiten du kargurako».

LAB, ELA, ESK eta CCOO sindikatuek ere salatu dute Sanchezen jarrera, eta zer gertatu den ikertzeko eskatu dute. LABek eta ELAk, gainera, nabarmendu dute Sanchezek konfinamendua hautsi zuela frogatzen bada haren dimisioa eskatuko dutela.

Dimisioa, 22:35ean

Kritika olde horren ostean iritsi da Sanchezen erabakia: dimisioa. Eusko Jaurlaritzak astearte gauean, 22:35ean, igorri zuen ohar bat hedabideetara, eta jakinarazi Sanchezek dimisioa aurkeztu zuela «arratsaldean», eta gobernuak onartu egin zuela.

Ohar horren arabera, Sanchezek berriz adierazi du ez duela jaso udaltzainek jasotako zigor horren agiria, baina, hala ere, bere burua defendituko duela «legezko bide guztietan». Eskerrak eman ditu «beregan jarritako konfiantzarengatik», eta larrialdietako osasun profesionalek egiten duten lana goratu du.

2019ko urtarrilaren 2an hartu zuen kargua Sanchezek. Aurrez, Bizkaiko Batzar Nagusietan diputatu eta Bilboko Udaleko zinegotzi izan zen, EAJrekin. Osasun larrialdien berrantolaketak eragindako krisian ailegatu zen orain zuen postura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.