Gasteizko suhiltzaileek itxialdia eta greba egingo dituzte

Astelehenean hasiko dute bost eguneko greba. Langileen eta instalazioen arazoak konpontzeko eskatu diote udalari.

jakes goikoetxea
2024ko abenduaren 18a
20:00
Entzun

Gasteizko suhiltzaile talde batek itxialdia hasi du suhiltzaile etxean, ostiralera arte. Hurrengo astean, astelehenetik aurrera, bost eguneko greba egingo dute. Langileen eta instalazioen egiturazko arazoak konpontzeko eskatu diote udalari.

Suhiltzaileek gogoratu dute urtebete baino gehiago daramatela neurriak hartzeko eskatzen, dituzten «arazo larriak» konpontzeko. Zenbait bilera egin dituzte udaleko ordezkariekin, baina aurrerapenak «oso txikiak» izan dira. Negoziatzeko eskatu diote erakundeari. Aurrerapenik lortzen ez badute, mobilizazioekin jarraituko dute. 

Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak duela urtebete onartu zuen sua prebenitzeko eta itzaltzeko eta salbamendu zerbitzuetarako legea. Gaur egin dute agerraldi batean, zehaztu dute Gasteizko Udala oraindik ez dela lege horretara egokitu.

Suhiltzaile gehiago eskatu dizkiote, gaur egungo premiei erantzuteko. Azaldu dutenez, «zerbitzuak duela urte batzuetatik duen antolaketa eta egitura arazo larria konponduko litzateke horrela». Haien esanetan, legearen arabera hamabost suhiltzailek lan egin behar dute txanda bakoitzean, baina azken asteetan hamalau eta hamahiru aritu dira lanean.

Gasteizko suhiltzaile etxea zaharkitua dagoela uste dute. Duela 50 urte eraiki zuten. «Konponketa txikiak beharrean, eraldaketa handi bat behar du». Aurreko Segurtasun zinegotziak, Iñigo Gurtubaik, esan zien udaleko arkitektoak joango zirela suhiltzaile etxea handitzeari buruz hitz egiteko, baina suhiltzaileek esan dute ez arkitektoak ez direla bertaratu. «Zain gaude oraindik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.