Nora hoa, ergel hori? Joan hadi etxera!». Maier Anabitarte erizaina etxerako bidean zen, ospitalean zazpi orduko lanaldia egin ostean, eta norbaitek oihu egin zion. Aintzane Muguruzaren 14 urteko seme autismodunak bizilagunen oihuak entzun behar izan zituen, paseoan ibiltze hutsagatik. Baionan, zenbait osasun langilek ohar iraingarriak jaso dituzte etxeko atarian edo autoan: eskatzen diete «urruntzeko» edo, are, bizitokia aldatzeko. Iruñeko Erripagaña auzoan, zenbait bizilagunek balkoietatik txaloka eta algaraka agurtzen dute Foruzaingoa, txakurrak paseatzera atera direnak identifikatzen dituenean: «Isuna! Isuna!» eta «sar itzazue kartzelara!», oihukatzen dute batzuek. Bidaxunen (Nafarroa Beherea), bideo bat zabaldu da egunotan, sare sozialen bidez: bertan, auto gidari zuri batek «etxera alde egiteko» eta «konfinatzeko» exijitzen die, oihu eta irainen artean, bi gazte beltzi. Autobusaren zain zeuden, geltokian eserita, beste ezer egin gabe.
«Egoera honek jendeari daukan onena atera diezaioke, baina baita txarrena ere», laburbildu du Anabitartek. Donostia ospitalean egiten du lan. Harentzat, «mingarria» da halakoak entzun behar izatea; batez ere, «jendearen hobebeharrez», lanera bizikletaz joatea erabaki zuenez geroztik: «Autobusez joan ninteke ere, baina jende askok erabiltzen du, eta, kutsatuta banengo, beste pertsona batzuk arriskuan jarriko nituzke. Horregatik erabaki nuen lanera bizikletan joatea».
Ertzaintzari hots egin zion, galdetzeko ea ospitalera bizikletaz joateko arazorik ba ote zen. Ezetz, laneko ziurtagiria eramanez gero, ez ziotela oztoporik jarriko. Arazoa beste nonbaitetik heldu zitzaion, ordea: behin, autoan zihoan andre ezezagun bat, leihoa jaitsi, eta biraoka hasi zitzaion: «Ergela!». «Hori besterik ez nuen behar. Ospitaletik etxera leher eginda itzultzea eta kutsatuta ote nagoen edo etxekoak kutsatu ote ditudan neure buruari une oro galdetzea gutxi balitz bezala, orain ezezagunen oihuak eta irainak entzun behar».
Anabitarteren ustez, portaera horiek «beldurraren eta urduritasunaren ondorio» dira: «Askok pentsatzen dute, itxialdiaren ondorioz, sekulako esfortzua egiten ari direla, eta bizikletan doan horrek, aldiz, ez duela esfortzurik egiten. Bidegabekeria baten antzera bizi dute. Ez dute pentsatzen kalean dagoenak ere bere motiboak izan ditzakeela eta, agian, lanera doala».
Julen Euskal Herriko 10.000 biztanle baino gutxiagoko herri bateko udaltzainburua da—ez da benetako izena—. Herritar gehienek elkar ezagutzen dute. Oraindik ere harrituta dago itxialdia agindu eta gero herritarrek egiten dizkieten salaketa eta ohartarazpen deien kopurua eta mota ikusita. Itxialdiko lehen egunetik hasi ziren deiak jasotzen. Herritarrek deitzen diete, esaterako, jendea kirola egiten ari delako, txakurrarekin paseo «luzeegiak» egiten dituelako, familia berean familiako kide bakoitzak txakur bera hiru edo lau aldiz ateratzen duelako, eraikineko eskaileretan edo garajean jendea kirola egiten ari delako, jendea balkoietan umeekin denbora pasatzeko ekintzak egiten ari direlako... Gertatu zaie herritar batek baino gehiagok deitzea ere gertaera berbera salatzeko.
Hala ere, Julenek eta lankideek jaso dituzten deirik harrigarrienak ez dira izan herritar batek beste baten jokaera salatzeko. Albistegietan ohiko bihurtu da ikustea nola herri bateko edo besteko udaltzainek auto ofizialetatik herritarrentzat musika jartzen duten, herritarrei bisitak egiten dizkieten... Juleni bi herritarrek deitu diote itxialdia hasi zenetik udaltzainek haien seme-alabei Zorionak zuri abestera joateko. Ez ziren joan.
Autistak jomugan
Nahasmendu autista dutenen kasuan, are latzagoak izan daitezke bizilagunen iruzkin mikaztuak. Konfinamenduak ezinegona eragiten ahal die autismoa duten pertsonei, eta hori da Aintzane Muguruzaren semearen kasua: «Eneko gure semearentzat zaila da egoera estresagarriak kudeatzea, eta, halakoetan, okerrera egiten du. Atzo, adibidez, koronabirusagatik hildakoen kopuruak eman zituzten telebistako albistegian, eta sutan jarri zen». Halako egoerak eragozte aldera, kalera ateratzeko baimen berezia dute autismoa duten pertsonek: «Eneko ezingo balitz atera kalera, haizea hartu eta mugitu, guretzat jasangaitza izango litzateke egoera hau».
Egunero-egunero, maskarak eta eskularruak janzten dituzte, eta jenderik ez dagoen tokietara joaten dira. Bizilagunek, baina, oihu egin izan diete balkoietatik: «Ez ziren iritsi iraintzera, baina oso modu txarrean hitz egin zieten Enekori eta haren aitari. Etxera joateko esaten zioten, eta, haurra autista zela erantzunda ere, oihuka segitu zuten. Zorionez, Enekok ez die garrantzi handirik eman, oraingoz: 'Ama, tontoak dira', esan zidan».
Kezka dute jendeak izan ditzakeen erreakzioengatik, baina hori lehendik ere gertatzen zitzaiela aitortu du: «Enekok askotan izaten ditu erreakzio ezohikoak, nolabait esatearren, eta ez dakigu jendeak nola hartuko dituen, baina, era berean, uste dut ez dugula zertan ibili azalpenak ematen». Horregatik, besoko urdin bat jartzeko proposamen bat dagoela jakin zuenean [autismoa duten pertsonak identifikatzeko], Muguruzak ez zuen begi onez hartu: «Guraso batzuk, haurrari zapi urdina jantzita, lasaiago sentitzen badira, egin dezatela, uler dezaket. Baina guretzat ez dugu nahi. Autismoa duten seme-alabek badute nahikoa marka, are gehiago markatzeko eta seinalatzeko». Hori dela eta, orain arteko ohiturari eutsiko diotela nabarmendu du: «Poliziak gelditzen bagaitu, guk baditugu Enekoren ziurtagiriak; gainerakoek ez dute zertan ezer esan».
Talde barruko segurtasuna
Maite Elizondo psikologoak uste du egungo gizartean oso ohikoa dela «epaitzea». Leihotik jendea iraintzeko eta salatzeko joeraren atzean, «talde baten partaide» sentitzeko beharra egon daitekeela dio: «Pertsona batzuk erosoago sentitzen dira talde baten barruan, nahiz eta, horrekin batera, aukera gehiago duten txotxongilo bihurtzeko. Talde barruan daudela, txalo egitera deitzen dutela? Bada, inork baino ozenago eginen dute, ziurtasuna baitute ongi ari direla. Eta ziurtasun hori bera daukate taldetik kanpo daudenei errieta egiteko, seinalatzeko edo epaitzeko».
Elizondoren ustez, gainera, gisa horretako jokabideek agerian utz ditzakete gabezia emozional batzuk. «Bitxia dirudien arren, lotsagabe aritzen diren pertsona horiek izan ohi dira, hain zuzen, ziurtasunik eta autoestimurik urriena dutenak, taldearen oniritzia eta babesa lortu nahi izaten dutelako». Prozesu hori errazten ahal du, bestalde, etxean edo auto barruan babestuta daudela sentitzeak. «Gauza bat da pertsona baten kontrako iritziak pentsatzea edo etxeko giroan komentatzea, baina pertsona ezezagun bati iseka egitea, bere egoera zein den jakin gabe? Hori oso bestelakoa da. Horretarako, ezinbestekoa da babestuta sentitzea».
Halako jokabideak errazten dituen faktorerik eraginkorrena, baina, konfinamendua bera dela uste du psikologoak. Izan ere, etxealdiaren ondorioz, ugaritu eta indartu egiten dira portaera desegokiak: «Egoera ezohiko hau bihurtu da betiko jokabideen sustatzailea edo indartzailea. Onerako nahiz txarrerako: norbaiti laguntzeko edo langileei txalo egiteko, baina baita kalean dabiltza- nei iseka egiteko ere».
Koronabirusa
Itxialdi garaiko inkisizioa
Osasun langileei eskainitako txaloez gain, beste jokabide batzuk ere azaleratu ditu konfinamenduak: besteak beste, bizikletan doazenei kargu hartzea, Poliziaren gehiegikeriak txalotzea edota, motiboak jakin gabe, paseoan dabiltzanak salatzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu