HEZKUNTZA

Itxialdi aurreko ebaluazioak hartuko dituzte oinarri azken kalifikazioetarako

Eusko Jaurlaritzak eskolei bidali dizkie ikasturte amaierarako jarraibideak. Hirugarren hiruhilekoan ebaluazioa egiteko ikasleen lanak oinarri hartzea proposatu dute, nahiz eta eskolek aukera daukaten ebaluazio espezifikoak egiteko. Amaierako kalifikazioan, hala ere, pisu txikiagoa izango du itxialdi garaiak. Lortu beharreko gutxienekoak zehaztu dituzte, eta «errepaso eta errefortzu proposamenak» egingo dituzte udarako, betiere eskolak ireki gabe.

Ikasgelak hutsik daude asteotan. Internet bidez ari dira ikasleak eta irakasleak. JON URBE, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2020ko apirilaren 22a
08:51
Entzun

Ezinegona handia izan da egunotan Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxeetan: lanera itzuli dira berriro irakasleak eta ikasleak —Internet bidez ari dira—, eta ez zeukaten ikasturte amaierari buruzko argibiderik. Eusko Jaurlaritzak gaur bidali dizkie argibideak, txosten batean, eta hedabideen aurrean agerraldia egin du Cristina Uriarte sailburuak, xehetasunak emateko.

Hona hemen gako nagusiak:

1. Ebaluazioa. Ikastetxeei eskatuko diete zehazteko zein diren gainditu beharreko «gutxieneko alderdiak», ikasturtea gainditzeko lortu beharrekoak. Eusko Jaurlaritzak berak egin du proposamen bat, baina Uriartek nabarmendu du ikastetxeen «autonomia pedagogikoa» errespetatuko dutela. Ebaluazioa nola egin, aukera bat baino gehiago ageri dira txostenean: ikasleen lanak, bideokonferentzia bidezko aurkezpenak, tutoretza indibidualizatuak... Nolanahi ere, eskolek aukera izango dute «hirugarren ebaluazio espezifiko bat» egiteko: hirugarren hiruhilekoko gaitasunak aztertzeko izan daiteke, edo amaierako ebaluazio labur bat egiteko. Kasu horretan, pisu handiagoa izango dute aurreko bi hiruhilekoek. «Ebaluazio horretan, lehen bi ebaluazioetan lortutako lorpenak hartuko dira kontuan, eta hirugarren hiruhilekoan lortutako lorpenak soilik gehituko zaizkie ebaluazio horiei. Kalifikazioa zehaztuko dute». Alegia, azken kalifikazioetan, itxialdi aurreko notak izango direla oinarri.

2. Errepikapenak. Egunotan horrek sortu du harrabotsik handiena. Errepikapenak erabat mugatzea proposatu zuen Madrilek, eta inork «ikasturtea ez galtzea» koronabirusaren ondorioz. Gisa bereko formula batera jo du Eusko Jaurlaritzak: ohartarazi du orain arte ere «salbuespeneko neurria» zela, eta erantsi du neurri hori ezin dela hartu asteotako egoerari lotua baldin badago. «Irakasleek bermatu beharko dute ikasle batek ere ez duela errepikatu behar hezkuntza ez-presentziala eskuratzeko izan dituen zailtasunengatik». Hala ere, ohiko araudiari eutsiko diote berez: DBHn, adibidez, ezin da ikasturtea pasatu hiru ikasgaitan ebaluazio negatiboa izanez gero. Urteotan nabarmen ozendu da ikasturtea errepikatzearen egokitasunari buruzko eztabaida. Hezkuntza Sailaren datuen arabera, Lehen Hezkuntzako mailetan ikasleen %2 pasatxok errepikatzen dute; DBHn, gehiagok —bigarren mailan, adibidez, %10ek—.

3. Egokitzapenak. Asteak dira eskolak itxi zituztela, eta Internet bidez ari dira ikasle eta irakasle gehienak. Ez da ohiko egoera, eta horrek nabarmen zailtzen du curriculum osoa lantzea. Hori ikusita, Jaurlaritzak ezarri du «ikasgai instrumentalak lehenestea» dela bidea: alegia, hizkuntzak, matematika eta zientzia. Ikasgaien barruan ere gai zentralak identifikatzeko eskatu du. «Dagokion irakasle taldeak edo sail didaktikoak lehentasuna emango die ikaskuntza helburuei, edota egokitu egingo ditu curriculuma emateko egungo inguruabarretara».

4. Ikasleen arteko ezberdintasunak. Adituek ohartarazi dute egoera honetan nabarmen areagotuko direla ikasleen arteko ezberdintasunak, etxeko egoerak inoiz baino eragin handiagoa daukalako. Jaurlaritzak dio «arreta berezia» eman behar zaiela ikasle horiei, «lehentasunezkoa».

5. Uda eta datorren ikasturtea. Ez dago argi ikastetxeek aukera izango ote duten ikasturtea bukatu aurretik ateak zabaltzeko —koronabirusaren eboluzioaren araberakoa izango da hori—. Egoera horretan, eskolei eskatuko zaie «koordinazioa planifikatzea» ikasleen oraingo eta datorren ikasturteko irakasleen artean. Helburua da jarraitutasuna ematea irakaskuntza prozesuari, eta udarako lanak jartzea. «Egungo eta ondorengo mailako irakasle taldeen arteko koordinazioa planifikatzea, udako oporretarako eta irailerako errepaso eta errefortzu proposamenak diseinatzeko. Proposamen horiek modu koordinatuan egin beharko dira. Arreta berezia, ikasleak ikastetxez aldatzen badira».

6. Eskolak irekitzea. Ekainean ikasgelak zabaltzeko aukera mahai gainean jarri du Uriartek: «Nik ez dut itxaropena galtzen». Jakinarazi du sailak prest duela eskolak berriro zabaltzeko planteamendu bat, eta lau ikasmaila lehenetsiko dituzte: DBHko laugarrena, Batxilergoko biak, eta Lanbide Heziketako lehena. Ikasmaila «kritikoak» direla azaldu du Uriartek. Edonola ere, osasun arduradunek zehaztuko dute buelta posible den ala ez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.