Zer nahi du EAEko PPk? 2008an haren presidente Maria San Gilek kargua utzi zuen, ez zetorrelako bat Mariano Rajoy PPko buruak euskal auziaz zeraman politika bigunarekin. Orain Arantza Quirogak utzi du, bizikidetzaren arloan alderdikideek-eta ezker abertzalearen posizioetara gerturatu dela leporatuta.
1989an sortu zuten Espainiako PP, APren oinordeko moduan, eta Jose Eugenio Azpiroz izan zen EAEko haren lehen presidentea. %5ean zebilen orduan AP Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan, eta 1990ean erkidegoko PPko presidentetza Jaime Mayor Orejak hartu zuenetik 2001 arte goraka joan zen: 1990eko bozetan, sei legebiltzarkide; 1994koetan, 11; 1998koetan, hamasei; eta 2001ekoetan jo zuen goia, hemeretzi aulki erdietsita —326.000boto, %23,1eko babesa, parlamentuko bigarren indarra—.
Nahiz eta Mayor Orejak euskal gatazka konpontzeko elkarrizketaren aldeko imintzio bakarren bat egin zuen —«bukaera elkarrizketatua izango da, [ETAk] pistolak uzteko zalantzarik gabeko borondatea izatean»—, EAEko popularren mezua bakarra zen: Gernikako Estatutuari, muga jakinak, eta ETAren eta ezker abertzalearen aurka, bide poliziala eta judiziala. EAJrekiko traturen batzuk eta ETArekin Suitzan egindako bilera bat salbu, Jose Maria Aznar PPko nagusiaren Moncloako agintaldian (1996-2004) islatu zen hori: 1997an, HBko Mahai Nazionala kartzelara; 1998an, Egin itxi; 2002an, Alderdien Legea; 2003an, Egunkaria itxi... EAEko PPren hirugarren presidentea epe berean egon zen karguan: Carlos Iturgaitz. Mayor Orejaren sokakoa zen. 1996tik 2001era Barne ministro izan zen Oreja, baina Madrildik kontrolatzen zuenhura. Maria San Gilek hartu zion lekukoa Iturgaitzi.
Batik bat, 2008tik aurrera hasi ziren EAEko PPko urak nahasten. 2004an bezala, alderdiak Espainiako hauteskundeak galdu egin zituen orduan, eta barne tentsioak agertu ziren. 2008ko bozen osterako antolatu zuten kongresua, alderdiak ildo berri bati eusteko. San Gil zen txosten politikoaren egileetakoa, baina biltzarra baino hilabete bat lehenago EAEko presidentetzatik dimisioa eman zuen. Hark zioenez, kongresurako «Espainia handiaren» ideia indartzeko txostena idazten ari zen, baina Rajoyk berak «ezbaian» jarri zion nazioaren kontzeptua. Gainera, San Gilek PPko agintari nagusiak, Moncloa buruan, prest ikusten zituen abertzaleekin negoziatzeko. Euskal Herrian ustez duten «amesgaiztoa» onartu izana ere egotzi izan die. Haren aldeko berrehunen bat zalek elkarretaratze bat egin zuten Madrilen, PPren egoitzaren atarian, Rajoyren dimisioa eskatzeko. «Mariaz akordatzen naiz», zioen Mayor Orejak 2008ko kongresuan. San Gilek bere burua haren «adoptatutako alaba» moduan ikusten zuen. Diskurtso bera zuten.
Beheraka
Antonio Basagoitik hartu zuen EAEko PPko buruzagitza 2008an. «Euskadin zenbat eta PP gehiago, orduan eta txorakeria gutxiago», esaten zuen. Baina PP gero eta gutxiago zen erkidegoan; 2005ean San Gilekin hamabost legebiltzarkide lotu zituzten —210.000 boto—, eta 2009an Basagoitirekin, hamahiru —146.000 boto—. Garaipen bat, baina, erdietsi zuten orduan: Patxi Lopez (PSE-EE) babestuta, EAJri aurreneko aldiz eragoztea lehendakaritza hartzea. Ezker abertzalearen legez kanporatzeaz baliatu ziren. 2012ko maiatzean PSE-PP akordioa hautsitzat eman zuen Basagoitik, agenda autonomikoa berak erabakitzen zuela adierazi nahian bezala. «Lopezek irmotasun falta du ezker abertzalearen aurrean». 2012ko bozetan berriro behera egin zuten, Rajoy 2011ko hondarretik Moncloan zen arren: 130.000 boto eta hamar legebiltzarkide Gasteizen; sortu zenetik, bigarren gutxien. Krisia. Basagoiti 2013an kalera—Mexikora, Banco Santanderrera—, eta Quiroga presidente.
ETAren «terrorismoaren biktimek arrazoi dute beti»; hori izan da PPren lelo nagusietakoa. Nolabait, hortik etorri da krisia orain EAEko adarrean: Quirogak hil honen hasieran legebiltzarrean Askatasunerako eta Bizikidetzarako lantalde bat sortzea proposatu zuen, baketzean «abiapuntu berria» ezartzeaz aritu zen, eta «terrorismoaren» aurkako hitzak leuntzeaz. Ezetz esan zioten Madrildik, bai PPk, bai AVTk. Quiroga zen orain biguna.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 2.627 zinegotzietatik 79 dituzte; hiru alkate —hirurak Araban; udalerri txikiak—; 153 batzarkideetatik, hamazazpi; maiatzeko bozetan, 102.000 boto; 75 legebiltzarkideetatik, hamar. Euskal instituzioetan eskas da PP, eta hori, hemen UPDk eta Ciudadanosek ez dutela arrakastarik izan. Gizartean, berriz, bazterrean da.
EAEko PP. Presidenteak
Itxia izatearen biktima
Euskal Herriko egoera politikoari tamaina ezin hartuta segitzen du EAEko PPk, Quirogaren dimisioarekin ikusi den bezala. San Gilek, berriz, bestelako jarrera bat izateagatik utzi zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu