Itxi ostean Zumarragako Arcelor Mittalen zabortegian zaborra bota dutela aitortu du Jaurlaritzak

Enpresari uztailaren 31ra arteko epea eman dio zabor hori kentzeko eta lixibiatu kutsadura konpontzeko. Atzemandako irregulartasunei buruz galdera egin dio EH Bilduk Tapiari

Legez kanpo pilatutako hondakinak, Zumarragako Arcelor Mittalen zabortegian. BERRIA.
inaki petxarroman
2023ko martxoaren 4a
00:00
Entzun
Itxi ostean Zumarragako zabortegian baimenik gabe botatako altzairu errautsak eta bestelako industria hondakinak inpermeabilizatutako ziega batean konfinatzeko proposamena egin dio Arcelor Mittalek Jaurlaritzako Ingurumen Iraunkortasun Sailburuordetzari. Hori egin dezan, ingurumen baimen bateratuaren aldaketa «ez-funtsezkoa» onetsi dio Jaurlaritzak, eta obra horiek uztailaren 31ra arte egiteko epea eman dio enpresari.

Hain justu ere, iazko azaroan Eusko Jaurlaritzak ingurumen ikuskaritza bat egin zuen Zumarragako zabortegian, eta ondorioztatu zuen instalazioak itxi ostean ere hondakinak pilatu dituztela bertan. «Txosten honetan agerian geratu da zabortegiaren goiko aldean dagoen hasierako egoera ez dela zabortegia zigilatzeko planoetan adierazitako bera, zabortegiaren goiko aldean hondakin pakete bat agertu baita, eta lurrazaleko urak drainatzeko sistema operatibo bat ez baitago». Egoera hori zuzentzeko plan bat aurkezteko agindu zion Jaurlaritzak Arcelor Mittali, eta halaxe egin du enpresak.

Gutxienez 2021eko martxotik 2022ko martxora arte jardun ziren itxitako Zumarragako zabortegi horretan Olaberriko fabrikako altzairu errautsak botatzen. Instalazioa 2016an itxi zuten. Zabortegian zegoen egonkortasun arazo larria agerian utzi zuten Jaurlaritzako teknikariek azken urteotan egindako ikuskaritzetan. Hainbat errekerimendu egin zizkioten horren harira, atzemandako akatsak konpontzeko. Azkena, iazko azaroan.

Bada, orduko bisitan egindako ohartarazpenari erantzunez, abenduaren 23an aurkeztu zion Arcelor Mittalek Jaurlaritzari daukan plana. Besteak beste, zabortegiaren goiko aldean «lurrarekin nahastuta» dauden hondakinak kenduko dituzte, eta bakarrik zigilatze proiektuan onartutako geruzaren tamaina geratzen denean utziko diote lan horri. Hondakinak inpermeabilizatutako segurtasun ziega batera eramango dituzte.

Zigilatzearen estalduran agertutako egonkortasun arazoak konpontzeko asmoa ere azaldu du Arcelor Mittalek. Estaltze geruza bat ezarriko diete egonkorrak ez diren ezponda guztiei. Lehen eta bigarren ezpondetan materialaren bidez indartuko dute geruza, 1,50 graduko segurtasun faktorea gainditu arte. Hirugarren ezpondan, berriz, indartze sare bat ezarriko dute, segurtasun faktorea handitzeko. Lurgintza ingeniaritzak egindako ikerketen arabera, zabortegiko ezponda guztietan segurtasun faktorea 1 ingurukoa da drainatze egoki batekin. Saturazio egoeran, baina, 0,89 eta 0,91 artekoa zen segurtasun faktorea bost ezpondetan. Konparazio baterako, Zaldibarko zabortegiko segurtasun faktorea 1ekoa zen amildu zenean.

Lixibiatuen iturburua

Lixibiatuen eta ur kutsatuen arazo larria dago Zumarragako zabortegian, eta hari aurre egiteko lanak egiteko asmoa ere agertu dio enpresak Jaurlaritzari, gobernuak horri heltzeko egin zion eskaerari erantzunez. Drainatze sarea hobetu eta garbituko duela iragarri du enpresak, eta harri lubetaren bidea aldatuko duela. Izan ere, bertan izan diren mugimenduen ondorioz, urak iragazi dira saretik kanpo.

Bidenabar, lixibiatuen iturburua jaso eta ixteko asmoa dute, euri urekin batera nahasten ari baitira. Goiko plataformako eskorien multzoan atzeman dute isuri nagusia, eta, handik, euri uren drainatze sistematik isurtzen da behera. Iturburu horretako lixibiatuak jaso eta «mendebaldeko biltzailera» bideratzen saiatuko dira. PEAD geomintzaren eta estaltze lurren arteko migrazioak eragozteko, ingurua hesituko dute «egungoarekin estrusionatutako beste PEAD geomintz» batekin. Enpresak aitortu du bi lixibiatu iturburu daudela. Batek zigilatutako zabortegian du jatorria, eta besteak, «balorizazio plataforman».

Halaber, harri lubeta indartzeko plana ere azaldu dio Arcelor Mittalek Jaurlaritzari, haren segurtasuna handitzeko. Lehen aldia da enpresak aitortzen duena zabortegiak lixibiatu kutsadura arazo bat duela. Bestalde, indartze obra horietan erabiliko duten materiala ere zehaztu du: 2.200 metro kubiko lur garbi, 4.150 metro kubiko harri lubeta sendotzeko. Horretan ere 4.000 eta 6.500 metro kubiko altzairu eskoria erabili nahi dituzte. Eta, azkenik, 2.500 ea 5.000 metro kubiko hondakin artean baliatuko lituzkete zeregin berean.

EH Bilduk, galdera Tapiari

Zumarragako zabortegian azken hilabete eta urteetan atzeman dituzten «irregulartasunak» direla eta, kezkatuta agertu da EH Bildu, eta Arcelor Mittalek eta Urretxu-Zumarraga Bizi plataformak Eusko Legebiltzarrean gaiaz hitz egiteko eskaera erregistratu zuen herenegun. Halaber, dokumentazio hau ere eskatu du: titularrak igorritako agiriak eta kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Bateratuaren Zerbitzu Teknikoen analisiaren txostena.

Halaber, idatziz erantzuteko hainbat galdera egin dizkio Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuari. Besteak beste, EH Bilduk jakin nahi du ea gobernuakzigor prozedurarik martxan jarri duen zabortegian atzemandako jarduera irregularrak direla eta. Halaber, koalizio abertzaleak adierazi du zalantzak eragin dizkiola Jaurlaritzak onartutako ingurumen baimen bateratuaren aldaketa «ez-funtsezkotzat» jotzeak. Obrak egiteko moduez ere kezka du EH Bilduk: besteak beste, benetan bermatuta egongo ote den kutsatu gabe daudela harri lubeta indartzeko erabili nahi dituzten zabortegiko lurrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.