Epaile batek artxibatu egin du Tuterako (Nafarroa) Jesuiten ikastetxeko ikasle ohi batek salatutako sexu erasoa ikertzeko auzia, aski froga ez dagoelakoan. Noticias de Navarra egunkariak jakinarazi duenez, Tuterako lehen Instrukzio epaileak behin-behinean artxibatu du ikastetxe horretako irakasle baten aurkako salaketagatik abiatutako ikerketa, ikasle ohiaren lekukotza «ez delako sinesgarria», haren bertsioa berresten duen bestelako lekukotzarik ez dagoelako. Epaia ez da behin betikoa, eta aldeek helegitea aurkeztu dezakete.
Jesuiten ikastetxeko ikaslea zenean irakaslea «etengabe» jazartzen zitzaiola salatu zuen neskak; salatu zuen, besteak beste, arropa estua jantzi zezala eskatu ziola, eta ukituak egin zizkiola. Cristina Fallaras kazetari eta idazle feministak sexu indarkeriaren biktimen lekukotzak jasotzeko sare sozialetan irekitako kontuan salatu zituen sexu erasoak, eta ikastetxeak horren berri eman zion fiskaltzari; hark abiatu zuen irakaslearen aurkako auzibidea.
Epailearen ustez, biktimak epailearen aurrean egindako salaketa «argia, zehatza eta anbiguotasunik gabekoa» izan zen, baina froga nahikorik ez dago, ezta haren bertsioa berresten duen bestelako lekukotzarik ere. Noticias de Navarra-ren arabera, epaileak autoan dio irakasleak ukatu egin zuela ikasleari sexu erasorik egin izana, eta tutoreak, ikasketa koordinatzaileak eta ikasketa buruak ere ukatu egin zutela ikertuak ikasleari egindako jazarpen ekintzarik ikusi eta irakasleari buruzko kexarik jaso izana.
Gainera, irakasleak ustez biktimari bidalitako posta elektronikoak auzibidetik kanpo utzi dituzte, eskolako posta korporatiboak automatikoki ezabatzen dituelako bi urte igaro ondoren. Baina, epailearen arabera, horiek aztertu zirenean ez zen jazarpenik edo jokabide hertsatzailerik antzeman.