PSOE nagusi Hego Euskal Herrian

Alderdi sozialista gailendu da. EH Bildu bigarren indarra da, eta EAJk eutsi egin dio eserlekuari. Abstentzioa %50ekoa izan da Hegoaldean. Eskuin muturra lehen indarra izan da Ipar Euskal Herriko 92 herritan, hala nola Baionan.

Idoia Mendia, botoa ematen. MIGUEL TOÑA / EFE
Idoia Mendia, botoa ematen. MIGUEL TOÑA / EFE
Gurutze Izagirre Intxauspe - Ekhi Erremundegi Beloki
2024ko ekainaren 9a
20:04
Entzun

Europako Parlamenturako boz gehien Alderdi Sozialistak lortu ditu Hego Euskal Herrian: 300.272. PSOE lehen indarra izan da Araban, Bizkaian eta Nafarroan. Bigarren indarra EH Bildu izan da, 276.842 boto lortuta; lehenengoz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJren aurretik geratuta, eta azken herrialde horretan lehen indarra izanda. EAJ barnean duen CEUS koalizioa izan da hirugarren indarra, 202.864 boto lortuta. Horrenbestez, EH Bilduren azken hauteskunde zikloaren goranzko joera berretsi egin da, eta jelkideen beheranzkoa ere bai —hamar puntu egin ditu behera duela bost urteko hauteskundeekin alderatuta: botoen %27,9 lortu zituen orduan, eta %18 orain—. Abstentzioa %50ekoa izan da.

Idoia Mendia eta Elena Santxo europarlamentari izango dira alderdi sozialistaren ordezkari. Pernando Barrena Orain Errepublikak koalizioaren ordezkari izango da Europan, eta EAJk ere lortu du bere eserlekuari eustea Oihane Agirregoitia ordezkari duela.

Hegoaldeko laugarren indarra Alderdi Popularra izan da 172.879 boto lortuta. Javier Zarzalejos eta Antonio Lopez-Isturizek eurodiputatu izango dira. Voxek, berriz, 40.586 boto eskuratu ditu, eta Sumar eta Podemos atzetik geratu dira, 38.503 eta 36.140 boto eskuratuta, hurrenez hurren.

Pernando Barrena eta Arnaldo Otegi Iruñeko ekitaldian, gaur gauean. VILLAR LOPEZ / EFE
Pernando Barrena eta Arnaldo Otegi, Iruñeko ekitaldian. VILLAR LOPEZ / EFE

Sozialistak nagusi Araban, Bizkaian eta Nafarroan

Araban Alderdi Sozialistak irabazi ditu hauteskundeak, 36.469 boto eskuratuta. EH Bildu bigarren indarra izan da, 27.026 boto lortu baititu. PP da hirugarren, 22.351 boto lortuta, eta jelkideak laugarren geratu dira, 19.149 boto bilduta. Voxek bosgarren lekua eskuratu du 5.016 botorekin. Atzetik daude Sumar eta Podemos, 4.761 eta 4.591 boto lortuta, hurrenez hurren.

Bizkaian zein Bilbon ere alderdi sozialistak irabazi du. Bizkaian 122.255 boto lortu ditu. EAJ izan da bigarren, 117.821 boto bilduta. Hirugarren indarra EH Bildu da, 104.887 boto eskuratuta. Laugarren indarrera koxka handiagoa dago: Alderdi Popularra da, 53.72 boto lortuta. Sumar, Podemos eta Vox atzetik doaz, 15.279, 14.780 eta 12.401 boto bilduta, hurrenez hurren.

Gipuzkoan EH Bildu argi nagusitu da, 96.153 boto eskuratuta. Bigarren indarra PSOE izan da, 66.743 boto bilduta, eta hirugarrena, koxka batera EAJ, 57.651 boto eskuratuta. PPk 23.950 boto lortu ditu, eta atzetik Sumar, Podemos eta Vox, 8.437, 8.375 eta 5.925 boto lortuta. Hiriburuan PSOEk irabazi du, 20.954 boto eskuratuta. EH Bildu bigarren indarra izan da 18.184 botora, eta EAJ hirugarren indarra izan da, 13.560 botora geratuta. Herrialdean, Albizturren eta Hondarribian baino ez du irabazi EAJk. PSE-EEk, hiriburuan ez ezik, Irunen, Zumarragan eta Eibarren ere irabazi du. Gainerako herri guztietan EH Bildu gailendu da.

Nafarroan Alderdi Sozialista nagusitu da, 74.861 boto lortu baititu, eta 2.005 botora geratu da Alderdi Popularra. EH Bildu hirugarren indarra izan da, 48.762 boto eskuratuta. Vox, Sumar eta Podemos geratu dira atzetik, 17.238, 10.017 eta 8.394 boto bilduta, hurrenez hurren. Horien atzetik geratu da CEUS koaliziopean Geroa Bai, 8.241 boto lortuta. Iruñean PPk irabazi du, eta Alderdi Sozialista 4.000 botora geratu da, bigarren. Hirugarren indarra EH Bildu izan da, 15.898 boto eskuratuta. Nabarmentzekoa da EAJren emaitza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; 194.504 boto lortuta, jeltzaleen inoizko emaitzarik txarrenak dira. 201.809 bototan zuen EAJk zorua, 1989ko Europako hauteskundeetan ezarria.

CEUS, erdira

Duela bost urteko Europako Parlamenturako bozetan lehen indarra izan zen CEUS, 406.197 boto lortuta. Alderdi Sozialista bigarren indarra izan zen, 305.630 boto bilduta. Eta hirugarren, Orain Errepublika, 300.191 boto eskuratuta. Handik bost urtera, irauli egin dira emaitzak. Alderdi Sozialista lehen indarra izan da, 300.000 boto lortu baititu. Bigarrena, Orain Errepublika, 25.000 boto gutxiagorekin, eta hirugarren geratu da CEUS duela bost urteko boto kopuruen erdia lortuta, 202.000 boto.

Iparraldean Batasun Nazionala nagusi

Eskuin muturra da lehen indarra Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herri anitzetan. Pirinio Atlantikoetako prefeturak jakinarazi dituen emaitzen arabera, 92 herritan gailendu da Batasun Nazionala. Horien artean dira hainbat herri nagusi, hala nola Baiona, Angelu, Donibane Lohizune, Senpere, Uztaritze, Kanbo eta Hazparne. Rennaissance izan da lehen indarra Donibane Garazin, eta PS-Place, Publique Maulen. Herritarren %53,67k parte hartu dute.

Orotara, 29.529 boto lortu ditu Batasun Nazionalak Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan. Emmanuel Macron Frantziako presidentearen Rennaissance alderdia iritsi da ondoren, 22.190 boto lortuta, eta PS-Place Publique zerrendak 21.508 boto bildu ditu.

Apalago gelditu dira gainerako zerrendak: Jean Lassalle diputatu ohia buru zuen Landa Aliantzak, eta 10.147 boto eskuratu ditu; Errepublikanoek, 9.207 boto, eta Europa Ekologiak, 8.899 boto. Frantzia Intsumisoak, azkenik, 7.517 herritarren babesa izan du.

Eric Zemmour eskuin muturreko polemistaren zerrenda eta Frantziako Alderdi Komunista iritsi dira ondoren, hurrenez hurren, 7.369 eta 3.233 boto eskuratuta.

Euskal Herriko zazpi lurraldeetan elkarrekin bozkatu dute dozenaka herritarrek Europako Parlamenturako hauteskundeetan. 18:00etarako itxi dituzte hauteslekuak Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoan, eta 20:00 bukatu zaie bozkatzeko aukera Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan. Bestelako gorabeherarik gabe iragan da bozka eguna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.