Espainiako Auzitegi Nazionaleko 3. Zigor Aretoak erabaki du Itxaso Zaldua euskal preso ohia ez espetxeratzea, fiskaltzaren eta AVT elkartearen eskaerei kontra eginda. Auzitegiak 110 urteko espetxe zigorra ezarri zion aurreko astean Zalduari, baina ebazpena ez da irmoa, errekurtsoa aurkezteko aukera baitago.
Ebazpenean, Zalduak aske jarraitzearen alde egin du auzitegiak, baina Espainiako Estatutik ateratzeko debekua ezarrita. Epaimahaiaren esanetan, zigor horretan oinarrituz ezin da zuzenean ondorioztatu ihes egiteko arriskua dagoenik, erabakia ez baita irmoa. Halaber, epaimahaiak nabarmendu du Zaldua eskatu zaion aldi guztietan joan dela auzitegietara, eta Euskal Herrian errotuta dagoela, bertan baititu lana eta familia. Era berean, gogoratu du ETA deseginda dagoela.
Auzitegi Nazionalaren ebazpenean Itxaso Zalduari egozten diote ETAk 2002an Zaragozan eta Nafarroan egindako hiru ekintzatan parte hartzea. Hala, 110 urteko zigorra ezarri zion ostiralean. Zigorraren gogortasuna kontuan izanik, fiskaltzak eta AVTk —akusazio partikularra da— uste dute Zalduak ihes egiteko arriskua dagoela, eta hura espetxeratzeko eskatu zuten, ebazpena behin betikoa ez den arren.
Kontrara, EFE albiste agentziaren arabera, Zalduaren defentsak adierazi zuen ez dagoela arrazoirik ihes egingo duela pentsatzeko. Argudiatu zuen Zalduak ez zuela ihes egin ebazpenaren berri izan ondoren, eta aurrez bere aurka izandako beste prozesuetan ere ez zuela halako erabakirik hartu.
Izan ere, hau ez da Auzitegi Nazionalean Zalduaren aurka egin den epaiketa bakarra. Aurrez, Manuel Gimenez Aragoiko PPko presidente ohiaren hilketan parte hartu izana leporatuta epaitu zuten, 2001ean, baina auzitegiak absolbitu egin zuen. Auzi horri lotuta, 2020an atxilotu egin zuten, Hernanin (Gipuzkoa), eta behin-behinean preso egon zen 2023ra arte.
Alabaina, Itxaso Zaldua preso egona da horren aurretik ere. 2005ean ere atxilotu zuten, Frantzian, eta hamabi urteko espetxe zigorra bete zuen han, ETAko kide izatea egotzita.