«Ezinezkoa izango da Uxue Barkos ordezkatzea». Barkos Nafarroako senatari autonomiko izendatua izan ostean, Itxaso Soto Diaz de Ceriori egokitu zaio hark Nafarroako Parlamentuan utzitako hutsunea betetzea. Geroa Bai taldeko zazpigarren parlamentaria izango da. Pablo Azkona izango da taldeko eledun, eta Maria Solana, berriz, alboko eleduna.
Kargu-hartze ekitaldia xumea bezain laburra izan da. Hiru minutu iraun du, eta talde guztietako ordezkariak elkartu dira areto instituzionalean. Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak zuzendu du ekitaldia, mahaiko beste lau ordezkariek lagundurik.
Ikusi gehiago:Uxue Barkos hautatu dute senatari autonomiko
Euskaraz zein gazteleraz egin du zin, hitzok adierazita. «Hitzematen dut foru araubidea beti errespetatuko dudala, Konstituzioari eta legeei men egingo diedala eta foru parlamentari karguari dagozkion eginbeharrak zintzo beteko ditudala».
Itxaso Soto Iruñean jaio zen, 1990ean, eta Zizur Nagusian bizi da. Pedagogia ikasketak eginak ditu, baina azken urteetan enpresa munduan aritu da giza baliabideen atalean. Hain zuzen, masterra eskuratua du giza baliabideen zuzendaritzari eta lan arriskuen prebentzioari dagokienez.
Geroa Sozialberdeak alderdiak proposatuta, hamargarren postuan aurkeztu zen Geroa Bairen foru hauteskundeetako zerrendan. Haren aurretik, bederatzigarren postuan Rafa Eraso zegoen, baina arrazoi pertsonalen ondorioz uko egin dio parlamentari izateari.
Lehen aldiz arretagunean egotearen ondorioz apur bat urduri sumatu bazaio ere, ilusioz hartu du kargua: «Gogo handiz hartzen dut, eta lan egiten hasteko irrikan nago. Erantzukizun handia da», onartu du Sotok. Ohoretzat hartu du Barkosen lekukoa hartzea. «Parlamentari itzela da. Hark bezala lan egitea espero dut». Euskara ikasten ari da.
Beste lau aldaketa
Sotoren izendapenarekin, ematen du amaitu direla legealdi hasierako mugimenduak. Izan ere, Barkosen aurretik, beste lau parlamentarik utzi zuten ganbera, eta gobernura joan. Adibidez, Geroa Baiko Javi Arakama Euskarabideko zuzendari izendatu zuten; Begoña Alfaro Zurekin Nafarroako zerrendaburua Gobernuko hirugarren presidenteorde da, baita Etxebizitza kontseilari ere. PSNri dagokionez, Jorge Agirre Nafarroako Kirol Institutuko zuzendari da, eta Jesus Mari Rodriguez, Tokiko Administrazioko eta Despopulazioko zuzendari.
Haiek utzitako tokia beste lau parlamentarik bete zuten irailaren 8an. Geroa Baiko zerrendatan zortzigarren zihoanak, Isabel Aranburuk, hartu zuen Arakamaren lekukoa —aurreko legealdian parlamentari izan zen—. Gainerakoak berriak dira. Miguel Garrido izango da Zurekin Nafarroako hirugarren parlamentaria, eta Carlos Menak eta Ibai Crespok osatuko dute PSNren taldea.