IRUÑEA. Uxue Barkos Nafarroako senatari autonomiko izendatua izan ostean, Itxaso Soto Diaz de Zeriori egokitu zaio hark Nafarroako Parlamentuan utzitako lekua betetzea. Geroa Baiko zazpigarren parlamentaria izango da. Pablo Azkona izango da taldeko eledun, eta Maria Solana, berriz, alboko eleduna.
Kargua hartzeko ekitaldia xumea bezain laburra izan zen. Hiru minutu iraun zuen, eta talde guztietako ordezkariak elkartu ziren areto instituzionalean. Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak zuzendu zuen ekitaldia, mahaiko beste lau ordezkariek lagundurik. Euskaraz eta gazteleraz egin zuen zin: «Hitzematen dut foru araubidea beti errespetatuko dudala, Konstituzioari eta legeei men egingo diedala eta foru parlamentari karguari dagozkion eginbeharrak zintzo beteko ditudala».
Soto Iruñean jaio zen, 1990. urtean, eta Zizur Nagusian bizi da. Pedagogia ikasketak eginak ditu, baina azken urteetan enpresa munduan aritu da giza baliabideen arloan.
Itxaso Soto, Geroa Baiko parlamentari Barkosen ordez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu