Itxaso Atutxak uko egin dio EAJren BBBko presidentetzarako hautagai izateari, eta jardun politikoa utziko du

Bizkaiko jeltzaleen buruak adierazi du azaroaren 23ko lurralde batzarrean amaituko duela bere «jarduera politiko publikoa».

Itxaso Atutxa, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Itxaso Atutxa, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Aitor Biain, Iosu Alberdi
2024ko urriaren 9a
09:45
Entzun

EAJren lema hartzeko hautagai nagusietako bat izan da urteetan Itxaso Atutxa. Haren izena kiniela guztietan agertu da azken urteetan. Andoni Ortuzarren ordezko natural gisa jo izan baitute askok, alderdi jeltzalearen adar nagusiaren buru izan baita azken ia hamabi urteetan: Bizkai Buru Batzarrarena. Gaur iragarri du, ordea, ez duela kargu horretan segituko, eta bere ibilbide politikoa «amaitutzat» emango duela: «Azaroaren 23an egingo da Bizkaiko lurralde batzarra, eta amaitutzat emango ditut Bizkai Buru Batzarraren gidaritzan egindako etapa eta nire jarduera politiko publikoak».

Atutxa 2013ko otsailean izendatu zuten EAJren BBBko presidente; Ortuzar bera ordezkatu zuen karguan, hain justu ere. EAJ barruan horren kargu garrantzitsura iritsi den lehen emakumea izan da. Hiru agintaldi egin ditu ardura horretan, eta ia hamabi urteko ibilbidean «higadura pertsonal handia» jasan duela azaldu du Atutxak Onda Vasca irratian egin dioten elkarrizketan. Gogoratu du tarte horretan hamahiru hauteskunde egin direla, eta horrek zailtasunak ekarri dizkiela gauzak lasai egiteko.

Haren agintaldia, ordea, diskretua bezain itzal luzekoa izan da. Ez alferrik, haren eskutik etorri dira alderdiaren Bizkaiko adarreko aldaketarik handienak eta esanguratsuenak. Izan ere, batetik, Bizkaiko diputatu nagusien erreleboak zehaztea egokitu zitzaion: Unai Rementeriarena, 2015ean, eta Elixabete Etxanoberena, 2023an. Eta, bestetik, Bilboko alkatetzan hamabost urte egin zituen Iñaki Azkunaren ordezkoa izendatzea ere hari egokitu zitzaion: Ibon Areso lehenik, eta Juan Mari Aburto gero.

Lehen indarra izateari ez ezik, aginteari eustea ere lortu du urte hauetan guztietan, hala Bizkaiko Foru Aldundian, nola Bilboko Udalean nahiz lurraldeko udalerri gehientsuenetan. Baina boto joerari dagokionez, gorabeherak izan ditu, urteetako nagusigoari pitzadurak sortzeraino. Izan ere, inoizko emaitzarik onenak atzean utzi eta beheranzko joera nabarmena du orain EAJk Bizkaian, haren ohiko boto biltegian.

Iazko udal bozetan %23,6ko boto galera izan zuen alderdi jeltzaleak, eta, horren ondorioz, eskura zituen hainbat alkatetza galdu zituen. Askatu gabeko korapiloa da, hain justu ere, Gernikako alkatetzarena. EAJk Jose Maria Gorroñok gidatutako Denontzako Herria plataformarekin akordioa egin zuen aginte makila haren esku uzteko, baina baldintza batekin: bi hilabeteko epean Iñaki Gorroño anaiari eskualdatzea. Ia urtea igaro da ordutik, ordea, eta agintean segitzen du oraindik ere, EAJrekin zuen akordioa hautsita.

Etapa bat «osatu»

Datorren azaroaren 23an utziko du kargua Atutxak, egun horretan egingo baita Bizkaiko lurralde batzarra. Horrekin batera, politikaren lehen lerrotik aldenduko da. Hori, baina, amaitzear den «etapa» bat dela azaldu du: «Bizitzan osatzen diren etapak daude, arlo profesionalean zein pertsonalean». Halere, ez du ziklo amaiera batekin lotu nahi izan bere ibilbidearen amaiera. Horren ordez, etapa bat «osatu» dela adierazi du, eta hurrengo BBBk egokitzeko tartea izango duela gehitu, ezusterik ezean ez baita hauteskunderik izango datozen hiru urteetan. «Garai egokia da nik etapa bat amaitu eta norbait gidaritzan jartzeko, gogoz eta ilusioz».

Bizi osoa eman du politikari lotuta. Esan izan du EAJrekin duen harremana «sehaskatik» datorkiola—1984an sartu zen alderdian—, nahiz eta Bizkai Buru Batzarreko buruzagi izendatu arte inoiz ez zuen kargu politiko profesionalik izan ez erakundeetan, ez alderdi barruan. Hala ere, EAJren Aberri Batzarreko kide eta Zeberioko Udaleko alkateorde izan zen hainbat urtez. Emakundeko zuzendaritza taldeko kide ere izan zen, Eusko Legebiltzarrak hala izendatuta, baita Sabino Arana fundazioaren presidenteordea ere.

Orain, bere ogibide izandakora itzultzeko asmoa azaldu du, bere lan ibilbidea han amaitzeko. Ikus-entzunezkoen munduan aritua da Atutxa; lehenik, EITBn, eta gero Bizkaiko Ikus-entzunezkoen Elkartean eta 3Koma produkzio etxean. Jardun politiko publikoa utzita ere, ez du politika uzteko asmorik, eta adierazi du EAJko kide izango dela aurrerantzean ere: «Ez dut politika inoiz utziko. Politikan sinesten dut».

Ordezko izenik ez

EAJk urriaren 17an ekingo dio haren lurralde egiturak berritzeko prozesuari, eta hura amaitzean berriak izango dira Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako buruzagiak. Izan ere, Bizkaian soilik ez, aldaketak espero dira Araban eta Gipuzkoan ere, Jose Antonio Susok ere iragarri baitzuen ez duela ABBn jarraituko, eta Joseba Egibarrek ere iradoki baitzuen erabaki bera hartuko duela. Horien ordezkoak azaroaren 23an eta 24an aukeratuko dituzte. Izan ere, asteburu horretan egingo dituzte EAJren bost herrialde batzarretako zuzendaritzetako kideak aukeratzeko bilkurak.

Atutxak ez du esan haren lekua nork hartuko ote duen, eta adierazi du badirela horretarako zenbait hautagai. «Izen dezente okurritzen zaizkit. Zeberioko alderdikide gisa, dauden proposamenen artean bozkatuko dut», azaldu du, eta gehitu espero duela prozesua arazorik gabe egitea.

Ikusteko dago, halaber, zer gertatuko den EBBko presidentetzarekin. Prozesu hori behin herrialde buru batzarrak zehaztuta hasiko da, eta Andoni Ortuzarrek ez du baieztatu karguan jarraituko duen. Gaiaz galdetuta, Atutxak Ortuzarren ibilbidea goraipatu du, eta adierazi du «gogotsu eta indartsu» ikusten duela, eta etorkizunera begira aukera guztiak mahai gainean egon daitezkeela. Etorkizun hori martxoaren 29ko eta 30eko asteburuan zehaztuko da, orduan egingo baitute alderdiaren IX. Batzar Nagusia, Donostian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.