Itxarote zerrendak «asaldagarri» jo ditu gobernuak, eta plan bat iragarri

Agintaldian pribatizaziorik ez egiteko hitza eman du kontseilariak; egindakoak aztertzen hasi dira

Fernando Dominguez, Nafarroako Osasun kontseilaria, atzo, parlamentuan, agintaldiko ildoen berri ematen. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
2015eko irailaren 16a
00:00
Entzun
Ahultze bidean aurkitu du osasun sistema publikoa Nafarroako Osasun kontseilari Fernando Dominguezek. «Lidergoa galdu du». Azken asteetan, Osasunbidea zertan den aztertzen aritu dira, eta ondorioztatu dute azken urteetan atzerapausoak bistakoak izan direla, bereziki azken legealdian, Marta Bera kontseilari zela. Dominguezek iragarri du txosten bat prestatzen hasi dela egungo egoeraz eta hurrengo urteetarako bide orriaz.

Parlamentuan izan zen sailburua atzo, agintaldiko ildoen berri ematen. Zehaztasun handietan ez zen sartu. Itun programatikoan zehaztutako bideari segituz, ardatz nagusi hauek zehaztu zituen:

KUDEAKETA

Osasun helburuak ardatz

Azken urteetan «egiturazko arazoak» sortu direla ohartarazi du Dominguezek, eta horrek eragina duela Osasunbidearen jardunean: zuzendaritzan izandako istiluak —dimisioak tartean—, kudeaketa okerra... Ikuspegi arazo bat sumatu du: diruari begiratu ziotela osasun helburuei baino gehiago. Kudeaketa eredua aldatu nahi dute, horrenbestez. Batetik, prebentzioari emango diote pisua, ez «eredu asistentzialista» soilari; bide beretik, oinarrizko zerbitzua indartu asmo dute, osasun etxeetakoa. Bestetik, pazienteak «erdigunean» jarri nahi dituzte; besteak beste, nork bere burua zaintzearen garrantziaz ohartaraziko dute, eta osasun karpeta Internetez kontsultatzeko aukera hedatu.

ITXAROTE ZERRENDAK

51.700 lagun, zain

Egoera «asaldagarria» da, kontseilariak ohartarazi duenez: osasun zerbitzua jasotzeko zain daude 51.700 nafar. Batez beste, gainera, 54 egunekoa da itxaronaldia. 2011ko kopuruen ia bikoitza. Plan bat iragarri du Dominguezek, hiru oinarrirekin: oinarrizko zerbitzuen eta espezializatuen arteko zirkuitua hobetzea, horrela paziente gutxiago bideratuko direlakoan; lehentasunak jartzea listetan; eta baliabideak «optimizatzea», adibidez, ebakuntza gelak arratsaldez ere irekita. Ez du baztertu aparteko orduak ezartzea, nahiz eta gai horrekin kontuz jokatu behar dela azaldu duen.

PRIBATIZAZIOAK

Atzera egitea aztergai

Osasun Departamentuaren ardatza sistema publikoa izango dela nabarmendu du kontseilariak, eta agindu du pribatizaziorik ez duela egingo agintaldian. Aurkakoa: aztertzen hasi da UPNren gobernuetan egindako pribatizazio batzuk bertan behera uztea. Azterketa «teknikoak, ekonomikoak eta juridikoak» ari dira egiten. Sukalde zerbitzua legoke tartean; aurreko agintaldian pribatizatu zuten, eta salaketa ugari jaso ditu gobernuak, zerbitzu eskasagatik.

Klinika pribatuekin egindako itunak ere berrikusiko dituzte.

ABORTUA

Eragozle bakarra listan

Akordio programatikoan dago: abortuak Osasunbidean egingo dituzte. Orain arte, beste erkidego batzuetara edo klinika pribatuetara joan behar izan dute andreek, gobernuak ez zuelako biderik jartzen, nahiz eta legeak hori zehaztu. Eperik ez du jarri kontseilariak, baina berretsi du aldatuko dutela hori. UPNk kezka agertu du, kontzientzia eragozleekin. Datu argigarria eman du Dominguezek: sendagile bakarra dago kontzientzia eragozleen zerrendan. Hala ere, badaezpada, langileei gogorarazi diete aukera dutela listan sartzeko. Zerbitzua Osasunbidean ematea «normalena» dela dio kontseilariak, UPNk erabaki «ideologikotzat» jo eta gero.

Bestalde, iragarri du ernalkuntza lagundurako zerbitzua izango dutela «egoera zibil eta sexu joera guztietako herritarrek»; hots, bikotekiderik gabeko andreek eta lesbianek ere izango dute aukera.

EUSKARA

Zirkuitu elebidunak

Zerbitzu «ahalik eta gehiena» euskaraz emateko asmoa agertu du kontseilariak. Ez da aparteko zehaztasunetan sartu, baina iragarri ditu bi jardunbide. Batetik, lantaldea aztertuko dute, euskaraz jarduteko gai diren langileak; bestetik, «zirkuitu elebidunak» sortzeko asmoa dute, euskaraz zerbitzua jaso nahi dutenei hala emateko. Osakidetza, esate baterako, martxan jartzen ari da halakoak, euskara planean erabakita.

AURREKONTUA

«Arrazoizko igoera bat»

Azken urteetan Nafarroan osasun publikora aurrekontu eskasegia bideratu dela uste du kontseilariak, eta, areago, bideratzeko era ez dela egokia izan. Planifikaziora lotuago egongo den eredua nahi du, eta diru gehiago. «Arrazoizko igoera bat» espero du. Egoerari eta aurreikuspenei buruz txostena egiten ari da, eta hor zehaztuko du diru aldetik zer behar dauden.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.