Eusko Jaurlaritza Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kartzelen kudeaketa bere gain hartzekoa da datorren urriaren 1ean, eta horrek euskal presoen etxeratzea «asko» azkartu dezakeela uste du Sareko bozeramaile Inaxio Oiarzabalek. «Baina ez dakigu praktikan nola gauzatuko den. Ikusteko dago». Patricia Velez Etxerat-eko eledunak ere «zuhurra» izan nahi du adierazpenetan. Nolanahi ere, itxaropentsu ere badaude, Espainiako Espetxe Erakundeak gero eta euskal preso gehiago lekualdatzen ari direlako Euskal Herriko espetxeetara. Presoen eskubideen aldeko plataformakoa eta euskal presoen senideen elkartekoa Hamaika Gara dinamikak eta BERRIAk antolatutako Espetxe politika: aro berria, oztopoak eta transferentziak mahai inguruan mintzatu ziren, atzo, Ion Telleria kazetariaren gidaritzapean.
[YouTube]https://youtu.be/ms_v2VfVOHQ[/YouTube]
2018an Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente izendatu aurreko zortzi urteak «immobilismo mingarri batek» ezaugarritu zituen, Velezen esanetan. Gogoratu zuen Sanchezek adierazi zuela, Moncloara iritsi berritan, salbuespenezko espetxe politika bukatuko zuela —34 urte daramatza indarrean—. «Norabide onean doaz gauzak, baina ez dugu ulertzen zergatik ez dauden [euskal preso] denak Euskal Herriko espetxeetan». Biek nabarmendu zuten azken hilabeteetan presoen eskubideei dagokienez emandako aurrerapauso garrantzitsuenetako bat izan dela ezarri izan dizkieten bakartzeak amaitzea. Gainera, lehen graduak «atzean uzteko atarian» dira, Oiarzabalen hitzetan: «Horrek salbuespen legedi batetik legedi arruntera igarotzeko atea irekitzen du».
Eta, hain zuzen, salbuespenezko espetxe politika hizpide hartuta, datu batzuk plazaratu zituzten. Legedi arruntarekin, 168 presok «kalean» egon beharko luketela zehaztu zuen Velezek —«205 preso daude kolektiboan, horietako 50 Euskal Herrian»—, izan hirugarren gradua aplikatuta, izan baimenak baliatuta. «Legedi arruntak gizarteratzeko bide bat ematen du. Azken urteetan, hori eten zaie euskal presoei». Sarekoak eta Etxerat-ekoak azpimarratu zuten «gizarte zibilak» berak eskatu duela salbuespen legedia bertan behera uztea.
Herritarrak aipatuta, Oiarzabalek pentsatzen du instituzioek «jendarteak» baino motelago jokatu dutela adostasunak lortzerako orduan: «Egokiena litzateke biak erritmo berean joatea eta elkar elikatzea». Nolanahi ere, Velezek gogoan izan zuen «ezer» mugitzen ez zen garaia.
Aurrera begira jarrita, gatazkaren kontakizunaz galdetu zien Telleria moderatzaileak. «Zaila izango da kontakizun bakar bat edukitzea. Asko egongo dira, eta denak onartu behar ditugu», esan zuen Sarekoak. Etxerat-eko kidearen ustez, «elkar entzutea» lortu dute. «Hori ez genuen». Halere, ohartarazi zuen bakoitzak «bere prozesua» duela. «Batzuk punta batean daude, eta beste batzuk bestean».
Jaurlaritzak kudeatuko ditu Zaballako (Araba), Basauriko (Bizkaia) eta Martuteneko (Gipuzkoa) kartzelak. Espektatibak «onak» dira, Oiarzabalen arabera. «Gasteiztik [Jaurlaritzatik] askoz ere errazago kudea daitezke baldintzapeko askatasunak, gradu aldaketak, baimenak...». Baina hori guztia egiteko eta «elkarbizitzarako», beharrezkoa da «gatazkak utzitako aztarna guztiak atzean uztea», Velezen ustez. Adibide bat eman du Oiarzabalek: «Espetxe politikak sufrikarioa eragiten du, eta horrekin ezin da elkarbizitza sano bat eraiki».
Zazpi solasaldi
Otsailetik atzo arte, burujabetzari eta erabakitzeko eskubideari buruzko zazpi solasaldi antolatu dituzte Hamaika Gara-k eta BERRIAk. Atzokoa izan zen azkena.