Fronte Popular Berriak Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan izanen dituen hautagaiak aurkeztu ditu ofizialki. Baiona iparraldeko Breuer langile auzoan elkartu dira, ezkerreko indarren arteko «bateratze historikoa» goraipatzeko. Emmanuel Macron Frantziako presidenteak azken urteetan eramandako politikek «ondorio larriak» izan dituztela salatu dute, eta eskuin muturra gelditzea jarri dute lehentasun gisa. «Demokraziaren eta gizarte justu baten aldeko alternatiba plantan ezartzea baitezpadakoa da», adierazi dute. «Itxaropenaren» aldeko mezua zabaldu nahi izan diete herritarrei.
Peio Dufau 6. hautesbarrutiko hautagaiak erran du "esperantza" bozka bat direla @berriapic.twitter.com/ffVwxfWAxN
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) June 18, 2024
Frantziako ezkerrak Parisen akordioa egin ondotik, ostiralean jakinarazi zuten EH Baik Fronte Popularrarekin akordioa lortu duela. Lehen aldia da ezkerreko abertzaleek halako koalizio batean parte hartzen dutena. Hauek izanen dira Ipar Euskal Herrian Fronte Popularreko etiketa eramanen duten hautagaitzak: 4. hautesbarrutian, Iñaki Etxaniz (PS) eta Cecile Senderain; 5. hautesbarrutian, Colette Capdevielle (PS) eta Alain Iriart (EH Bai); eta 6. hautesbarrutian, Peio Dufau (EH Bai) eta Marie Hegi-Urain.
«Aldaketarako programa» bat osatu dute denen artean, eta erran dute lehentasun bat izan dela «Euskal Herriko errealitatea eta lurraldearen berezitasunak» jasotzea, horiek Parisera eramateko helburuarekin. «Egungo testuinguruak azkartu baino ez du egin azken urteotan hainbat gairen inguruan egin den lan komuna», adierazi du Etxanizek. Hala, herrian duintasunez bizitzeko eta lan egiteko guztion eskubidea defendatuko dute, eta herri laborantza sostengatuko dute. Horrez gain, euskararen koofizialtasunaren alde lan eginen dute, eta Euskararen Erakunde Publikoak «dituen erronken heineko diruztatzea» eskatuko dute.
«Ipar Euskal Herriko borrokak nire egin ditut, eta ezkerreko indar politiko guziekin lan egin dut. Elkarrizketaren bidez gauzak aitzinarazi daitezke»
IÑAKI ETXANIZFronte Popularreko hautagaia 4. hautesbarrutian
Ipar Euskal Herriaren bilakaera instituzionalaren aldeko dinamika eramanen dutela ere erran dute. Capdeviellek salatu du Macron presidente denetik ez dela aitzinamendurik izan. Elkargoetako hautetsiak sufragio unibertsalean hautatuak izatea eman du lehentasun gisa, baina departamenduen ezabatzea eta eskumenen transferentzia ere aipatu ditu. Estatus bereziko lurralde elkargo baten aldarrikapena berriz mahai gainean ezartzeko aukera ere iradoki du. Azkenik, erran dute Euskal Herriko «bake prozesuaren» alde eginen dutela ere, «bake justu eta iraunkorra segurtatzeko».
Aldarrikapen horiek Fronte Popularra integratu duten indar politiko guziek babesten dituzten galdetuta, Etxanizek onartu du desadostasunak egon daitezkeela, baina aipatu du azken bi urteetan Frantziako Asanblean izan duen esperientzia ere. «Ipar Euskal Herriko borrokak nire egin ditut, eta ezkerreko indar politiko guziekin lan egin dut. Elkarrizketaren bidez gauzak aitzinarazi daitezke». Capdeviellek baieztatu du diputatu hautatuak badira lurraldeko eragileen bozeramaile izanen direla.
Aitzinamendu sozialak
Fronte Popularreko Ipar Euskal Herriko hautagaiek bere egin dute ezkerreko indarren artean adostutako programa orokorra, baina politika orokorreko bost lehentasun landuko dituzte kanpainan. Herritarren erosahalmena bermatzeko lan egin nahi dute lehenik: gizarte laguntzak eta lansariak oro har balioztatu nahi dituzte, energiaren prezioak izoztu, gazteen autonomia handitu eta alokairuen prezioak mugatu. «Egiazko justizia sozialerako neurri fiskalak ezarriko ditugu, irabazi handiak dituztenei zergak ezarri eta aberatsenek ekarpena egin dezaten», adierazi dute.
Ekologia arloan bidea aldatzea azkartzen lagunduko dutela ere erran dute, eta horrek lagunduko duela tokian tokiko ekonomia sustatzen. Horrez gain, baliabideak ezarriko dituzte zerbitzu publiko irisgarria eta kalitatezkoa lortzeko. Irakaskuntza, osasuna, garraioak, segurtasuna eta justizia aipatu dituzte.
Azkenik, hiru erreforma «injustu» indargabetzeko engaiamendua hartu dute: erretretena, langabeziarena eta immigrazioarena.
Pereira: «Egoerak behartzen Nau»
Bosgarren hautesbarrutiko hautagaitza eskuratu zuela erran zuen ostiralean Sandra Pereira intsumisoak, baina azkenean sozialisten esku gelditu da. «Kontuan hartzen dut», adierazi du agiri batean. «Ez gaitu ezerk garaipenetik desbideratu behar». Fronte Popularra 2018tik Jean Luc Melenchon Frantzia Intsumisoko buruak bultzatutako ideia dela erran du, eta pozik direla «azkenean» entzunak izan direlako. «Bizi dugun egoera larriak behartzen nau. Borrokatuko naiz, beti bezala, eskuin muturraren kontra, eta erantzun popular, ekologiko eta sozial baten alde».