Ebola. Zientziaren erantzuna

Itxaropena, presaka

Agintariek azkartu egin dute txertoak eta botikak probatzeko prozesua, ebola zabaltzen eta hildakoen kopurua igotzen ari dela ikusita. Orain arteko emaitzak onak dira, baina lehen probak bakarrik egin dituzte.

jakes goikoetxea
2014ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Ebola ez da gaitz erakargarria izan botika enpresentzat, zenbait multinazional eta ikerketa talde ebola aspalditik ikertzen ari badira ere. Ebola, hilgarria den arren, gaitz bakartua eta bakana izan da, eta, funtsean, afrikarra. Gainera, herrialde aberatsek ez dute sentitu ebolaren mehatxurik, Hollywoodeko filmen batean izan ez bada. 1976an ebola aurkitu zutenetik, eta Afrika mendebaldeko egungo izurritea aintzat hartu gabe, mila heriotza inguru eragin dituela baieztatu dute. Gaixotasun gehienek baino askoz ere gutxiago epe horretan Afrikan.

Ez dago ebolaren kontrako txertorik, botikarik edo tratamendu eraginkorrik. Ebolaz kutsatutako hamar lagunetik bederatzi inguru hil egiten dira. Afrika mendebaldeko izurritean hamarretik sei baino gehiago dira. Gaixoak artatzen dituzten ospitaleetan gaixotasunaren ondorioak kudeatzen dituzte: kutsatuak bakartuta eta zaintzapean jartzen dituzte, 21 egunean, gaitzaren sintomak garatzen dituzten edo ez ikusteko. Garatzen badituzte, horiei aurre egiten saiatzen dira.

Orain, ordea, botika enpresek eta zenbait osasun institutu publikok, OME Osasunaren Mundu Erakundeak babestuta, lasterketa abiatu dute, txertoa lortzen —eta merkaturatzen— lehenak izateko. Bederatzi enpresa ari dira txertoak edo botikak ikertzen, garatzen eta kaleratu aurreko urratsak azkartzen. Proba epeak murrizteko eta urratsetan jauziak egiteko baimena ere eman die OMEk: txerto esperimentalak, gizaki heldu gutxi batzuetan probatu ondoren —lehen fasea—, zuzenean milaka afrikarri jartzen hasiko dira —hirugarren fasea—, Ginean, Liberian eta Sierra Leonan. Horrek ez du esan nahi emaitzak azkarrago lortuko direnik, botiken eta txertoen garapen prozesuak korapilatsuak izan ohi baitira. Eta ebola nazioarteko erakundeak, ikerketak eta botika enpresak baino askoz ere azkarrago doa.

Ebolaren kontrako txertoak probatzen ari dira, besteak beste, GlaxoSmithKline (GSK) erraldoia eta NewLink Genetics. GSKAEBetako Alergien eta Gaixotasun Infekziosoen Institutuarekin ari da elkarlanean; NewLink Genetics, Kanadako Osasun Publikoko Agentziarekin.

GSKren txertoan ebola birusaren azaleko bi proteina txertatu dituzte —proteina horiek zeluletan sartzen laguntzen diete— txinpantze baten adenobirusaren DNAn. Gizaki batean txerto hori sartuz gero, immunitate sistemak aurre egingo lioke ebolari. Gizakietan probatzen hasiak dira. Txertoak tximuak hamar hilabetean babestu ditu.

NewLink Geneticsen txertoak ere (VSV) emaitza onak izan ditu tximuetan, bai ebolaz kutsatzea saihesteko, bai kutsatuak sendatzeko. Orain gizakietan probatuko dute, bost herrialdetan.

Zalantza etikoak

GSK-k Afrika mendebaldean ebolaz kutsatutako gaixoak artatzen dituzten osasun langileak baliatu nahi ditu bere txertoa probatzeko. Ebolaz kutsatzeko arrisku handia dutenak, beraz.

Normalean, txertoak eta botikak probatzeko bi talde baliatzen dira: bati txerto esperimentala ematen diote, eta besteari, kontrol taldeari, plazeboa, txertoa eraginkorra den neurtzeko. Parte hartzaileek ez dute jakiten txertoa edo plazeboa sartu dieten. GSK-k hala egingo du ebolaren kontrako txertoaren probetan, Ripley Ballou GSK-ko ebolaren aurkako programaren arduradunak esan duenez: 2.500 lagunek jasoko dute txerto esperimentala, eta beste 2.500ek plazeboa.

Ballouk Genevan jakinarazi zituen GSKren asmoak, OMEk deituta irailaren 29an eta 30ean munduko hainbat adituk egin zuten bileran. Bileran parte hartu zuten batzuentzat, Mugarik Gabeko Medikuentzat batez ere, ez da onargarria talde bati txertoa ez ematea; beste batzuentzat, berriz, txertoa probatzeko modu azkarrena da.

Oraingoz, ebolaz kutsatzeko arriskurik ez daukaten ehunka laguni jarri diete txertoa. Segurua bada eta immunitate sisteman aurreikusitako ondorioak baditu —tximinoetan eragindakoak—, 10.000 dosi bidaliko dituzte Gineara, Liberiara eta Sierra Leonara, kutsatzeko arriskua daukaten pertsonetan probatzeko. Normalean urteak behar izaten dira urrats hori egiteko. GSK-k apirilerako espero ditu emaitzak.

Txertoak edo botikak

Baina txerto eraginkorrak lortuta ere, txertoak al dira ebolari aurre egiteko modu onena? Zenbait adituk zalantzak dituzte. Izan ere, ebolak noizean behin eragiten ditu kutsatuak eta hildakoak, leku oso mugatuetan. Beraz, zalantzan legoke txertatze kanpaina erraldoien eraginkortasuna: non, zenbat laguni... Aditu horientzat, praktikoagoa da ebola sendatzen duten botikak garatzea.

Txertoak ez baitira ebolari aurre egiteko garatzen ari diren bide bakarra. Ebolaren kontrako botikak ere ikertzen ari dira, kutsatuak sendatzeko. Afrika mendebaldeko izurriteak ezagun egin du ZMapp, Mapp Biopharmaceuticalena. Hiru antigorputzen konbinazioa da. Saguetan garatu dute, eta eraginkorra izan da rhesus makakoetan egindako probetan. Zazpi pertsonatan ere probatu dute, eta bost sendatu egin dira. Baina dosi gutxi dauzkate, eta ezin dute egin azterketa zabalik eta kontrolaturik.

ZMappaz gain, beste hainbat botika garatzen eta probatzen ari dira: Avigan (favipiravir), Fujifilm japoniarraren adar batena, saguetan eraginkorra eta zabalkunde handia izateko oso praktikoa, pilulak baitira; TKM-Ebola, Kanadako Tekmirarena, AEBetako zenbait gaixotan probatua; AVI-7537, Sareta Therapeuticsena, Pentagonoarekin batera garatua, tximuetan eraginkorra eta gizakietan probatzen hasia; eta GBV006, AEBetako Globavir Biosciencesena.

Sendatzeko, odola

Ebolari aurre egiteko beste bideetako bat ebolaz kutsatu arren bizirik atera direnen odola da: ebolaz kutsatuei sendatu direnen odola edo odol horren plasma isuraldatzea. Odol horrek ebolaren kontrako antigorputzak ditu, baina horrek ez du esan nahi sendabide eraginkorra denik. Zenbait kasutan emaitza onak izan ditu: AEBetako mediku bati sendatutako mutil baten odola sartu zioten, eta sendatu zen; medikuaren odola beste osasun langile bati sartu zioten, eta hura ere sendatu zen. Baina bai medikuak eta bai osasun langileak, odolaz gain, botika esperimentalak ere jaso zituzten, eta ez dakite arrakastaren giltza odola izan zen. Tximinoetan, odol transfusioek ez dituzte emaitza onak izan.

Horrelako sistema batek, eraginkorra izanda ere, zailtasun ugari izango lituzke Ginean, Liberian eta Sierra Leonan zabaltzeko, hango osasun sistemak oso ahulak baitira eta ez baitaukate beharrezko osasun langilerik eta azpiegitura egokirik, odola behar bezala kudeatzeko.

Txertoak eta botikak garrantzitsuak dira, baina baita ebola azkar diagnostikatzea ere. Gaur egun orduak edo egunak behar dira pertsona bat ebolaz kutsatuta dagoen ziurtatzeko. PCR prozedura korapilatsua da; ez herrialde aberatsetan; izugarri Afrika mendebaldeko herrialdeetan.

Munduko zenbait enpresa ari dira ebola azkar, erraz eta merke atzemateko kit-ak garatzen, behatzeko odol tanta batekin pertsonak ebola duen edo ez esango dutenak eta Afrikako etxalde bakartuetara iristeko modukoak. Horretan ari dira Alemaniako Senova eta AEBetako Corgenix, besteak beste. Ginean, ohiko prozeduraz gain, Alemaniako Senova enpresaren kit bat erabiltzen ari dira, haren fidagarritasuna neurtzeko. Bi edo hiru astean jasoko ditu emaitzak. AEBetako Corgenixek laster probatuko du berea, Sierra Leonan. Ebola azkar diagnostikatuz gero, gaixoak bakartu daitezke, eta ingurukoak kutsatuko ez dituztela ziurtatu. Oraingoz hori da heriotzak saihesteko modu eraginkorrena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.