Frankismoko krimenak. Argentinako kereila

Itxaropena Argentinatik

Frankismoko krimenak ikertzen ari den epailearen aurrean deklaratu dute lau euskal herritarrek Argentinan, babes zabala bildutaKereila sendotu egin dela eta, otsailean auzipetze gehiago egongo direla uste dute

Maite Asensio Lozano.
2013ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Itxaropena dute ahotan telefonoaren bestaldean. Emozioz beteriko astea egin dute Buenos Airesen: lehen aldiz epaile baten aurrean mintzatu dira frankismoak utzitako zauriez, eta entzun ez ezik, babestu eta adoretu ere egin dituzte, erakundeetan zein kalean. Pozik daude, sendotzen ari baita frankismoko krimenen aurka Argentinan hasitako kereila: oihartzun handia lortu du egunotan, eta salatzaileen zein inputatuen zerrenda luzatzea espero dute. Izan ere, «gogotsu» ikusi dute Maria Servini epailea. «Aste honek balio izan du epaileari adierazteko frankismoak eragin zuen kaltearen tamaina. Gizarte osoa jo zuen», esan du Josu Ibargutxik, Goldatuko kideak.

Euskal Herritik Andoni Txasko, Jon Arrizabalaga, Felipe Izagirre eta Mari Jose Zorroza joan dira deklaratzera, eta Herrialde Katalanetatik eta Espainiatik abiatutako kereila jartzaileak ere izan dituzte bidaide. Hamahiru biktima guztira. «Nik ez nituen denak ezagutzen, eta haien saminaren berri izatea oso hunkigarria izan da, gogorra. Kasu bakoitza desberdina da, baina denetan dago sufrimendua», azaldu du Izagirrek. Ostegunean ordu eta erdiz deklaratu zuen, Zamorako kartzelan izandako hamasei apaizen izenean: «Elizaren eta Vatikanoaren konplizitatea agerian utzi nahi izan dut. Ni torturatua izan nintzen, eta Gipuzkoako gotzainak eta frantziskotarrek ez zuten ezer egin nire egoera salatzeko».

Deklarazioa «erraztu» egin diotela esan du Izagirrek, eta berretsi egin du Mari Jose Zorrozak: «Hurbiltasunez tratatu gaituzte, lagunduz». Teofilo Zorroza osabaren kasuaren harira jarri du kereila. Udondo itsasontziko marinela zen: 1936ko irailean 41 eskifaiakideekin batera atxilotu eta fusilatu zuten tropa frankistek, Galizian; epaiketa militarrik ez zen egon. 21 urte zeuzkan osabak, eta aita zenaren anaia bakarra zen. «Epaileari esan diogu presa dugula, biktima zuzen asko hiltzen ari direlako. Penarik handiena da aita bizirik ez egotea hau ikusteko».

Alkateen testigantzak

Otxandioko eta Urduñako (Bizkaia) alkateak ere izan dira Argentinan, herriotan frankismoak utzitako aztarnen berri ematen. «Gure herrietan memoria historikoa berreskuratzeko lana egina daukagu», azaldu du Santi Uribek, Otxandioko alkateak. Herri horretan gertatu zen 1936ko gerrako lehen bonbardaketa, uztailaren 22an: «Altxamendua gertatu eta lau egunera izan zen, inork espero ez zuela. Biktima zibilen bila joan ziren, eta sarraski itzela egin zuten: aurreko egunetan hegazkinetatik paperak jaurtitzen aritu ziren, eta horregatik hurbildu zen jende asko, baina orduan bonbak bota zizkieten». 60 hildakotik gora eragin zuen erasoak. «Hura egin zuena 77 urtez zigor gabe egotea gogorra bada, are gogorragoa izan zen bonbak bota zituen militarrari —Angel Salas Lazarrabal— 1991n Espainiako erregeak ohore domina ematea».

Urduñak ere badu frankismoarekin lotutako atal iluna. Gerran zehar kontzentrazio esparrua ezarri zuten frankistek bertan. «Presoak sailkatzen zituzten, beste lekuetara bideratzeko. 50.000 pertsona pasatu ziren handik. Badakigu asko hil zirela eta beste asko esklabo gisa erabili zituztela herri lanetan», azaldu du Carlos Arranz alkateak. Publikoki barkamena eskatua du udalak krimen haiengatik. «Halakoak leku askotan gertatu ziren, baina inork ez du ezer esaten».

Kereila jarri dutenen «sendotasuna eta adorea» nabarmendu du Julen Arzuaga legebiltzarkideak: «Tristea da Argentinan hemen baino babes handiagoa topatzea». Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordeak Buenos Airesera bidalitako ordezkarietako bat izan da EH Bilduko parlamentaria. Kereilako salatzaileekin izan da, besteak beste, Argentinako Kongresuko eta Senatuko Giza Eskubideen Batzordeek antolatutako agerraldietan. Memoria historikoari buruz duten «ikuspegi aurreratua» nabarmendu du: «Gizartearen ahobatezkoan oinarrituta lan egiten dute: mundu guztiak aitortua du diktadurak egindako estatu terrorismoa, ez dago krimenak justifikatuko dituenik, eta elkarlanean ari dira memoria osatzen».

Kereila, hazten

«Babes izugarria jaso dugu. Argentinan oso sentiberak dira giza eskubideekin», erantsi du Zorrozak. Horregatik, Izagirrek uste du deklarazioek bultzada eman diotela kereilari: «Nazioarteko hedabideak hemen izan dira. Beste dimentsio bat hartzen ari da auzia». Horren seinale, Ibargutxik aipatu du Argentinak frankismoko krimenak salatzeko aukera ireki duela mundu guztian dituen kontsuletxeetan: «Epaileak laguntzaile gehiago eskatu ditu». Servini ere irmo mintzatu zaie: «Gurpilari makil asko jartzen ari zaizkiola onartu du, baina berak gurpilak biratzen jarraitzea lortuko duela esan digu».

Ildo horretan, mugimenduak espero dituzte otsailerako —Argentinan udako oporrak amaitzean—. Deklaratu dutenei froga guztiak onartu dizkiela eta, epaileak auzipetze berriak egin ditzakeela uste dute; tartean Rodolfo Martin Villarena, 1976ko martxoak 3an Poliziak Gasteizen egindako hilketen garaiko ministroarena. Gainera, Arzuagak uste du Madrilen ere aldaketak egon daitezkeela: «Pilota Espainiako Gobernuaren gainean geratuko da, ez baita zentzuzkoa izango milaka kilometrora urratsak egitea eta Madrilen oraindik mantentzen urratsok egiteko aitzakiak. Amnistia Legea bertan behera gertatu beharko da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.