'CAN auzia'. Miguel Sanzen deklarazioa

Itxaronaldi luzea

Ikusmina piztu du Miguel Sanzen agerraldia Nafarroako Lurralde Auzitegian. Dozenaka lagun elkartu dira protestan, eta kazetari askok jarraitu dute berria.

Nafarroako Lurralde Auzitegiaren kanpoaldean protesta egin zuten dozenaka lagunek, atzo. J. MANTEROLA / ARP.
Iruñea
2013ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Goiz sartu da Miguel Sanz Nafarroako Lurralde Auzitegira, hitzordua baino 40 minutu lehenago, 09:20an.Hainbat kolektibok haren aurka antolaturiko elkarretaratzea egin baino lehenago zeharkatu du auzitegiko atea, Eduardo Ruiz de Erentxun abokatuarekin batera. Eta kazetari guztiak Foruzaingoak jarritako hesi urdinaren beste aldean egon baino lehen. Arin-arin, ez ikusteko asmoz, ziurrenik. Hala ere, han bildutako jendeak irainka hartu du Nafarroako Gobernuko presidente ohia, «lapurra» eta «txorizoa» oihuka eta txistuka.

Hiru ordu eta erdi luzez erantzun ditu Sanzek Maria Paz Benito epailearen galderak. Bitartean, herritarren partaidetza handituz joan da elkarretaratzean eta dozenaka pertsona bildu dira auzitegiaren atarian. Sanz nafarra zara, eta Nafarroan epaituko zaitugu, zioten pankartek. Agerraldia bertatik bertara jarraitzeko asmoz hedabide desberdinetako kazetari ugari agertu dira auzitegian. 10:30etan jakin da Sanzek hedabideen aurrean adierazpenak eginen zituela, eta epaitegiko prentsa aretoan itxaron dute hedabideek.

Luzea izan da itxaronaldia. Sanzek 11:00etan hitz eginen zuela zioten batzuk; 12:00etan beste batzuk; eta deklarazioa arratsaldera arte luzatuko den zurrumurrua ere zabaldu da kazetarien artean. Azkenean, 14:00etan egin du agerraldia Sanzek, hamaika mikrofono, grabagailu eta kamara ondoan zituela. Hiru minutuz hitz egin du. Labur-labur.

Urduri zegoen Sanz, baina urduritasuna ere nabaritzen zenbera agertu baino lehenago kazetarien artean. «Noiz etorriko da?», zioten kazetariek, eta norbaitek aretoko atea ireki bezain pronto guztiek hara begiratzen zuten, Sanz noiz agertuko zain.Bideo kamerak eta tripodeak, koadernoak eta mikrofonoak, inputatua agertzea baino ez zen falta. Dena prest egon da 10:30etik.

Ikusmin handia eragin du Sanzen agerraldia, kanpoan eta barruan. Kalean, dozenaka lagunek bat egin dute auzitegiaren atarian, foruzaingoz inguraturik. Hainbat esparrutako eragileek deitu dute protestara, eta bertan ziren, besteak beste, Igor Arroyo Nafarroako LABeko idazkaria, Israel Gonzalez Nafarroako Langabeen elkarteko kidea eta Herri Ekimeneko ordezkariak. Dena den, ez dute Sanz agurtzeko aukerarik izan, epaitegiko atzeko atetik atera delako. Haren aurkako txistuak eta oihuak, hala ere, ez dira eten.

Heldu den astelehenean Enrique Maia Iruñeko alkateak deklaratuko du Nafarroako Lurralde Auzitegian, eta Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohiaren txanda izanen da asteartean. Atzo bezala, elkarretaratzera deitu dute bi egunetan —09:30ean deklaratuko dute Maiak eta Mirandak—, eta atzo ez bezala, inputatuak agertzen diren unea ez dute galdu nahi protestako kideak. Lehenagotik egonen dira bertan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.