Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, Alberto Martinezek, Osakidetzako lehen mailako arreta hobetzeko ekintza plan bat martxan jarriko dutela iragarri du gaur Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. «Ez da itxaron zerrendarik egon behar lehen mailako arretan». Hori da ekintza planaren neurri bat. Betetzeko zailak diren postuetarako lan eskaintza publiko (LEP) berezi bat egingo dutela ere esan du, eta orain arte ebatzi gabeko LEPak urtea bukatu baino lehen itxiko dituztela; 11.000 postu egonkortuko dituzte. Epe berean integratuko dute Onkologikoa Osakidetzan, eta ospitale publiko bat eraikiko dute Tolosan (Gipuzkoa) 2030. urtea baino lehen.
«Hemen giro lehorra dago», esan du Elena Letek, Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordeko presidenteak. Ez zen batzordeko giroaz ari, Gasteizko klimaz baizik. Sailburua hamar minutu berandu hasi da legealdi honetan izango dituen konpromisoak, helburuak eta jarduera ildo nagusiak azaltzen, sudurretik odoletan hasi delako. «Espero dut anekdota honek esateko dudana ez estaltzea». Talde parlamentarioetako ordezkariek «entzuteko prest» egotea eskertu diote, eta hainbat eskari egin. EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak, esaterako, lehen mailako arretan jarraitutasuna bermatzeko neurriak hartzea galdegin dio.
Osasun arloko itunari dagokionez, Martinezek jakinarazi du hainbat eragileren eskariei men egin eta atzeratu egin duela bigarren bilera. Azaroaren 9an egingo dute, Donostian, eta osasun sistemaren diagnostiko partekatu batekin atera beharko lirateke. Bere mintzaldian, ordea, apenas aritu den itunaz; legealdiko lerro nagusiak azaldu ditu.
1
Lehen mailako arreta
Udaren hasieran Osasun sailburu kargua hartu zuenean iragarri zuen Martinezek lehen mailako arreta hobetzeko ekintza plan bat martxan jartzeko asmoa duela, eta xehatu egin du gaur. Planaren helburua pazienteen sarbidea erraztea da, eta, horretarako, itxaron zerrendarik ez egotea jarri du helburutzat. Martinezek nabarmendu du patologia biziak dituzten pazienteak lehen 24 orduetan artatuko dituztela, eta gaixotasun kronikoak dituztenak, lehen bi egunetan. Helburu horiek noizko beteko dituzten ez du zehaztu.
Hori nola egin? Batetik, lehen mailako arretako osasun profesionalen lan burokratikoa murriztea proposatu du horretarako; aspaldiko aldarrikapena da. Neurria jarri dio: sei hilabeteko epean osasun langileen lan burokratikoak %40 murrizteko plan bat abiatuko dute, besteak beste, teknologia baliatuta.
Bestetik, sailburuak nabarmendu du lehen mailako arretaren arazo nagusietako bat langile falta dela, eta aitortu du arazo hori 2008ko krisi ekonomikoan egindako murrizketen ondorioa dela. Horrek ekitateari kalte egiten diola azaldu du, eta, horregatik, betetzeko zailak diren postuetarako LEP berezi bat egingo dutela ere esan du. Horrek lege aldaketa bat eskatzen duela zehaztu du, eta gaia Osakidetzaren mahai sektorialean landuko dutela.
Postu hori eskuratzen dutenak leku horretan gutxienez lau urtez egotera behartuta egongo dira. Luze gabe, postu horiek betetzeko pizgarriak emango dituzte.
2
Lanpostuak
LEPak izan dira pandemia baino lehenagotik Osakidetzaren inguruko eztabaidaren protagonista nagusiak. Horiei dagokienez, Martinezek iragarri du urtea bukatu baino lehen ebatziko direla oraindik egonkortu gabeko 11.000 lanposturen eskaintzak. Horrez gain, hitzeman du Osakidetzako egiturazko lantaldea handituko duela, 2.000 postu gehiagorekin. Ildo horretatik, LEP gehiago antolatuko ditu Osasun Sailak.
Izan ere, langileen behin-behinekotasuna murriztea dauka helburutzat Osasun Sailak, baina sailburuak zehaztu du ez duela behin-behineko kontratuak guztiz ezabatzeko asmorik: «Hau ez da hezkuntza. 24 orduz egunero eskaintzen dugu arreta, eta egoera koiunturalen araberako kontratuak egiten segituko dugu».
Lan baldintzak hobetzearen alde egin du, eta urte luzez ukitu gabeko akordioa berritzeko asmoa adierazi du; hori mahai sektorialean egin beharko lukete. Azpimarra larrialdi zerbitzuetako langileengan egin du, esan baitu «oinarrizkoa» dela haien lan baldintzak hobetzea, «konprometituta» sentitu daitezen.
3
Azpiegiturak
2030era bitartean Osakidetzaren azpiegitura batzuk hobetzeko edo berri batzuk sortzeko asmoa dute. Horretarako, mila milioi euroko aurrekontua izango dute —bide batez, datorren urteko aurrekontuetan Osasun Sailak 5.000 milioi euro baino gehiagoko aurrekontua izango du—. Zehazki, bi ospitale berri sortuko dituzte. Bat Durangon egingo dute —pazienteak hobeto eta azkarrago artatzeko zentro bat—, eta, bestea, Tolosan. Gatazka luzea dago Tolosaldean, Asuncion klinika pribatua baita eskualdeko ospitale bakarra.
Aspaldikoa da Donostiako Onkologikoa Osakidetzaren parte bihurtzeko prozesua ere. Amaiera data eman dio sailburuak: aurtengo abenduaren 31. Iurretan (Bizkaia), berriz, logistika zentro berri bat eraikiko dute.
4
Euskara
Osakidetzaren hizkuntza politikari buruz oso azaletik aritu da. Bere ustez, enpatia eta humanizazioa izan behar dira osasun sistemaren oinarria: «Bermatu behar dugu pazientea bere hizkuntza naturalean artatu behar izatea. Ez da eskubide bat soilik, oinarrizko elementu bat da laguntza, sendaketa eta zaintza prozesuan».
Sailburua ez da euskal hiztuna, eta modu pertsonalean ere hitz egin du gaiaz: «Nik tesia egina dut, baina bihar bertan aldatuko nuke euskara jakiteagatik. Pazienteari gutxirako balio dio nire tesiak, baina askorako nik bera euskaraz artatu ahal izateak». Asko dira tesia egina duten mediku euskaldunak; askok euskaraz egin dute.
Gainera, 2025-2026ko ikasturterako 40 postu gehiago eskainiko dituzte Medikuntza gradua euskaraz ikasteko EHUn.