«Lau hamarkada igaro dira irakaskuntza kuotak legez debekatu zirenetik. Hala ere, itunpeko ikastetxeetan praktika hori ohiko bihurtu da, azken urteetan Hezkuntza Sailak beste alde batera begiratu duelako». Gipuzkoako ikastetxe publikoetako guraso elkarteen federazio Baikara-k gaur egin du salaketa, prentsa ohar baten bidez, Eusko Jaurlaritzak urteotan itunpeko eskolek gurasoei eskatzen dizkien ordainketak debekatze aldera erakutsi duen erabakimen faltaren berri emateko. Eta kontrol neurriak eskatu ditu, argiak eta irmoak. «Kontrol neurriak zehazten ez badira, kuotak kobratzea ohiko praktika izango da aurrerantzean ere, orain arte bezala».
Iazko urtearen amaieran onartu zuten Eusko Legebiltzarrean hezkuntza sistema berregituratzeko lege berria, eta, testu horretan, aldaketareko bidean urratsak egin direla onartu dute. «Lege berriak, lehendik zegoen debekua berresteaz gain, doakotasunaren bermean sakontzen du, eta familiek ikastetxeei ordainduko dizkieten kuotak eta ordainketak gainbegiratzea ahalbidetuko duten kontrol neurri zehatzak ezartzen ditu». Horiek betetzeko urrats argiak ikusi nahi dituzte, ordea, orain Baikarako kideek, eta zantzu okerrak ikusi dituzte hainbat adierazpenetan.
Hezkuntza sailburu kargua hartu berria du Begoña Pedrosak, eta haren zenbait hitzekin daude bereziki kezkatuta. «Duela egun gutxi, legebiltzarkide baten interpelazioaren ondorioz, Hezkuntza sailburuak itunpeko ikastetxeek kobratazen dituzten kuotei buruzko adierazpenak egin ditu, eta erantzunaren edukiak legea betetzeko hartuko dituen neurri zehatzak argitu beharrean, dezepzioa eta kezka eragin ditu», azaldu dute. «Kuotak kontrolatzeko eta irakaskuntzaren doakotasuna bermatzeko sailak administrazio unitate espezifikoa sortu ote duen zehaztu beharrean, ezer zehazten ez duen erantzun lausoa eman du».
Itunpeko eskoletan hartuko diren neurriei dagokienez eman duen erantzuna ere ez da egokia, Baikara-ko kideen ustez. Azterketa baten ondoren beharrezkoa ikusten bada, «kontrola eta zehapena indartzeko» neurriak hartuko direla esan baitu, eta behar bezain argia ez dela izan uste baitute. Hortik arrangura: «Baikara Federazioari negatiboa irduitzen zaio Hezkuntza sailburuak emandako erantzuna, legez kanpoko praktika hau amaitzeko determinazio politiko faltaren eszenatokian kokatzen gaituelako berriro ere».