Itunpeko eskolek 1988tik egindako greba indartsuena dela diote langileek

Kristau Eskolak salatu du greban haien aurka jo dutela, eta esan du arduradun nagusia Eusko Jaurlaritza dela

Bilbon itunpeko eskoletako dozenaka langilek parte hartu zuten manifestazioan. JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2013ko irailaren 27a
00:00
Entzun
«Gaurko greba giroa neurtzeko zen, eta ikusi dugu oso bero dagoela. Kristau Eskolari etaHiri Hezitzaileen Nazioarteko Elkarteari argi geratu zaie zer gerta daitekeen irtenbide bat ematen ez badigute». ELAko ordezkari Jon Navarrok atzo itunpeko eskolenen greba egunean egindako adierazpenak dira. Giroa «bero» zegoen. «Haserre» zeudela nabarmendu zuten manifestazioan bildutako irakasleek, eta azken 25 urteetako grebarik indartsuena izan zela ere bai. «1988tik egin ez den mobilizazio baten aurrean gaude. Pentsaraztea da gure helburua. Jendea oso haserre dago, jendea prest dago hau gehiagotan egiteko», gaineratu du LABeko ordezkari Gotzon Etxarrik.

«Nik datorren urtean ordu kopuruan berez murrizketa bat izan behar dut, eskola gutxiago eman behar ditut, eta hitzarmen hau aplikatuta badakit ez dudala eskubide hori izango. Aspaldian ez gara mugitu, eta orain arte izan ditugun eskubideei eutsi ahal izateko, borrokatzeko garaia dela iruditzen zaigu; duela 25 urte sakrifizio handiz lortu genuen hitzarmena mantentzeko garaia da», esan du izena gordetzeko eskatu duen Summa-Aldapetako irakasle batek. Bi hilabete pasatu zituzten urte hartan greban.

Oraingo asmoa ere mobilizazioekin jarraitzea da, datozen bi hilabeteetarako hainbat antolatu dituzte. Urriko eta azaroko azken asteetan —urriaren 21etik 25era, eta urriaren 25etik azaroaren 9ra— lanuztea egingo dutela iragarri dute, besteak beste. Argi utzi dute «borrokan» jarraituko dutela. «Berdin du eskola publikoa edo itunpekoa den, osasuna eta hezkuntza da herri bat aurrera ateratzeko gehien zaindu behar dena. Hori argi izanik, ezin gara geldirik egon», salatu du Xabi Etxeberria irakasleak. Berak astean 23 ordu egiten ditu eskolak ematen; gainerakoak, ikastetxeko beste lanetan. Espainiako hitzarmena aplikatuz gero, eskolen ordu kopurua 25era igoko diote.

Uztailaren 5ean patronalak eta itunpeko eskolek akordioa hautsi zutela salatu dute, bakarrik geratu zirela, eta negoziazio mahaitik altxatu zirenetik ez dutela bilera bakar bat gehiago ere egin. «Intrantsigentziazkoa» jarrera izan zutela salatu du LABek. Hitzarmen berria egin arte aurrekoarekin jarraitzea negoziatzen ari ziren, baina salatu dute lan erreformak eskaintzen zuen aukera baliatuz puskatu zutela akordioa.

Atzoko manifestazioa lehenengo pausoa dela ohartarazi zuten. «Guk ez dugu grebarik egin nahi, baina ez dugu beste hitzarmenik onartuko. Uste dut Kristau Eskola konturatzen ari dela benetan serio ari garela, guretzat ikasleak oso garrantzitsuak direla, eta horregatik ere gaudela hemen kanpoan», azaldu du Etxeberriak.

Sindikatuek hiru eskakizun egin dituzte: zuzendaritzak hitzarmena betetzea eta langileei zor dietena ordaintzea; hitzarmenaren negoziazioa aurreko hitzarmenetik abiatzea; eta lan erreformaren aurrean ikastetxe bakoitzean Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hitzarmenaren edukia beteko dela bermatzea, eta hurrengo hitzarmena sinatu bitartean horrek balio izatea. Jaurlaritzari ere irtenbide bat emateko eskatu diote. «Berak ere zerikusi handia du egoera honetan. Gizartearen hezkuntza sistemaren arduraduna delako», esan du ELAk.

Milaka langile greban

Bilbo, Donostia eta Gasteizko kaleetan egin zituzten protestak atzo, eta milaka langile bildu ziren. CCOO, ELA, EILAS, LAB eta UGT sindikatuek egin zuten deia, eta grebak oihartzun handia izan zuela nabarmendu zuten, %80tik gorakoa. 250 ikastetxe baino gehiagoko ia 12.000 langile deitu zituzten. «Argi dakigu ez digutela musu truk emango; behartu egin beharko ditugu», adierazi zuten Donostiako manifestazioaren amaieran. Gainera, salatu zuten ikastetxe askok eraikinak ixteko erabakia hartu bazuten ere Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ematera behartu zituela, langilerik joan ez zen arren.

Kristau Eskola grebaren aurka

Kristau Eskolako zuzendaritza grebaren aurka agertu da, «ikastetxeetara zabaltzea akats bat» iruditzen zaie, eta ziurtatu dute lan baldintzak ez direla aldatuko, sindikatuek esan dutena «gezurra» dela. Grebak %48ko oihartzuna izan duela nabarmendu dute.«Uste dugu Kristau Eskolaren aurka egin dutela greba, eta argi dugu gatazka honen arduradun nagusia Jaurlaritza dela. Finantzaketa modulua jaitsi zuena bera izan zen, eta gatazkan sartu gintuen. Hura da gaizkile», adierazi du Mikel Ormazabal Kristau Eskolako zuzendari nagusiak. Jaurlaritzarekin hiru urte daramatzate negoziatzen, eta jakinarazi dulan hitzarmeneko mahaia martxan jarriko dutela ezarritako baldintzak betetakoan. Gainera, gobernuaren inplikazioa «beharrezkoa» dela esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.