Hezkuntza itunari begira, Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako ardatzak mahai gainean jarri ditu Elkarrekin Podemos-IU koalizioak: 80 proposamen berdintasunezko euskal eskola publiko integral baterako dokumentua aurkeztu zuen atzo. Miren Gorrotxategi Eusko Legebiltzarreko bozeramaileak eta Iñigo Martinez Zaton parlamentariak azaldu zutenez, «diskriminazioari aurre egiteko eta ikasleak euskalduntzeko tresna eraginkorra izango den hezkuntza eredu hobea» lortu nahi dute, eta, horretarako, proposatu dute hamar urtean itunpeko ikastetxeak publiko bihurtzea eta euskara ardatz hartuko duen irakasteredu bakarra ezartzea, besteak beste. «Eskola publikoak hegemonikoa izan behar du, gizarte kohesioaren bermatzaile».
Hurrengo hezkuntza legea ekarriko duen hausnarketa prozesuan murgilduta dago Eusko Legebiltzarra, eta proposamen propioa ondu du Elkarrekin Podemos-IUk. «Hezkuntzak eztabaida lasaia behar du; adostasun zabalak eskatzen ditu. Legeak datozen hamarkadetarako oinarriak ezarriko ditu; beraz, erantzukizun handia sentitzen dugu oraintxe», adierazi du Martinezek. Koalizioak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari, alderdi politikoei eta hezkuntza eragileei bidaliko die dokumentua, eta, datozen asteetan ekarpenak jaso ondoren, otsailean aurkeztuko dute behin betiko proposamena, legebiltzarrean. Hona hemen puntu nagusiak:
SEGREGAZIOA
Hausnarketaren abiapuntu gisa, segregazioaz mintzatu da Gorrotxategi: «Oso arazo larria da. Ume pobreak edo etorkinak leku jakin batzuetan pilatzen dira. Eragozpen handia da gure kohesio sozialerako». Hala, txostenaren arabera, hezkuntza ituna «konpromiso politiko, sozial eta demokratiko batean» oinarritu behar da, «eskola segregazioa amaitzea helburu duena».
Bide horretan, matrikulazioarekin lotuta hainbat neurri proposatu ditu. Batetik, «ikasleak hautatzeko prozesuak» desagerraraztea eta, halako jardun «informalak» saihesteko, «zonako edo udaleko matrikulazio bulego bakarrak» sortzea, ikastetxeetatik independenteak, «matrikulazio prozesu gardena eta orekatua bermatzeko». «Maila sozioekonomiko baxuko familien aldeko diskriminazio positiboa» ezartzea ere aipatu du.
Bestetik, «eskola eskaintzaren eta eskariaren arteko oreka berreskuratzea» proposatu du: «Gehiegizko eskaintzak segregaziorako joera dakar». Hala, txostenaren arabera, sare publikoko eskolek zona bateko matrikulazioa bere gain har badezakete, «ez da itundu behar eskaerari erantzuteko beharrezkoa ez den ikasgelarik edo ikastetxerik». Era berean, konplexutasun handiko zentroetan «baliabide ekonomikoak handitzeko mekanismoak» ezarri nahi ditu.
PUBLIFIKAZIOA
Koalizioak uste du «titulartasun publikoko ikastetxeek» izan behar dutela hezkuntza publikoaren ardatza. «Gure eskola sistema banatuta dago sare publikoaren eta pribatu-itunpekoaren artean, eta bikoiztasun hori ohiz kanpokoa da. Eskola mapa hori, ituntze politika orokor batek lagunduta, ikasleen jatorriaren eta klase sozialaren araberako eskola segregazio galantaren oinarrian dago», dio txostenak.
Errealitate «dikotomiko» hori ez betikotzera deitu du koalizioak, eta «sare publiko integral baten garapen progresibora» jotzera: hamar urteko epea ipini du hori lortzeko. «Badakigu trantsizio bat gertatu behar dela, eta pauso batzuk proposatu ditugu», esan du Gorrotxategik. Administrazioaren titulartasuneko ikastetxe berriak sortzeaz gain, eskolen publifikazioa bideratzea ere proposatu du, eta horretarako «araudi bat adostea». Etorkizuneko hezkuntza legea «ez hipotekatzeko», egun beharrezkoak diren hezkuntza itunak soilik urtebetez edo bi urtez luzatzea galdegin dute.
Eskola mapa ere berriz diseinatu nahi du, hezkuntza eskaintza planifikatzeko. «Hezkuntza pribatu-itunpekoa mugatzea» ageri da neurrien artean: «Eskaintza publiko nahikoa dagoenean lerro pribatu eta itunpeko berririk ez irekitzea, eta derrigorrezkoak ez diren etapetan ez ituntzea».
EUSKARA IKASTEA, ESKUBIDE
Euskarari eta hizkuntza ereduari ere atal bat eskaini dio koalizioak agirian. Eskola «funtsezkotzat» jo du ikasleak euskalduntzeko prozesuan: «Euskara jakitea haur eta gazte guztien eskubidea da, eta administrazioak eskubide hori gauzatzeko bitartekoak indartu egin behar ditu».
Hala, A, B eta D ereduen sistema gainditzera deitu du Elkarrekin Podemos-IUk: «Euskara ardatz egituratzaile duen hizkuntza eredu eleaniztunari bide eman behar diogu». Egokitzat jo du bigarren hezkuntza bukatzean euskarazko B2 maila lortzea, baina horretarako «tokiko egoera soziolinguistikoaren araberako hizkuntza proiektuak» sortzearen alde agertu da; egitasmo horietan, bi hizkuntza ofizialak eta atzerriko hizkuntza bat uztartzea eta «komunikazio hizkuntza» gisa erabiltzea planteatu du. «Ikastetxeei hizkuntza proiektua garatzeko autonomia ematen bazaie ere, Hezkuntza Sailak ezin du bere erantzukizuna alde batera utzi: udalerri guztietan nahitaez bete beharreko esparru komun bat ezarri behar du».
BALIABIDE GEHIAGO
Hori guztia gauzatzeko, ordea, hezkuntza sistema baliabidez hornitzea funtsezko ikusten du Elkarrekin Podemos-IUk. Hortaz, hezkuntzako aurrekontua «legez blindatzea» proposatu du, eta 2030erako BPGaren %7ra iristea. Sistema hobetzeko, langileen baldintzak hobetzea ere aipatu du koalizioak: lan egonkortasuna handitzea, azpikontratazioak amaitzea, ratioak txikitzea... «Hezkuntzak kalitatezkoa izan behar du, baita bertan lan egiten dutenentzat ere», adierazi du Gorrotxategik. Administrazioaren eta ikastetxeen arteko harremana birpentsatzea ere planteatu dute, «deszentralizatzeko, baina desarautu gabe».
CURRICULUMA
Curriculumari buruzko atalean, berriz, eskolaren «izaera laikoa bermatzeaz» mintzatu da proposamena: «Erlijio sinbolorik gabeko espazioa izan behar du, eta eduki konfesionalik gabeko hezkuntza curriculuma izan behar du». Hezkidetzaren arloan, hezkuntza sistema osorako «egiturazko» programa bat sortzea galdegin du koalizioak, eta, hala, «hezkuntza afektibo-sexuala instituzionalizatzea». Bestetik, «memoria demokratikoa» curriculumean txertatzea proposatu du, baita filosofia indartzea ere. Digitalizazioari dagokionez, zentro publikoetan software askea erabiltzea aldarrikatu du Gorrotxategik: «Enpresa handien negozioak ez dio mesederik egiten gure sistemari».
Itunpeko eskolak hamar urtean publiko bihurtzea proposatu du EP-IUk
Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren hezkuntza itunerako proposamena aurkeztu du koalizioak. Hizkuntza eredu bakarraren alde egin du, eta hezkuntza aurrekontua «blindatzea» galdegin du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu