EAEko hezkuntza legea. Hezkuntza akordioa (VI). Irati Tobar (LAB sindikatua)

«Itunak ez du gainditzen sistema duala, baina pauso bat izan daiteke»

EAEko hezkuntza sistemak trantsizio prozesu bat behar duela uste du Tobarrek, eta komunitatearen parte hartze handiagoa. Legea ondu aurretik ere neurriak ezartzen hasteko eskatu du.

ARITZ LOIOLA / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko apirilaren 6a
00:00
Entzun
EAEko hezkuntza itunaren inguruan Eusko Legebiltzarreko alderdiek esku artean izan zuten lehen testutik duela hiru aste onartu zuten akordiora aldea badela aitortu du LAB sindikatuak, baina zehaztasuna eskatu dio Eusko Jaurlaritzari, eta «bide orri bat», legeak jasoko dituen gai nagusiak eragileekin eztabaidatzeko. Irati Tobar hezkuntza arduradunak (Portugalete, Bizkaia, 1986) uste du «une interesgarri asko» izango direla legea onartu aurretik.

Zer hobekuntza izan dira itunaren bigarren testuan?

Nabarmenena segregazioari buruzkoa da. Badaude hutsuneak, baina hainbat neurri jaso dira: hezkuntza konplexutasun indizea arautzea, ISEIk ekitatea ebaluatzea, itunpekoei betebeharrak ezartzea eta kuotak desagertzea—hori kontrolatzeko tresnak jarri behar dira—... Neurriok planifikazioa arrazionalizatzeko modua eman dezakete, egun eskari baino eskaintza handiagoa baitago. Halere, kezkatzen gaitu tokiko hezkuntza kontseiluak lotesleak ez izateak: hor bideratu beharko lirateke matrikulazioa eta planifikazioa, baina itunak dio kontsultiboak izango direla.

Planifikazioari dagokionez, ikasle kopurua apaltzen ari den honetan, sistema duala mantentzeak berekin ekar ote dezake helburu bihurtzea itunpeko ikastetxeak zabalik mantentzea bera? Nola planifikatu hori?

Egia da ume gutxiago matrikulatzen direnez eskaintzaren parte bat sobran dagoela. Langile guztien ratioak jaitsiko bagenitu, ikastetxeak eta lanpostuak mantentzeko aukera legoke, eta hezkuntzaren kalitatea hobetuko genuke. Horrez gain, eskaintzari buruz azterketa bat egin behar da, eta aztertu herri bakoitzean zenbat eskola dauden eta zer erabaki behar den. Izan ere, toki batzuetan, publikoetan matrikulazioa jaisten ari da, eta titulartasun pribatukoetan, ez; prozesu honek gai horri heltzen lagundu behar digu, zentro publikoei eusteko.

Sindikatuak bat zatozte sistema duala gainditu behar dela.LABen nola uste duzue gauzatu behar dela hori?

Prozesu baten bidez. Lehen pausoa litzateke ituntze unibertsala amaitzea. Baina ondoren sistema duala gainditzeko, hezkuntza eskumen guztiak izan behar genituzke Euskal Herrian, kasu honetan EAEn, eta itunak ez du aipatzen ez lurraldetasunik, ez eskumen auzirik. Edonola ere, titulartasun ezberdinetako ikastetxeen konfluentzia batetik heldu behar genuke sare publiko bakarra osatzera. Guk argi dugu trantsizio bat izan behar dela, eta prozesuan itunak jar dezake eszenatoki berri bat, haiek Euskal Hezkuntza Zerbitzua deitutakoa: ez du gainditzen sistema duala, baina pauso bat izan daiteke, trantsizio bezala ulertzen badugu; gure kezka da EAJrentzat eta PSErentzat amaierako eszenatokia izan daitekeela.

Hortaz, ados zaudete itunpeko zentroak publifikatzearekin?

Trantsizio horretan, LABetik planteatu genuen itunpekoek titulartasun mistoa izatea, udalek eta mankomunitateek har dezaten jabetzaren parte bat, kontrol publikoa bideratzeko. Proposamen hori ez da aintzat hartu. Halere, eskatu izan dugu publifikaziorako arau bat, borondatez titulartasuna aldatu nahi duten itunpekoentzat, egun ez baitago horretarako aukerarik —horregatik itxi zen iaz Bilboko Hijas de la Cruz ikastetxea—. Akordioan jaso da; aurrerapauso bat izan daiteke.

LABek badu ordezkaritza itunpekoan. Sistema duala gainditzeko mezuek tentsioa dakarte?

Bai. LAB hausnarketa batzuk eginda heldu zen prozesu honetara; ortzimuga adostua dugu, baina egunerokoan beldurrak eta minak agertzen dira, batez ere egoera eta toki jakin batzuetan. Ulergarria da. Gure kideei, eta bereziki ikastoletakoei, argi adierazi diegu ez dugula derrigorrezko publifikaziorik babestuko. Sare guztiek egin diote ekarpena Euskal Herrian egun dugun sistemari.

Itunak aitortza bat egin dio eskola publikoari, eta plan estrategiko bat agindu du. Nahikoa da?

Hasierako zirriborroan behin baino ez zen aipatzen; beraz, badago aldea, baina uste dugu gehiago indartu behar dela eskola publikoa, baita legearen aurretik ere: plan estrategikoa lehenbailehen egin behar da. 2008ko murrizketetatik kalte handiena jasan duen eremua da; hezkuntza komunitateak orain behar ditu ekintzak.

Euskararen alorrean, murgiltzerik ez du aipatzen testuak. Horren falta sumatu duzu?

Bai. Derrigorrezko eskolaldia amaitzean B2 maila helburutzat jartzea positiboa da, baina nahasmena sor dezake testuan nola jasota dagoen, ez baitu aipatzen euskarazko irakats eredu bakarra. Gure ustez, zehaztu behar da nola gaindituko ditugun ereduak, eta nola joango garen euskarazko eredurantz. Dena den, murgiltzeak dakar langile guztiak euskaldunak izatea, eta akordioak soilik irakasleez hitz egiten du, baina gainerako langileak euskalduntzeko ere neurriak behar dira.

Zer iruditzen zaizu ikastetxe bakoitzak bere hezkuntza proiektua edukitzea?

Ondo; ikastetxe bakoitzak eduki behar luke hezkuntza proiektua, komunitatearekin adostua, eta horri lotuta, hizkuntza proiektua, betiere curriculumari erantzunez eta euskarazko B2 maila lortzeko xedez, baina tokira ekarrita.

Lan baldintzek pisua galdu dute itunean?

Bai: langileen eskubideez ez du ezer esaten. Orain arteko prozesua alderdi politikoen artekoa izan da. Ez dugu uste prozesua parte hartzailea izan denik, legebiltzarrean eragileok adierazitakoa ez delako jaso, eta ez delako sortu espaziorik gurekin eztabaidatzeko. Eta langileen aldarrikapenak entzun eta jaso behar dira.

Steilasek bakarrik deitu du lanuztera biharko. Batasun sindikala berreskuratzeko modua ikusten duzu?

Hala nahi genuke. Langileei entzun behar diegu: azken urteetako borroketan eskatu digute ahalik eta sindikatu gehienok batera jotzeko. Guk hor saiatu nahi dugu; oso desberdinak gara, baina oso ondo baloratzen dugu martxoaren 25eko grebarako lortu genituen edukiak. Ikusiko dugu oporren ondoren zer aukera dagoen.

Mobilizatu beharko duzue?

Seguruenik, bai. Legearen edukietan eragiteko, mobilizazioetara jo beharko dugu, eta, beharrezkoa bada, grebara ere bai.

Bihar: Julen Llanos (CCOO).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.