Ituna egin dute Arabak eta Burgosek, «trebiñarrak hobeto bizitzeko»

Zazpi arlotan zerbitzuak hobetzeko lankidetza hitzarmenak izenpetu dituzte bi diputazioek. Ramiro Gonzalezek esan du akordioak sinatu arren ez diotela uko egiten Trebiñu Arabara batzeko nahiari

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusia eta Cesar Rico Burgosko Diputazioko presidentea, atzo, zazpi hitzarmenen sinadura ekitaldian. BERRIA.
jon olano
2018ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Trebiñuko konderrian zerbitzuak hobetzeko, zazpi akordio izenpetu dituzte Burgosko Diputazioak (Espainia) eta Arabako Foru Aldundiak. Bi erakundeek esparru hitzarmen bat sinatu zuten iazko otsailean, eta hori garatzeko asmoz egin dituzte orain zazpi lankidetza itun. Besteak beste, gazteria, berdintasun eta kultur arloko gaiak adostu dituzte. Burgosko eta Arabako mugan dauden udalerri ugariri eragiten die hitzarmen sortak, baina bereziki Trebiñuri eta Argantzuni, geografikoki Araba barnean egonda Burgosko Diputazioaren eta Gaztela eta Leongo Gobernuaren mende daudenez gero.

Akordioon bidez, zazpi alorretan hobetu nahi dituzte Trebiñuko herritarren zerbitzuak: besteak beste, babes zibilari eta larrialdiei aurre egiteari buruzkoan, bereziki prebentzio, su itzaltze eta salbamendu arloan. Halaber, adinekoak, ezinduak eta mende- kotasunen bat dutenen gizarteratzea eta horiei arreta ematea erraztu nahi dute, eta genero indarkeriaren aurkako eta berdintasun arloko politika publikoetako protokoloa eta koordinazioa hobetu. Ekipamendu eta azpiegituretako elementu txikiak mantentzeko eta zaharberritzeko proiektuak ere jorratu dituzte, eta adostu dute kultura eta hezkuntza arloko jarduerak eta euskaraikasi eta normalizatzeko egitasmoak sustatzea.

Bestalde, bi erakundeak ados jarri dira ondasun artistikoak,kalifikatuak edo babestuak zaintzeko, mantentzeko eta zaharberritzeko proiektuen inguruan, eta gazteriari buruzko politika publikoetako proiektuak eta jarduerak sustatzea ere hitzartu dute.

Atzo eguerdian egin zuten hitzarmenak sinatzeko ekitaldia, Burgosen. Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Cesar Rico Burgosko Diputazioko presidenteak izenpetu zituzten agiriak. Bi erakundeetako ordezkariak pozik agertu ziren, Arabako Aldundiaren arabera, «akordioak diseinatzean hilabete luzeetan lanean ibili ondoren lortutako aurrerapenengatik». Gonzalezek nabarmendu zuen «trebiñarrak hobeto biziko» direla aurrerantzean, eta aurrerapausotzat jo zuen akordioen sinadura: «Esparru akordioa izenpetzea izan zen une garrantzitsuaren ostean, hitzarmen hauek beste aurrerapauso bat dira enklabeko bizilagunei emango zaizkien prestazio publikoak finkatzeko».

Ekitaldia Burgosko San Agustinen errege monasterioan egin dute. Dokumentuak sinatu ostean, Gonzalezek orain arteko bidea ekarri zuen gogora eta azpimarratu zuen «zein garrantzitsua den borondatea izatea akordioak lortzeko, horietan islatzen baitira herritarrentzako hobekuntzak». Haren hitzetan, bi erakundeak «ia-ia elkarri bizkarra emanda bizi ziren», baina «gai» izan dira «ados jartzeko Trebiñuko herritarren beharrizanei kasu egiteko».

Akordioekin pozik agertu zen Borja Suarez Burgosko Diputazioko bozeramailea ere, baina xehatu zuen itunok ez dutela «aldaketa handirik» eragingo. El Mundo egunkariak eginiko elkarrizketa batean atzo azaldu zuenez, atzo adostutako zerbitzuetako gehienak jada bazituzten Trebiñuko herritarrek, bainahitzarmenokin «beharrezko esparru juridikoa» eman diote zerbitzu sorta horri, «erkidegoen eskumenak ez urratzeko».

Asmo politikoei eutsita

Banaketa administratiboaz eta haren ondorioz zerbitzuak jasotzerakoan sortutako oztopoez harago, lurraldea Arabara batzeko aldarrikapen politikoak baldintzatu izan du bi erakundeen arteko harremana. Gaia aipagai izan zuten atzoko ekitaldian ere. Lankidetza hitzarmenak sinatzeak «ez du esan nahi uko egitea» Trebiñu eta Argantzun Arabara batzeko asmoari, Gonzalezen arabera. Hala ere, erantsi zuen horren konponbidea Espainiako Kongresuan adostu beharra dagoela.

Gatazka hori izan zuen hizpide Burgosko Diputazioak ere. Suarezek esan zuenez, diputazioaren posizio politikoa da Trebiñuren etorkizunaz konderriko herritarrek ezin dutela erabaki, «Gaztela eta Leongo biztanle guztiek baizik». Hori horrela, «irtenbideak bilatu beharko dira, Suarezen esanetan: «XIII. mendetik lotura bat dago Burgosen eta Trebiñuren artean, eta horrek, gure lurraldearen defentsarekin batera, gure posizioa indartzen du».

Trebiñuk saio ugari egin ditu Arabara batzeko, baina Gaztela eta Leongo Gobernuak oztopatu izan du aukera hori. Trebiñuko Udalak 2016ko martxoan erabaki zuen berriro saiatzea Arabarekin bat egiteko bidea jorratzen, horretarako, Lege Organikoaren formula erabilita. PP ez beste talde guztiak agertu ziren proposamenaren alde. Bidea ez da berria, 2014an ere antzeko saialdia egin baitzuten. Orduan, baina, Espainiako Kongresuak atzera bota zuen legebiltzarrak proposatutako lege egitasmo hori.

Kongresuko indar korrelazioa aldatu zenean, proposamenak aurrera egiteko aukera bazuelakoan sustatu zuen ekinbidea udalak duela bi urte. Haatik, Gaztela eta Leonek auzitara eraman zuen erabaki hura, eta epaitegiek bertan behera utzi zuten gero. Erakundeen «konpromiso falta» salatzeko, 2016ko abenduan Trebiñuko alkateak dimisioa eman zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.