Itun sozial bat proposatu dute eskola segregazioa amaitzeko

Eusko Jaurlaritzak eta Eusko Ikaskuntzak txosten batean bildu dituzte orain arteko ekarpenak. Bilbon egindako jardunaldietan aurkeztu dute azterlana

Bilboko jardunaldietako parte hartzaileak, Eusko Ikaskuntzako Ana Urkizaren eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuaren azalpenak entzuten. ARITZ LOIOLA / FOKU.
gotzon hermosilla
Bilbo
2023ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta Eusko Ikaskuntzak txosten bat egin dute, eta azken hilabeteetan bildutako ideia eta ekarpenak jaso dituzte, eskola segregazioari aurre egiteko. Segregazioaren ezaugarritze eta ulermen partekatua: erronkak kudeatzeko proposamenak da txostenaren izenburua, eta, hartan, gainditu beharreko «erronkak» identifikatzeaz gain, «itun sozial bat» proposatzen dute xede horiek erdiesteko. Bilbon egindako jardunaldi batzuetan aurkeztu dute txostena.

2022ko ekainaren 4an eta irailaren 17an lan saioak antolatu zituzten gaiaz eztabaidatu, horren inguruan dauden adostasunak eta desadostasunak identifikatu eta ekarpenak jasotzeko asmoz. Bi lan saio horien emaitza da orain aurkeztu den txostena. Horren arabera, segregazioa da «lurralde eta hezkuntza maila bereko ikastetxeen arteko ikasleen banaketa desberdina eta desorekatua, euren jatorri, genero, kultura, hizkuntza, gaitasun, etnia, erlijio edo, batik bat, maila sozioekonomikoaren arabera».

Txostenaren arabera, segregazioak «aukera berdintasuna hautsi eta desberdinkeria sortzen du», eta, beraz, gainditu beharreko gaitza da «justizia sozialak eta ekitateak ardazten duten jendartea» lortzeko bidean. Hezkuntzak «bizitza egitasmoa garatzeko aukera berdintasuna» bermatu behar die ikasleei, eta euskara «ikasleen kidetasuna eta jendartearen kohesioa lortzeko ezinbesteko zutabe» izatea proposatzen dute.

Bost erronka nagusi

Eusko Ikaskuntzako Beatriz Akizuk eta EHUko Idoia Fernandezek aurkeztu dituzte txostenean aipatzen diren bost erronka nagusiak. Alde batetik, beharrezkoa da gizarte osoaren inplikazioa: agintariena, udalena, arautu gabeko hezkuntzan aritzen diren eragileena eta abarrena. Beste aldetik, «lidergo politiko partekatua» ere proposatzen da; Fernandezek esan duenez, «erabakiak hartu behar dituzten politikariek ausartak izan behar dute, eta horretarako komenigarria da blindatzea eta konfiantza giroa sortzea».

«Kulturartekotasuna» ere bada heldu beharreko erronka, txostenaren arabera, eta «etorkizuneko ikasle euskalduna nola irudikatu», Fernandezen hitzetan. Formakuntzari dagokionez, irakasleen betekizunak «berriro definitu» behar dira; eta, azkenik, auzian zeresana baduten eragileen arteko gobernantza eredu partekatua ere proposatzen da.

Txostenaren xehetasunak azaltzeaz gain, zenbait adituk iritzia eman dute haren edukien inguruan. Eduardo Ruiz Vieytez Deustuko Unibertsitateko Gizarte eta Giza Zientzietako Fakultateko dekanoak nabarmendu du segregazioaren definizioan garrantzi handia ematen zaiola maila sozioekonomikoari, baina identitatearekin eta kulturarekin zerikusia duten beste aldagai batzuk ere aipatzen direla, hala nola hizkuntza, etnia, jatorria eta abar. «Identitatearekin zerikusia duten ezaugarri horiek konplexuak dira, ez dira sailkatzeko errazak, eta askotan mobilizazio soziala eragiteko gaitasuna izaten dute», azaldu du.

Batez ere, kulturaren eta identitatearen arlo hori jorratu du Ruizek bere hitzaldian. Esan duenez, askotan hitz egiten da kulturartekotasunaz eta kultur aniztasunaz, eta horiek sustatu beharreko balio positiboak direla nabarmentzen da. Ruizen ustez, baina, diskurtsoak eta errealitatea aldendu egiten dira askotan: «Kulturartekotasuna aipatzen da, baina, benetan, asimilazionismo adeitsu bat jartzen da praktikan. Kontrakoa esan arren, oraindik pentsatzen dugu aniztasuna arazo bat dela, eta besteak integratu egin behar direla».

Txostenaren arabera, euskarak «gizarte kohesioaren ardatz» izan behar du. Ruizek zalantzan jarri du hori: «Ez dakit noraino eska dakiokeen minorizaturik dagoen hizkuntzari funtzio hori betetzea».

Kataluniaren eredua

Lleidako Udaleko aholkulari Juan Jose Palcok azaldu du Katalunian zer egin den segregazioaren aurka. Esan duenez, arazoari heldu ahal izateko, bi baldintza dira beharrezko: ausardia politikoa eta gizartearen kontzientzia. «Gizarteak argi eduki behar du segregazioa onartezina dela eta amaitu behar duela, eta politikariek tinko jokatu behar dute, batez ere ekitatearen eta ikastetxea aukeratzeko askatasunaren arteko tentsioa azaleratzen denean, orduan hasten baitira arazoak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.