Itun programatikoaren bilera, Gimenok piztutako suak amatatzen saiatzeko

Geroa Baik eta Ezkerrak kargu hartu diote Hezkuntza Departamentuari, Mendigorrian eta Castejonen hartutako erabakiengatik. EH Bildu: «Euskara eta D eredua mugatzeko politika egiten ari dira, UPNren erara»

Geroa Baiko Pablo Azkona eta Gimeno kontseilaria, eztabaidan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Ion Orzaiz.
Iruñea
2020ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Urak nahasi dira Nafarroako Gobernuan. Hezkuntza Departamentuak azken asteetan hartutako erabakiek arrakalak sortu dituzte itun programatikoa sinatu zuten taldeen artean: Geroa Bairen, Ahal Dugu-ren eta Ezkerraren kritikak eragin dituzte, besteak beste, Mendigorrian D ereduko lerro bat zabaltzeari uko egin izanak eta Castejongo ikastetxe publikoari PAI ingelesezko programatik ateratzeko bidea itxi izanak. Hori dela eta, itun programatikoa aztertzeko batzordea bildu egingo da aste honetan, hezkuntzaren alorrean azaleratutako «desadostasun» horiek konpontzen saiatzeko.

Atzo, Parlamentuko Mahaiaren eta Eledunen Batzordearen ostean, Geroa Baiko eledun Uxue Barkosek azaldu zuen bere taldea ez datorrela bat Hezkuntza Departamentuak hartutako erabaki zenbaitekin, baina gaineratu zuen halako auziak «elkarrizketa mahai batean konpondu beharrekoak» direla, edonola ere: «Nik ez nuke esanen gainditu ezinezko desadostasunak direnik, baina hitz egiteko, eztabaidatzeko eta itun programatikoaren bidez konpondu beharreko kontuak dira».

Zehazki, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren jokabideaz galdetuta, Barkosek esan zuen Geroa Bai taldeak «zorrotz» neurtuko duela gobernuko kide guztien lana: «Gimeno kontseilariarena, baina baita, adibidez, [Geroa Baiko kide] Jose Maria Aierdi lehendakariordearena ere, sinatutako akordioen arabera».

Ahal Dugu-ko bozeramaile Mikel Builek ere txarretsi egin zituen Hezkuntza Departamentuak hartutako azken neurriak: «Castejongo ikastetxe publikoak PAIren inguruan eginiko eskaerari baiezkoa eman behar zitzaiola uste dugu, eta baita Mendigorrian D ereduko lerro bat zabaltzeko aldarriari ere». Bi erabaki horien atzean «lan ildo oso bat» egon daitekeela uste du Ahal Dugu-ko eledunak. «Horrek kezkatzen gaitu batez ere, legealdi osoan bide horri eutsi nahi izateak». Hori dela eta, Builek uste du itun programatikoaren sinatzaileek «negoziatzeko eta eztabaidatzeko asko» dutela: «Arazoa zuzendu dezakegu, joera bihurtu baino lehen».

Ezkerrako parlamentari Marisa de Simonek, berriz, itun programatikoa betetzeko eskatu zion Gimenori. «Ez dakigu zertan ari den kontseilaria: nahita ari den gobernu bazkideen kontra ala hanka sartze hutsak diren». Edonola ere, «okerrak zuzentzeko aukera» duela gogorarazi zion De Simonek kontseilariari.

PSNk, azkenik, garrantzia kendu nahi izan zien bazkideen arteko tirabirei. Ainhoa Unzu legebiltzarkidearen ustez, Hezkuntza kontseilariak «araudia bete» besterik ez du egin orain arte, eta haren erabakiak bat datoz «itun programatikoan sinatutakoarekin». Bestalde, PSNko kideak nabarmendu zuen Geroa Bai, Ahal Dugu eta Ezkerraren kritikak «erabateko normaltasunez» hartu dituztela, «hitz egitea baita elkar ulertzeko modu bakarra».

EH Bilduren kritika

Oposizioko taldeei dagokienez, EH Bilduko Bakartxo Ruiz izan zen gogorren hitz egin zuena Carlos Gimenoren kontra. Haren irudiko, Nafarroako Gobernuak D ereduaren kontra hartutako neurriak «oso larriak» dira: «Gobernua ari da euskara eta D eredua mugatzeko politika aplikatzen, UPNren gobernuek egiten zuten erara; oso kezkatuta gaude orain arte erakutsi duten zurruntasunarekin». Hori dela eta, politika horiek zuzentzeko eskatu zion Hezkuntza Departamentuari: «Kontseilaria garaiz dabil oker egindakoak zuzentzeko eta seme-alabak herriko ikastetxean eskolatu nahi dituzten familia horiei ateak irekitzeko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.