Xabier Isasi. EH Bilduko legebiltzarkidea

«Itun estrategiko bat lortu nahi dugu, eta euskalgintza eragile nagusia izatea»

Egungo hizkuntza politika «errotik» aldatu behar dela uste du Isasik, eta ezagutzaren unibertsalizazioa lortu behar dela. Hori ardatz hartuta, akordio zabal bat lortzen saiatuko dira Eusko Legebiltzarrean.

ainara arratibel gascon
Andoain
2013ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Euskara Sustatzeko Ekintza Planarekin ez direla normalizazio soziala eta elebitasun orekatua lortuko defendatu du Xabier Isasik (Bilbo, 1956), EH Bilduko legebiltzarkideak.

Euskara biziberritzeko akordio zabal bat lortzeko proposamen bat lantzen ari zarete. Zein helbururekin?

Urte hasieran aurkeztu ziren 2011. urteko erroldaren datuak. Bertan ikusi genuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan euskaldunen hazkundea eten egin zela. Are gehiago, 2006. eta 2011. urteen artean, populazioan izandako gorabeherak kontuan hartuta, jaitsiera bat eman zen. Datuak ikusita, uste dugu diagnostiko bateratu bat egin behar dela, beste mota bateko hizkuntza politika bat garatzeko. Errotik aldatu behar da egungoa. Gakoa ezagutzaren unibertsalizazioan dago.

Azken urteetan, ordea, kezka erabileran egon da.

Bai. Erabileran gauzak hobetu egin daitezke. Baina erabileraren eta ezagutzaren arteko harremana ez da lineala. Erabilera sustatu ahal izateko bi modu daude: jakintza maila esanguratsu bat lortzea edo euskaldunak lurralde jakinetan biltzea. Egungo politikekin ez da lortu ezagutzaren unibertsalizazioa. Gainera, herri euskaldunenak deseuskalduntzen ari dira. Elebitasunaren aitzakian, erdalduntzen ari dira. Euskaldunen kopurua %95etik gorakoa den bi udalerri geratzen zaizkigu soilik: Baliarrain eta Orexa. Horrek hausnarketa bat eskatzen du.

Hizkuntza politika errotik aldatu behar dela esan duzu. Nondik hasi?

Unescok esaten du euskara hizkuntza gutxitu eta zaurgarria dela. Beraz, lehenengo aldaketak hori onartzetik etorri behar du. Alderdi politiko guztiok diagnostiko bateratu bat izan behar dugu. Adierazle gehienek esaten dute euskararen normalizazioan gaizki goazela. Ezin daiteke esan normaltasunez bizi gaitezkeela euskaraz. Ez da egia. Bestetik, gutxieneko oinarri batzuk adostu behar ditugu etorkizunari begira. Arnasguneak zaindu eta indartu behar ditugu. Gainera, funtzio berriak eskuratu behar ditugu euskararentzat.

Hasi zarete hitz egiten alderdiekin?

Dokumentu bat lantzen hasi gara, eta alderdiekin diagnostiko bateratu bat egin nahi dugu. Ikusiko dugu zein den erantzuna. Alderdi bakar batek ere ezin du esan euskara hizkuntza gutxitu bat ez denik, eta hazkunde prozesuan eten bat egon ez denik. Ondoren, euskalgintzarekin hitz egin nahi dugu.Euskalgintza bihurtu behar dugu normalizazio prozesuaren eragile nagusia. Prozesu dinamiko bat izan behar du. Izan ere, euskara berreskuratzeko prozesua ez da eman erakundeetatik bultzatutako politikei esker, baizik eta euskal hiztunen komunitatearen konpromiso eta lanarengatik. Itundutako hizkuntza politika bat behar da. Itun estrategiko hori da Madrildik etor daitezkeen erasoen aurkako babesik handiena. Erakundeen aldetik, jarrera aktiboa hartzea nahi dugu, euskara eta euskalgintza ez daitezen egon erasoen jo puntuan. Hortik aurrera, ikusiko da zer planteatzen den. Bere garaian, diktadura garaian, asmatu genuen, eta orain ere egingo dugu. Euskara biziko bada, ezin dugu mugarik onartu.

Zein isla izan dezake itunak Iparraldean eta Nafarroan?

Gure ustez, izan dezake, eta horretarako nahi dugu euskalgintza izatea itun estrategikoaren eragile nagusia. Gero ikusiko dugu nola artikulatu. Euskaldunok ahaldundu egin behar dugu ahal dugun lurralde eta inguru gehienetan, gobernuen araubideak guk jartzeko.

Euskara Sustatzeko Ekintza Planak elebitasun orekatua eta normalizazio soziala jarri ditu helburu. Lortuko dela uste duzu?

Normalizazioa hamasei eremutara mugatzen du planak. Horrela ezinezkoa da normalizazio soziala lortzea. Alor guztietara zabaldu behar da. Elebitasun orekatuari dagokionez, planteamendu gisa ona izan daiteke. Hizkuntzak jakitea aberatsa da. Baina euskararentzat normalizazioa nahi dugu. Ezin daiteke planteatu elebitasun orekatua, egoera erabat asimetrikoan gaudenean. Lehenbizi hizkuntzen arteko simetria bat lortu behar da, eta gero definitu zer hartzen den elebitasun orekatu moduan.

Eremu asko jorratzen ditu planak. Horietako bat hezkuntza da. Zein da zuen planteamendua alor horretan?

Guk argi jarriko dugu mahai gainean murgiltze eredua abian jartzeko beharra. Ezagutzaren unibertsalizazioa proposatu eta sustatu nahi den momentutik, herritar guztiek dute euskaldun izateko eskubidea. Hezkuntza sisteman bitartekoak eta baliabideak jarri behar dira eskubide hori egikaritzeko. Euskara ez jakitea ez da eskubide bat, gabezia bat baizik. Gaur egun indarrean dauden hiru ereduek huts egin dute ikasleak euskalduntzeko orduan. Murgiltze ereduaren aurka daudenek gurasoen aukeratzeko askatasuna erabiltzen dute argudio moduan. Baina hori gezur edo engainu bat da. Beste irakasgaietan helburu batzuk ezartzen dira, eta horiek lortu behar dira. Hor ez da hitz egiten gurasoen aukeratzeko askatasunaz.

Hiztun berriak lortzeko, lan erabakigarria egiten du helduen euskalduntze alfabetatzeak. Sektore horri begirako politiketan zein aldaketa egin daitezke?

Jaurlaritzak onartu behar du euskalduntze alfabetatzea estrategikoa dela. Horrek esan nahi urtero izan behar dituela ziurtatuta gutxieneko batzuk, nahikotasunez jardun ahal izateko. Hedabideekin berdin gertatu behar du.

Administrazioa euskalduntzeko Gipuzkoan hasitako bideari heldu nahi diozue?

Bide egokia da. Erakundeek euskarari lehentasuna emateko neurriak hartzeak naturala eta normala izan behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.