Langile isil-isila da. Ez du atsedenik hartzen. Etenik gabe aritzen da jardunean, Pasaiako badiaren barruan, San Pedroko ontziralekuaren inguruan lotuta, uretan. Goialdean, saskibaloiko baloi baten diametroa duen ahoa du, eta horren azpian, sarea. Haren zeregina da badia horretako uraren gainazalean dauden hondakinak ehizatzea, ondoren horiek jaso eta aztertzeko. Seabin Pasaia du izena: bi urte dira lanean hasi zenetik, eta ordutik ia hirurehun kilo hondakin jaso ditu. Bila joan beharrean, Seabinengana iritsi da ur azalean noraezean dabilen zikinkeria hori. Euskal Herrian nahiz Bizkaiko Golkoan bakarra da, eta munduan orotara haren antzeko 850 bat daude.
Ingurumenean eragiteko gailua da Seabin Pasaia. Bere egiten duen hondakinen kantitateari baino gehiago, horren nolakotasunari ematen diote garrantzia Pasaiako Mater Ontzi Museo Ekoaktiboan. Haiek kudeatzen dute aparatua, eta, besteak beste, husteaz eta jaso dituen hondakinak sailkatzeaz arduratzen dira astero: bi urtean 181.196 hondakin zati bildu dituzte, gehienak txiki-txikiak, hiru eta bost milimetro artekoak. Beraz, 50 zentimetro inguruko ahoa duen gailuak, mugitu gabe, hori guztia biltzen badu, pentsa daiteke zer-nolako hondakin kopurua dagoen itsasoan.
“Ikerketa zentroek diote hondakinak daudela itsasoan, baina ez dagoela erabat zehaztua zer-nolakoak diren. Itsasoen kutsadurari aurre egiteko datu gehiago behar dira, eta bide horretan lagungarri da Seabin, ikerketa jarraia egiteko”, adierazi du Sara Lizartzak, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboko proiektuen arduradunak. Lizartzak zehaztu du duela zortzi urte Australian sortu zutela Seabin egitasmoa. Ordutik, munduko sare bat osatu dute.
Plastikoa nagusi
Lizartzak aipatu du “normala” dela itsasoan hostoak edo makila zatiak izatea. Horiek ez dituzte kontuan hartzen hondakinen inbentarioa egitean. Bai, ordea, plastikoa, metal zatiak, arrantzarekin lotutako materiala edo etxeko gaiak. “Seabinek jasotzen dituen hondakinek neurri batean balio dute etxeetan dugun kontsumo ereduaren berri izateko. Bildu ditugunen zerrendak hori demostratzen du. Kezkagarriak dira datuak. Gainera, astero-astero errepikatzen dira jaso direnen ezaugarriak, Pasaian, eta toki guztietan”.
Seabinek bi urtean gehien jaso dituenak, nabarmen gainera, mikroplastikoak —bost milimetro eta 2,5 zentimetro artekoak— eta plastiko zati handiagoak dira —2,5-50 zentimetro artekoak—. Lizartzaren hitzetan, industriatik, gai kosmetikoetatik edo bestelako plastiko zati handiagoetatik eratorriak dira horiek. “Ez dira gauza osoak. Beste zerbaiten zati izan diren plastiko txikiak dira. Plastikoa degradatzea oso zaila dela erakusten du horrek. Munduko beste gailuetan ere horiek dira gehien jasotzen diren hondakin zatiak”. Mikroplastikoen eta plastikoen ondoren, erretzearekin harremana duten hondakinak ageri dira: zigarroak eta tabako kutxetako plastikozko bilgarriak. Tapoiak eta litxarreria poltsak ageri dira ondoren.
“Baina Pasaian agertu diren hondakinen artean higienearekin lotutakoek kezkatzen gaituzte gehien”, adierazi du Lizartzak. “Esan daiteke aurreko guztiak guretzat ohikoak direla, Mater egitasmoarekin egiten ditugun bestelako hondakin bilketetan agertzen direlako. Baina higiene produktuena deigarria da oso”. Belarriak garbitzeko kotoi zotzen makilak, adibidez, maiz agertzen direla jakinarazi du Materreko kideak.
Ondorio nabarmenak
Itsas hondakinena da munduan ingurumen alorreko arazorik larrienetakoa, klima aldaketarekin eta biodibertsitatearen galerarekin batera. Ekosistemak kutsatzeaz gain, itsasoko animaliengan inpaktu fisiko zuzena dute, mikroplastikoek, batez ere. “Arrainek mikroplastikoak jaten badituzte, maiz jakiekin nahasten dituztelako edo besterik gabe arrain filtratzaileak direlako, ito egin daitezke, edo osasun arazo larriak izan ditzakete”. Lizartzak zehaztu du ez dela irensten dutenaren tamaina bakarrik, “horiek dituzten osagai kimikoak ere kaltegarriak dira, eta kate trofikoan eragina du horrek”. Beraz, gizakiengana ere iristen dira hondakin txikiak. “Ikerlariek gizakien barruan ere topatu izan dituzte mikroplastikoak: odolean, zeluletan…”.
Dibulgazioa eta sentsibilizazioa da Seabin Pasaiaren lanaren beste oinarrietako bat. Gailuak astero jasotzen dituen datuak partekatzen dituzte sare sozialen bidez, eta Pasai San Pedron, Mater ontzia dagoen tokian, gune fisikoa dute jendeak zuzenean ikus dezan zer bildu duen Seabinek.
Egitasmoa lagundu nahi duten boluntarioei hurbiltzeko dei egin die Lizartzak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Pasaiako Portu Agintaritzaren kolaborazioa dute. “Baina finantzaketa falta dugu. Enpresek eta eragileek egitasmo honetan kolaboratu nahi badute, etor daitezela”.