Itsas zientzialaria

Maxi Castrillejo: «Itsasoagatik ez balitz, askoz okerrago egongo ginateke»

Castrillejoren ustez, gizarteak ez daki zer-nolako ahalmena duen itsasoak klima aldaketaren eraginak leuntzeko, baina ohartarazi du aldaketek kalte larriak eragin ditzaketela.

Maxi Castrillejo. JON URBE / FOKU
Maxi Castrillejo. JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
ANDOAIN
2024ko urriaren 18a
05:00
Entzun

Beste zazpi zientzialarirekin batera, Groenlandian ibili da Maxi Castrillejo (Hondarribia, 1986) Lausannako Unibertsitateko (Suitza) itsas zientzialaria, klima aldaketak itsasoko ekologian eragiten dituen aldaketak aztertzeko laginak hartzen. Lan gogorra izan dela azaldu du, han egun osoa ematen baitzuten lanean, baina egiten duenak grina pizten diola nabari zaio hasieratik.

Groenlandian izan zara lanean. Zertan zehazki?

Uztailean joan ginen, lau bat aste, Groenlandiaren hego-mendebaldera. Hori da izotz geruzarik ez duen zona bakarra, eta bertan bizi da jendea. Itsas zientzialariak gara denak, batzuk kimikoak, fisikoak, biologoak...

Groenlandiak beste lekuek baino askoz gehiago pairatzen du klima aldaketa, uharte handi bat delako eta izotzez inguraturik eta estalirik dagoelako. Izotz horren zati bat oso azkar urtzen ari da, eta horrek eragina du ekologian eta gizartean. Horregatik joan gara hara Suitzak zuzendutako talde bat, zortzi zientzialariz eta bertako sei biztanlez osatutako eskifaia batean.

Eta zein izan da zure lana zehazki?

Itsasoak karbono dioxidoa trukatzen du atmosferarekin, eta hori prozesu kimiko, fisiko eta biologiko batzuei esker gertatzen da; bada, nire lana hori aztertzea da. Lurrean landareek egiten duten moduan, itsasoko fitoplanktonak eguzkiaren energia eta atmosferako karbono dioxidoa erabiltzen ditu ugaltzeko. Gainera, itsasoko kate trofikoaren oinarria dira, lurrean belarra den bezala. Elikagai dira animalientzat, eta horiek hiltzen direnean itsas hondora joaten dira, eta haiekin garraiatzen dute karbonoa itsas sakonera; bertan, atmosferatik isolatuta egon daiteke karbono hori ehunka mila urtez. Karbono ponpa edo transferentzia moduko bat da, atmosferatik itsas sakonera, eta hori da nire lana: aztertzea biologiaren bitartez zer-nolako gaitasuna duen itsasoak karbonoa hartzeko.

Munduaren gainazal gehiena itsasoa da, eta karbonoa xurgatzeko ahalmen handia du. Gutxietsi egiten al da itsasoak klima aldaketaren aurka duen garrantzia?

Bi datu emango ditut: batetik, itsasoak estaltzen du munduaren gainazalaren bi heren baino gehiago, eta, bestetik, itsasoak basoek bezainbeste karbono xurgatzen du, laurden bat bakoitzak. Denok ulertzen dugu itsasoa diru iturri dela, kirola egiteko leku bat, turismoarentzat ustiagarria, baina ahazten dugu gizarteari izugarrizko mesedea egiten diola, karbonoa xurgatzeaz gain beroa ere hartzen baitu. Atmosferaren beroketa gradu eta erdira gerturatzen ari da; ba, itsasoagatik ez balitz, askoz okerrago egongo ginateke, itsasoak hartzen baitu sortu dugun beroaren %90. Beraz, %10 bakarrik ari gara pairatzen, itsasoari esker.

«Modelo matematiko batzuek diote [izotza urtzeak] ponpa biologikoa ahulduko duela eta itsasoak ezingo duela horrenbeste karbono xurgatu»

Badirudi ez dela hain ezaguna itsasoaren garrantzi hori.

Egunero sumatzen ez duzunean, ez zara ohartzen duen zereginaz. Sentsibleak gara, batez ere, itsasoan ikusten diren gauzekin; zakarrarekin, adibidez. Baina ez gara ohartzen itsasoa zaindu behar dugula klima aldaketan zeregin handia duelako.

Klima aldaketaren ondorioz, izotz geruzak urtzen ari dira. Zer eragin du horrek aipatutako karbono transmisio horretan?

Eragin ezberdinak ditu. Ulertzeko errazena itsasoaren mailaren igoera da. Nire sorterrira joanda, Hondarribira, gaur egun marea biziak daudenean Amute auzoan ura sartzen da. Bada, pentsa itsasoko maila gehiago igoko balitz. Fitoplanktonari dagokionez, Groenlandiako fiordo batzuek asko egin dute atzera, ehunka metro sartu dira lurrera. Hori da gure etorkizuna, eta ondorio asko ditu, moldatu egiten baitu itsasora iristen diren nutrienteen eta ur gezaren kantitatea. Modelo matematiko batzuek diote horrek ponpa biologikoa ahulduko duela eta itsasoak ezingo duela horrenbeste karbono xurgatu. Hala ere, datuak behar ditugu, ebidentzia zientifikoa. Horregatik joan ginen laginak hartzera.

Oreka aldaketa horrek zer eragin izan ditzake?

Oinarria aldatzen bada, fitoplanktona eta zooplanktona, kate trofikoan gainean dauden espezieen egoera ere aldatzen da. Horrek kezkak sortzen dizkio arrantzaleari; Groenlandian, adibidez, bakailaoa gutxitzen hasi zen leku batzuetan, eta otarrainxkak iritsi ziren. Bada, itsasontziak aldatu egin behar dituzu espezie berrietara moldatzeko; bestela, industria pikutara joan daiteke. Eta hori da herri batzuetan gertatu dena.

Gizartean ere inpaktua du, beraz.

Nazioarteko inkesta baten arabera, Groenlandiako biztanleak ari dira klima aldaketaren inpaktua gehien nabaritzen, hamar biztanletik bederatzik onartzen baitute eraginak pairatzen dituztela. Kultura arloan, haientzat fokaren eta hartzaren ehiza oso garrantzitsuak ziren, baina orain lehen zeuden lekuetan ez dago hartzik, eta hori gogorra da haientzat, erritual asko horren inguruan baitziren.

Duela gutxi, Groenlandiako ekialdean luizi bat egon zen planeta berotzearen ondorioz, eta 200 metroko altuerako tsunami bat egon zen. Fiordo horretan bederatzi egunez ibili zen olatu hori alde batera eta bestera. Oso jende gutxi bizi den leku batean pasatu zen hori, baina pentsa jendea bizi den leku batean gertatu izan balitz zer eragin izango zukeen. Hori da alderdirik bortitzena, baina gauza asko daude.

Hala ere, aukerak ere sortzen dira, izotz gutxiago egonez gero eremu handiagoa baitago mineralak eta bestelakoak ustiatzeko. Hainbat enpresak interesa dute hori ustiatzeko, eta horren inguruko erabakimena bertako 50.000 biztanleek dute, baina horrek inpaktu handia izango luke ekologian eta ingurumenean ere. Erabaki eta erronka handiak dituzte aurrera begira, guk baino gehiago.

«Groenlandiako biztanleak ari dira klima aldaketaren inpaktua gehien nabaritzen, hamar biztanletik bederatzik onartzen baitute eraginak pairatzen dituztela»

Euskal Herriko kostaldean ere ikusi al daitezke eragin horiek?

Azti zentroak ondo aztertzen du itsasoak klima aldaketarekin duen harremana, eta duela gutxi publikatu zuten eraginak jada ikusi daitezkeela, esaterako, itsas mailaren igoeran. 1980ko hamarkadatik hona, lau eta hamar zentimetro artean igo da, eta tenperatura 0,5-1 gradu igo da.

Proiekzioak dira metro erdi eta metro bat artean igo daitekeela itsas maila gauzak ondo egiten baditugu, baina jarraitzen badugu Amazon bidez paketeak erosten, edo autoa hartzen garraio publikoa erabil dezakegunean, ez izan dudarik aurreikuspen horiek gainditu egingo direla.

Desazkundea beharrezkoa da, beraz?

Guztiz beharrezkoa. Funtsean, karbono dioxido gutxiago isuri behar dugu atmosferara, eta, horretarako, gutxiago kontsumitu behar dugu, gure bizitza apaldu. Beroketa globala 1,5 eta 2 gradu artean mantendu behar dugu, eta langa hori ez pasatzeko, isuriak gutxitu eta atmosferan dagoen karbonoa kendu behar da, sektore batzuek ezingo baitiote utzi CO2a isurtzeari. Hori da etorkizuneko lan handiena; gure aitona-amonen bizimodura hurbilduz eta teknologia erabiliz, uste dut gai izan gaitezkeela klima aldaketa goxatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.