Hiru ordu behar izan zituzten atzo Luno zamaontzian trabaturik geratu ziren 11 marinelak eta Baionako portuko lemazaina salbatzeko. Haize bolada azkarrei eta olatu basei aurre eginez, ahal bezala hurbildu zitzaienarmadaren helikoptero bat, eta banan- banan atera zituzten ontzitik. Guztiak ziren hipotermian, eta bakar bat arinki kolpaturik zegoen, erortze batengatik. Haatik, denak ziren jasan kolpe handiaz inarrosirik: «Egoerak izugarri harritu ditu, izualdi handia izan dute, marinelak izanagatik ere itsasoak shock handia eragin die», zioen larrialdietako medikuntza zerbitzuko buruak. Antzera Benjamin Bougault helikopteroaren pilotuak: «Tripulazio osoa shock egoeran eta zentzordatua zen; hipotermiak jota zeuden, baina osagarri onean guztiak». Egunaren bukaeran, «ongi» zirela jakitera eman zion Murueta itsasontzi enpresako, zeina ontziaren jabea den, arduradun batek BERRIAri. Aditzera eman zutenez, Pasaiako portutik (Gipuzkoa) abiatu eta Baionarako portura zihoan ontzia, han zama hartzeko. Baina ezbeharrak eragotzi zien, eta larritasuneko orenak igaro zituzten.
Emozio gogor horiek atzo 10:00 inguru Lapurdin izandako istripu larriaren ondorioak dira: Baionako portura sartzera zihoala zamaontzia bitan zatitu zitzaien Angelu eta Baiona arteko Barra inguruan. Olatu bortitzei ezin aurre eginez, ontzia trabeska jarri zitzaien eta dikearen kontra egin zuten. «Kalte elektriko» bat zuen Murueta enpresaren zamaontziak, Patrick Dallennes Baionako suprefetak komunikabideei zehaztu zienez. Hori dela eta, ezin izan zuten ontziaren norabidea kontrolatu. Alta, Muruetakoek berehala zehaztu zutenez, azterketa bat egin berria zuten eta «baimen guztiak» zituen itsasoratzeko. Frederic Cuvillier Frantziako Garraio ministroak ere baieztatu zuen informazioa. Zamaontziaren bi zatiak itsasoan dira goiz honetan ere, enbatagatik ezin izan zituztelako bertatik kendu. Istripu horri buruzko ikerketa hasiko dute Frantziako eta Espainiako erakundeek.
Lapurdiko albiste honek oihartzun handia izan zuen atzo, baina bestela ere itsasora begira joan zen eguna euskal kostalde ia osoan. Berriro enbata zetorrela eta, kezka handia egon zen. 12:00etan ezarri zuen Eusko Jaurlaritzak alerta laranja, eta okerrena arratsalde-ilunabar partean etor zitekeela esan zuen —21:00en atarian— orduan baitzen marea gora. 18:00etatik aurrera segurtasun neurri bereziak jarri zituzten indarrean, eta premiazkoak izan ziren. Izan ere, olatuen oldarraldia lehorreraino iritsi zen atzo ere. Donostiako hainbat kaletan barruraino sartu zen itsasoko ura, baita hiriko Parte Zaharrean ere.Bermeon ere (Bizkaia) olatuek portuan eta inguruetan itsasoari aurre egiteko jarrita dauden hormatzarrak gainditu zituzten; izan ere, aurreko enbatarekin nabarmen hondatu zien.
Baina, oro har, atzo iluntzean jasotako berrien arabera, asteburuko enbataren ondoan, samurragoa izan da hau. Ikusle asko izan ziren atzo ilunabarrean kostako bazter askotan, itsasgorak zer ekarriko, eta irudi eder asko izan ziren. Arazoak ere bai —ura sartu zen hainbat tokitan—, baina txikizio nabarmenik ez. Esana zuten adituek asteburukoaren tamainakorik ez zela espero, eta asmatu dutela dirudi. Mareak indarra galtzen ari dira, eta, horrekin, itxura batean, olatuak ere bai.
Marinelengatik kezkatuta
Atzo eguerdian prentsaurreko bat egin zuten suprefetak eta Jean Espilondo Angeluko auzapezak,Barrako hondartzan bertan, marinelak zamaontzian zirelarik oraindik. «Blokeaturik diren marinelen salbatzea dugu garrantzitsuena ordu honetan», Espilondoren erranetan. Hori erraterako, beste arazo larri bat zuen gogoan: kutsadura.
Laster hedatu zen gasolioa isurtzen ari zelako berria eta, nahiz eta ezer ez ikusi, hondartzan barrena zen gasolio usain azkarrak baieztatzen zuen informazioa. Eta kezka ere bai.
Bretainiako Brest hiritik abiaturik, arratsaldean iritsi ziren analisiak egitera, kutsaduraren arloan aditu CEPPOL zentroko ikertzaile batzuk. Hain zuzen,100-110 tona erregai ziren zamaontzian eta horietarik 15 tona inguru isuri ziren itsasora, Espilondo auzapezaren hitzetan. Aditzera eman zutenez, 80 tonakausitzen dira oraindik brankan eta beste 15 tona popan.
Nolanahi ere, kutsaduraren aurkako neurriak ezin izan zituzten hartu, ekaitzagatik. Eta horrek areagotu egin zuen ezinegona. «Ikusirik olatuen indarra, popa hausteko arriskua badago; erregaiaren %10 hor omen dago», zioen kezkaturik Espilondok barda. Armadaren helikopteroek eta itsasontziek kontrolatu zuten gunea gau guztian. Nahiz eta guztiek «kutsadura masiboaren» presentzia baztertu, arriskuak hor dira.
Larriago izan zitekeela baldin badio ere, kutsadura deitoratu zuen Stephane Laxague Europako Surfider fundazioko zuzendariak: «Beti behar dira hondamendiak kutsaduraz kezkatzeko. Hor ezantza ukan dugu, askoz kalte gehiago izan zitezkeen jakinik erregai ontziak beteak zirela».
Itsasoko kutsaduraren aurkako Polmar plana martxan jartzeko eskatu zion berehala suprefetari Angeluko auzapezak. Pirinio Atlantikoetako eta Landetako departamenduetan dute gauzaturik. Horrez gain, atzo bezala egun ere hetsirik da Barreko hondartza. Brankan eta popan kokaturiko gasolioari dagokionez, ontzijabeak bi egun ditu ponpatzeko plana aurkezteko. Jabeek zehaztera eman zutenez, barda ez zuten eginbeharrekoaz oraindik erabakia. Aurrena eskifaiaren egoera argitu nahi izan zuten, eta orain aztertu beharko dute zer egin.
Garraio ministroak, bere aldetik, armadakoek eta sorosleek egindako lana txalotu zuen: «Lan bikaina eta izugarrizkoa egin dute. Haien bizia arriskuan eman dute bizi batzuk salbatzeko». Adituen arabera, haizea zakar ibiliko da gaur. Ikusi beharko da zamaontzian egin beharreko lanak eragozten dituen. Baina ekaitza baretzen ari dela dirudi.
Denboralea
Itsaso zakarrak trabatuta
'Luno' zamaontzia bitan zatitu da Angeluko kostan, eta 15 tona gasolio isuri dira itsasora; eskifaia erreskatatu egin behar izan duteArazoak eragin ditu ilunabarreko enbatak, baina samurragoak asteburukoen aldean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu