Itsaso barean, bi eztanda handi

Iruñeko Udaleko zentsura mozioak eta Parlamentuan oldarka sartzeko laborarien saioak markatu dute azken urtea. Bide politiko berari jarraitu dio Nafarroako politikak: PSN eta EH Bildu, beren arteko harremana sakonduz, eta eskuina, hori eragotzi nahian.

Martxoaren 7an, aurrekontuak onartu ziren egunean, laborari talde bat parlamentuan sartzen ahalegindu zen, oldarka. IÑIGO URIZ / FOKU
Martxoaren 7an, aurrekontuak onartu ziren egunean, laborari talde bat parlamentuan sartzen ahalegindu zen, oldarka. IÑIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2024ko uztailaren 30a
05:00
Entzun

«Blokeo argia dago». Duela urtebete, uztailaren 30an, Geroa Baiko Maria Solanak koska bat igo zuen tonua, eta publikoki ohartarazi zuen Nafarroako Gobernua osatzeko negoziazioak kateaturik zeudela. Ia hiru hilabete iraun zuen negoziazio prozesu zailaren erdian, PSNren eta Geroa Bairen arteko tentsio unerik gorena izan zen hura, harremanak bere onenean ez zeuden seinale. Alta, udako ekaitzak ez zuen luze iraun. Astebete geroago gauzatu zen akordioa. Abuztuaren 15erako, lehendakari zen Maria Txibite.

Hamabi hilabete geroago, urak bare daude Nafarroako politikagintzan. Izan ere, azken bost urteetako bide politiko bereari jarraitu dio. 2019ko udan, EH Bilduk erabaki zuen Txibiteren lehen inbestidura ahalbidetzea, eta aurreko legealdiko norabideari eutsi dio. Are, sakondu egin du. Urriaren 7an, egiaztatu zen politikoki zerbait diferente zegoela. Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioa presidentea osatzeko orduan, PSNko ordezkariek EH Bilduko hautagai Xabier Alkuaz babestu zuten, eta zuzendaritzan EH Bilduk gehiengoa izateko modua eman zuten.

Abisua izan zen hura, zer zetorren. Udazken hartako giro politiko beroan, bolo-bolo zebilen Iruñeko udalean zentsura mozio bat egoteko aukera. Nolanahi ere, espekulaziozko galderak eta oharrak salbu, ez zegoen bestelako heldulekurik.

Benetako lehen eztanda abenduaren 13an iritsi zen. Ustekabea izan zen PSNren eta EH Bilduren akordioa. Bi alderdiek egun hartan jakinarazi zuten UPN Iruñeko Udaletik kentzeko akordioa hitzartu berri zutela, eta segidan bat egin zuten Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak. Abenduaren 28an gauzatu zen Iruñeko zentsura mozioa. Sozialisten erabaki haren aurka gogor jo zuen eskuinak, batik bat UPNk, eta  garai bateko bi alderdien harreman ona guztiz hautsirik dago geroztik.

Martxoaren 7ko gertaera

Legealdiko beste eztanda, tentsio unerik handiena, aurrekontuak onartu zireneko egunean izan zen, martxoaren 7an. Espero bezala, Nafarroako Gobernuarekin hitzartutako akordioa bete zuen EH Bilduk, lehen urte honetan onartutako lege nagusiari bidea zabalduz. Albistea ez zegoen, baina, parlamentuko hormen artean, kanpoan baizik. Zehazki, atarian.

Hilabete lehenago hasitako nekazarien protestak borborka zeuden ordurako, eta legebiltzarrean orain arteko 11 legealdietan inoiz ikusi gabea ikusi zen. Gehiengoak atzera bota zuen lehen sektorearen aldeko zerga onura batzuei buruzko UPNren ahozko zuzenketa bat, eta, sumindurik, parlamentuan sartzen ahalegindu zen laborari talde bat. Foruzaingoak eragotzi egin zuen saiakera hura. Aurretik, Txibiteren etxe aurrean egin zuten protesta bat, eta, euroeskualdeko hiru agintariek Erriberrin egindako ekitaldian, irainka hartu zuten laborari horiek lehendakaria berriro.

Parlamentuan oldarka sartzeko eginahal hark mugarri bat ezarri zuen, eta susmoa piztu zen hauspo politiko bat zegoela mugimendu haren atzean. PSNk zuzenean seinalatu zituen UPN eta Vox, saiakera haren atzean egotea leporatuta. Adibidez, UPNko Elizagorriko alkatea eta beste hautetsi bat han izan ziren, eta alderditik kanporatzeko exijitu zuten sozialistek. Gainera, parlamentuko taldeek ez zuten kondenatu gertaera hura. Gobernuko bazkideek eta EH Bilduk erasotzat jo nahi izan zuten; UPNk eta PPk, aldiz, ez zuten eraso hitza onartu nahi izan.

Legealdi honen berezitasunetako bat izan da hori. Parlamentuko araudia aldatu denetik, adierazpen instituzionalak aho batez onartu behar dira, eta Vox bertan egoteak oso zail bihurtu du legebiltzarrak posizio bateratu bat hartzea, baita gainerako alderdiak ados dauden gaietan ere —aurkeztutako 111 adierazpenetatik 22 baino ez dira onartu—. Horri loturik, eskuin muturreko bi parlamentariak ahalegindu ziren hilketa matxistak gaitzesteko elkarretaratzeak erabiltzen mezua desitxuratzeko. Denborarekin, baina, gutxienez lortu da haiek ez parte hartzea.

Eskuin muturrak ez du parlamentua baldintzatu, baina ezin da esan haren presentzia oharkabean pasatu dela. Bere gaiak agenda politikoan kokatzen ahalegindu da. Gainera, UPNren eta PPren diskurtsoak eskuin muturra eroso dagoen gaietarantz jo du zenbaitetan: segurtasuna, migrazioa, nekazarien protestak, zergak...

Jokabide kodea eztabaidagai

Tonua ere gogortu egin dute, eta, giro horretaz eta gorroto mezuez kezkatuta, Unai Hualde Parlamentuko presidenteak parlamentarien jokabiderako kode bat proposatu zuen maiatzaren amaieran. Haren edukia lantzeko lantalde bat osatu, eta irailetik abian jarriko da.

Eskuineko bi alderdien artean lehia dago nork hartuko oposizioaren gidaritza. Nahiz eta UPNk historikoki izan duen nagusitasuna esparru horretan, PPk UPNren egungo ahulezia baliatu nahi izan du. Horregatik, apenas izan den alderik bien jarreretan.

Salbuespena trafiko eskumenaren gaiak ekarri du. Otsailean, ezustean, Auzitegi Gorenak baliogabetu egin zuen Nafarroari errepide zaintzaren eskumena itzultzeko dekretua, eta, epai horrek adierazitakoa zuzentzeko bidean, Foru Hobekuntza aldatzeko prozesuari ekin zaio. Aldaketa onartzeko orduan, UPNk alde bozkatu zuen, eta PPk kontra. Biek erabili dute gaia salatzeko PSNk EH Bilduren esanetara dagoela eta Guardia Zibila Nafarroatik kanporatu nahi duela. Haatik, bozketa hartan, «foruaren aurka jartzea» egotzi zion Javier Esparzak Alderdi Popularrari. PPko Javier Garciak ihardetsi zion abertzaleen estrategiarekin bat egin zuela.  

Trafikoarena ustekabeko auzia izan da, baina, aldaketa horretaz gain, parlamentuan lantalde bat dago osaturik Foru Hobekuntzaren balizko erreforma baten edukiak aztertzeko. Hurrengo urte politikoan ikusiko da emaitzarik izaten duen.

Gainera, urteko beste aldaketa handia UPNren barnekoa izan da. Esparzak utzi egin du alderdiaren lema, eta Cristina Ibarrola Iruñeko alkate ohiak hartu zuen haren lekukoa, apirilaren 28ko kongresuan. Alejandro Toquero Tuterako alkatea izango da presidenteordea, eta bien artean kontrolatuko dute alderdia. Haatik, alderdiaren norabideari buruzko erabaki handirik ez dute hartu. Javier Esparza da orain ere parlamentuko eledun, eta haren eskutik politikara iritsi zen Maria Jesus Valdemorok politikagintza utzi du.    

2.037

Parlamentuko jarduera: Lehen urte honetan, 2.037 ekinaldi erregistratu dira legebiltzarrean. Orotara, hamahiru foru lege onartu dituzte, horietatik 11 gobernuak proposatutakoak. 700 galdera egin dizkiete gobernuari, eta 164 agerraldi egin. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.