Itsasargi bat sexu indarkeriaren aurka

Sexu Indarkerien Arreta Integralerako Zentroa zabaldu berri dute Iruñean, era horretako indarkeriak sufritu dituzten emakumeei arta, aholkularitza eta laguntza eskaintzeko xedez. Hainbat alorretako profesionalek ematen dute zerbitzua, egunero, 24 orduz.

Iruñeko SIAIZen lanean diharduten profesionaletako batzuk. Erdian, Mari Rekalde koordinatzailea. IÑIGO URIZ / FOKU
Iruñeko SIAIZen lanean diharduten profesionaletako batzuk. Erdian, Mari Rekalde koordinatzailea. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko apirilaren 26a
05:00
Entzun

Babesgune bat da, baina ez babesgune bat soilik. Sexu eraso baten ostean laguntza eskatzeko espazio bat da, baina baita laguntza psikologikoa eta aholkularitza juridikoa jasotzekoa ere. Sexu indarkeria motaren bat sufritu duten emakumeei zuzenduta dago propio, baina bertan arreta eskaintzen diete, behar izanez gero, senideei eta hurbilekoei ere. Iruñeko Arrosadia auzoan zabaldu berri dute SIAIZ Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroa, eta arduradunek berehala nabaritu dute bazegoela horren beharra: martxan jarri osteko lehen egunetan, dozenaka eskaera jaso dituzte, telematikoki, telefonoz edo aurrez aurre. Batzuek jakin nahi dute zer egin dezaketen bikotekideak bortxatutako senide bati laguntzeko, hark ez badu salaketa aurkeztu nahi; beste batzuek prozesu juridikoaren nondik norakoak ezagutu nahi dituzte, edo Nafarroako Gobernuaren beste zerbitzu batzuetatik bideratu dituzte SIAIZera; eta askok, besterik gabe, gertatutakoa kontatu nahi dute. «Sexu indarkeriak askotarikoak izan daitezke, eta kasuan-kasuan eskaintzen dugu arta mota bat edo bestea», azaldu du Mari Rekalde Garciak, zentroko koordinatzaileak.

«Norbaitek arta psikologikoa behar badu edo prozedura juridikoaz galdetu, hemen aurkituko du laguntza».

MARI REKALDE Sexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroko koordinatzailea

Espainiako soilik baietz da baietz lege organikoaren arrimura sortutako egitasmoa da Iruñeko zentroa. Izan ere, arau horretan jasota dagoenez, probintzia bakoitzak gisa horretako arretarako gune bat izan beharko luke urtea bukatu aurretik. Nafarroan, ordea, bidearen zati handi bat egina zuten aurretik, eta horrek oinarri sendoagoa eman dio proiektuari: «Ez gara hutsetik abiatu», laburbildu du Rekaldek. Herrialdean, Gizain fundazio publikoaren esku daude gizarte zerbitzuetako baliabideak eta zentroak, eta horrek berak kudeatzen du SIAIZ berria ere. «Lantalde bera arduratzen da indarkeria matxistaren aurkako zentro guztiez, irizpide bertsuak ditu, eta genero perspektiba bera. Horrek koordinazio eta jarraitutasun handia eman dio proiektuari».

Etenik gabeko arreta

Nafarroako Gobernuak beste lau bulego ditu indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko —Atarrabian, Lizarran, Tafallan eta Tuteran—, baina Iruñekoa espezializatua dago sexu indarkerian, eta etenik gabeko arreta eskaintzen duen bakarra da: zabalik da urteko egun guztietan, 24 orduz. Han, hamazortzi profesionalek egiten dute lan: psikologoak, abokatuak eta gizarte langileak, besteak beste. «Niretzat, luxua da zentro berean eskuragai izatea soslai profesional ezberdineko jendea. Norbaitek arta psikologikoa behar badu edo jakin nahi badu zer egin behar duen salaketa bat jarri ondotik, hemen topatuko du laguntza», gehitu du koordinatzaileak.

«Adingabe ugarik jo dute gugana egunotan, eta baita helduek ere, iraganeko indarkerien berri emateko».

MARI REKALDESexu Indarkerien Arreta Integraleko Zentroko koordinatzailea

Kanpotik begiratuta, bulego arrunta dirudi, baina baliabide ugari biltzen ditu SIAIZek barruan: aurrez aurreko artarako bulegoez gain, erabilera anitzeko areto bat dute bilera handiak eta ikastaroak egiteko, «aurrez hartutako frogak» lortzeko gela bat —epaiketetan erabiliko diren testigantzak grabatzeko— eta baita biktimentzako larrialdiko etxebizitza bat ere. «Andre batek sexu indarkeria sufritu badu eta ezin bada etxera itzuli, hemen aukera du gau bat edo bi igarotzeko», kontatu du Rekaldek. «Imajinatu kanpotarra zarela, sexu eraso bat sufritu duzula eta ez dakizula nora jo; bada, halako kasuetarako dugu baliabide hau. Intimitatea bermatzen duen espazioa da, kaletik ez baita ikusten, eta erabiltzaileek badakite atearen bestaldean zentroko profesionalak izanen dituztela eguneko edo gaueko edozein ordutan, laguntzeko prest».

Iraganeko bortxak, argitara

Gizain fundazioko eta Nafarroako Berdintasun Institutuko arduradunek ez zekiten nolako harrera izanen zuen zerbitzu berriak, baina egun gutxi batzuk nahikoa izan dira zentroak piztu duen jakin-minaz jabetzeko: «Lehen zortzi egunetan, hamaika espediente zabaldu genituen, eta, horiez gain, telefono dei eta mezu ugari jaso ditugu», azaldu du koordinatzaileak. «Gazte eta adingabe askok deitu digute, aisialdiarekin lotutako sexu erasoen berri ematera edo galdetzera ea nola laguntzen ahal dioten indarkeria sufritu duen lagun bati. Ikastetxeetatik ere deitu izan digute, susmoa zutelako ikasle batek sexu indarkeria pairatzen zuela».

Orain sufritutako erasoez gain, baina, emakume askok Arrosadia auzoko zentrora jo dute iraganeko indarkerien berri eman nahi zutelako: «Horrek harritu gaitu», aitortu du Rekaldek: «Gazte denboratan bikotekideak edo senideren batek eginiko sexu erasoez hitz egin digute, adibidez». Horrelakoak kontatzeko espazio seguru bat behar zuten seinale.

Espedientearen zioa edozein delarik ere, SIAIZera jo duten emakume guztiei harrera egin dietela nabarmendu du zentroko buruak. «Xedea da ahalik eta emakume gehienengana iristea, eta erraztasunak ematea beren egoera konta dezaten, toki batetik bestera ibiltzeko beharrik gabe. Arta integrala eskaintzen dugu, eta horrek esan nahi du hona datozenek eskura izanen dituztela gure baliabideak, aurretik salaketa bat aurkezteko betebeharrik gabe eta edozein dela ere beren egoera administratiboa».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.