Itsasargi bat ilunetan

Korrikaren bereizgarri nagusietakoa da gauean ere ez geratzea, eta, hain zuzen, bart gauean iritsi da ekuatorera, ibilbidearen erdira, Zarautzen. Gipuzkoan eta Bizkaian igaro du gaurko eguna, eta bihar arratsaldean iritsiko da Bizkaiko hiriburura.

Gauez eta maldan gora, baina aurrera doa Korrika. OLI ARTOLA
Korrika gauez, bart gauean. OLI ARTOLA
Irati Urdalleta Lete.
Lekeitio
2024ko martxoaren 20a
20:54
Entzun

Eguna izan ala gaua; Korrikak badu bereizgarri nagusi bat: ez da sekula geratzen. Halaxe izan da bart gauean eta goizaldean ere: Buruntzaldeko eta Urola Kostako herrietatik igaro da.

21:30erako, Hernanin (Gipuzkoa) da Korrika. Furgonetara sartu, eta festa giroa da nagusi. Baina berehala hasi dira dantzan tripa zorriak. Hernani, Urnieta... Ez dago geratzerik afaltzeko. «Egin lekua, egin lekua», dio baten batek. Eta han dator afaria. Bi edo hiru kaxa sartu dituzte furgonetara: sandwichak, patata tortillak... Segituan egin diote eskaintza kazetariari ere: «Zuk ere hartu lasai asko». Gau luzea dago aurrean.

Festa giroa furgonetan, eta festa giroa kalean ere: goraino bete dituzte euskaltzaleek Hernaniko, Urnietako, Lasarte-Oriako kaleak. Bengalekin egin diote ongi etorria askok. Argia ilunetan. Momentu hunkigarria izan da Lasarte-Orian Katxiporretak hartu duena ere: Aitziber Ugartemendia Katxiporretako kide hil berria omentzeko baliatu dute. Joxe Mari Agirretxeren eskuetan dago mikroa: «Bihotza, burua, eskua, sentitu, pentsatu, ekin! Aupa Aitziber! Aupa gure bidelagunak! Aupa Lasarte-Oria euskalduna!». Irrintzia eta eta kantuak: «Xala-la/xala-la/riki-riki/riki-riki...». Malkoak eta irribarreak.

Aurrera doa gaua. Aginaga (Usurbil, Gipuzkoa) gainera iritsi da Korrika, eta jendea geratu gabe batzen da errepide ertzetatik. Batzuk nabarmentzen dira besteen gainetik: txaleko islatzaileak eta kopetako linternak ekarri dituzte. Berehala, deia mikrofonotik: «Oso ondo egin duzue kopetako linternak ekarrita, baina, mesedez, orain itzali, furgonetan dagoen kameratik gaizki ikusten da bestela-eta». Kasu egin dute. 

Eta Buruntzaldea igarota, Oriotik sartu da Korrika Urola Kostara. Lehen kilometroa Mihiluze-ko kideen eskuetan egin du lekukoak. Eta beste eskaera bat furgonetako esatariak: «Eskerrik asko euskararen normalizazioaren alde egiten duzuen lanagatik. Goazen hemendik aldarrikatzera telebista euskaldunago bat, EITB euskaldunago bat; kalitatezko programa gehiago nahi ditugu».

«Gauak erakusten du pertsonek badaukatela konpromiso oso handia Korrikarekin, baita euskararekin ere».

EDER SAGREDOFurgoneta gidaria

Gauerdia pasatu da dagoeneko. Bitartean, lan eta lan ari dira furgoneta gidariak. Gidatzen batzuk, animatzaile lanak egiten beste batzuk, pankartak batzen eta zabaltzen... Ezinbestekoak dira egunez nahiz gauez.  Baina Eder Sagredo gidariak dio gaua beti dela berezia, bai korrikalariak ehunka direnean, bai bakan batzuk direnean. Izan ere, gauez korrika egitea konpromisoaren seinale dela uste du: «Egia da gauak erakusten duela pertsonek badaukatela konpromiso oso handia Korrikarekin, baita euskararekin ere. Egunez Korrika egitea errazagoa izaten da normalean, baina gauean konpromiso hori hartzea eta borroka egitea goizeko ordu txikietan, askotan mendi puntetan... Horrek badauka energia oso handia, eta oso garrantzitsua da gauetan ere korrika egitea».

Aparteko zerbait ikusten dio gauari Oier Agirresarobe gidariak ere: «Korrika beti da zirraragarria, hunkigarria, baina gauez badauka beste intimitate puntu bat». Baina zergatik? «Daudenak badakizu horretara etorri direla, horretan daukatela bihotza jarrita, eta izugarria da furgonetara iristen den energia hori jasotzea. Egia esan, jasotzen duguna ematen dugun baino askoz ere gehiago da». Gauak egunez ere indartsuak diren aldarrikapenei bultzada handiagoa ematen dielakoan dago: «Hunkigarria da ikustea hau dena euskararen bueltan, AEKren bueltan eta Korrikaren bueltan gertatzen dela eta herri honek badaukala indarra aldarrikapenei tinko eusteko. Gauak hori hauspotu egiten du».

Kilometro gogoangarria

Oriotik Zarautzera. Urduritasuna nabari da furgonetan. Badator gaueko —eta agian Korrikako— kilometrorik bereziena: 1.396.a. Puntu beltza da, gainera, furgoneta handia kabitzen ez den horietakoa, eta grabatuko bada, eskuan eraman beharko dira kamerak. Gidariak igo eta jaitsi. Gora eta behera. Prest dagoela dirudi. Kazetari eta furgoneta gidariak jaitsi dira. Korrikaren ekuatorea da, egin ditu erdi lanak, iritsi da ibilbidearen erdira. Zirika euskara elkarteko kideen eskuetan igaro da zubipetik lekukoa. Eta ireki dituzte xanpainak eta konfetiak. Festa. Lasaitu da giroa furgonetan.

Zarautz, Getaria, Zumaia... Jendetza kostaldean. Haurrak, gazteak eta helduak 01:00ean, 02:00etan, 03:00etan... Giro bikaina kanpoan eta furgoneta barruan. Itzulera bozgorailuetatik «E-o-a/ e-e-o-a /e-e-o-a/...». Eta salto, salto, salto, salto. Gora eta behera furgoneta. Argiak piztu eta itzali. Zertarako diskotekak Korrikaren furgoneta dagoenean? 

Baina dena ez da festa. Aizarnazabal inguruan, furgonetari bidea zabaltzen dion autoak zerbait du; geratu egin da bat-batean. «Furgonetatik kanpora», dio norbaitek. Azkar hasi dira denak bultzaka, eta segituan egin du aurrera. Hori ere bada Korrika, elkartasun olde bat.

Eta behin Aizarnazabaldik igarota, Zestoarako bidean jarri da, eta Azpeitira handik. Txanda aldaketa tokatzen da. Martxan doala esan dute agur gidari batzuek, eta segituan iritsi dira beste txandakoak. Azpeitira heltzear da Korrika. Zoro zoragarri pila bat ditu bertan esperoan. Ehunka, milaka ez esateagatik. Baina jaitsi dira furgoneta gidariak, eta horixe egin du kazetariak ere.

Halere, Korrika ez da gelditu, eta Urola Kostatik eta Debagoiena eta Debabarrena pasatuta, Bizkaira sartu da Ondarroatik. Arratsaldean, Lea-Artibain ibili da, eta izan dira nabarmentzeko kilometroak: esate baterako, Venezuelako kontsulak eraman du lekukoa Ziortza-Bolibarren. Bizkaian jarraituko du bihar ere Korrikak, eta arratsaldean helduko da lekukoa Bilbora.

Egunak emanak, iruditan
23. Korrikaren seigarren egunak utzitako irudietako batzuk, bilduma honetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.