Subflubiala Ez plataformako kidea

Hodei Rodriguez: «Itsasadar azpiko autobideak erakartze efektua eragingo du, eta trafikoa areagotuko du»

Subflubiala Ez plataforma aurkeztu dute, Bilboko itsasadarraren bi aldeak ur azpitik lotzeko autobide proiektua gelditu dezatela eskatzeko. Rodriguez kidearen iritziz, egitasmoa trantsizio ekologikoaren logikaren kontrakoa da.

Hodei Rodriguez, Subflubiala Ez plataformako kidea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Hodei Rodriguez, Subflubiala Ez plataformako kidea. ARITZ LOIOLA / FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2024ko martxoaren 20a
05:00
Entzun

Herritar talde batek Subflubiala Ez plataforma aurkeztu zuen atzo, Bizkaiko Foru Aldundiak itsasadar azpian egin nahi duen autobidearen aurka. Sestao eta Getxo ur azpiko tunel batekin lotuko lituzkeen egitasmoa bertan behera uzteko eskatu diote aldundiari, gehiegizko ingurumen kalteak eragingo dituela iritzita. Gainera, ohartarazi dute ez dituela konponduko trafiko arazoak, kontrara baizik. Aldundiak oraindik ez du aurkeztu behin betiko proiektua. Jaso dituen alegazioak aztertzen ari da. Iragarri duenez, lanak iraila aurretik hastea espero du. Plataformak mobilizatzera deitu du, bertako kide Hodei Rodriguezek (Getxo, Bizkaia - 1994) azaldu duenez, eta bi egun aurreratu ditu: Portugaletetik Getxorainoko bizikleta martxa bat egingo dute apirilaren 28an, eta manifestazio bat, ekainaren 15ean.

Zergatik uste duzue gelditu behar litzatekeela itsasadarraren azpiko autobidearen proiektua?

Proiektua kaltegarria izango da, bereziki lanak egingo dituzten eremuetako herritarrentzat, baina baita Bizkai osorako ere. Bizkaiko Foru Aldundiak proiektu estrategikotzat dauka, eta ikusten dugu zein zentzugabea den hori, proiektuak areagotu egingo baitu klima larrialdia, aldundiak berak aitortu duen bezala. Trantsizio ekologikoaren kontra doa erabat. Proiektuaren ingurumen inpaktuari buruzko txostenean aitortu dute.

Aldundiaren ingurumen inpaktuari buruzko txostenean diote «bide azpiegituren eskaintza handitzeak erakartze efektua» eragingo duela. Aurreikusi dute trafikoa %33 haztea 2048rako.

Txostenak onartzen du garraio eredu jasangarriago bat bultzatzea dagoela Bizkaiko Aldundiaren helburuen artean, eta zenbait plan dituela horretarako, baina proiektu hori ez doala bide horretatik, inondik inora, erakartze efektua eragingo duelako, eta trafikoa areagotuko duelako. Beraz, ez dator bat mugikortasun jasangarria bultzatzearekin, ezta Espainiako Klima Aldaketaren Kontrako Plan Nazionalarekin ere.

Baina aldundiak dio itsasadar azpiko autobideak Arrontegiko zubibideko trafikoa arintzen lagunduko duela. Ez al da hala?

Aldundiak berak adierazten du, bere ekintzen bidez, nola itsasadar azpiko autobidea ez den konponbidea izango Arrontegiko trafikorako. Izan ere, urtarrilean iragarri zuen beste lerro bat zabalduko dutela Arrontegiko zubibidean. Esaten digute, alde batetik, itsasadar azpiko autobideak Arrontegiko trafikoa arinduko duela, baina, bestetik, Arrontegi handitu nahian dabiltza.

«Esaten digute itsasadar azpiko autobideak Arrontegiko trafikoa arinduko duela, baina Arrontegi handitu nahian dabiltza»

Beste irtenbiderik bada zirkulazioa arintzeko?

Guk dioguna da garraio publikoa indartzea dela Arrontegiko trafiko arazoa konpontzeko bidea. Gaur egun, Ezkerraldearen eta Txorierriren artean —hain zuzen, Arrontegiko trafikoaren parte handi bat eragiten duen ibilbide horretan—, lotura oso txarra da. Bizkaiko Aldundiak aztertu du nolako loturak dauden garraio publikoaren eta auto pribatuaren artean eskualdeetan. Azterketa horretan onartu du Ezkerraldetik Txorierrira garraio publikoan joanez gero hiru bider denbora gehiago behar dela autoan joanda baino. Adibidez, Ezkerraldetik Txorierrira, bakarrik Barakaldotik joan daiteke autobusez. Portugaleteko herritarrek Bizkaiko zubia gurutzatu behar dute, eta Txorierrirako autobusa Areetan hartu. Ezkerraldetik Txorierrira joateko, soilik %6k erabiltzen dute garraio publikoa. Kopuru oso apala da. Benetan uste du aldundiak datu hori ezin dela hobetu? Guk uste dugu baietz. Noski, inbertsioak eginez eta politika aktiboak ezarriz.

«Ezkerraldetik Txorierrira joateko, soilik %6k erabiltzen dute garraio publikoa. Benetan uste du aldundiak datu hori ezin dela hobetu?»

Baliabide ekonomikoak bestela erabiltzeko ere eskatu diozue aldundiari.

Itsasadar azpiko autobidea kostako den 450 milioi euro horiekin, pentsa zenbat hobetu daitekeen garraio publikoa. Eta uste dugu gainkostu dezentekoa izango dela, obrek zailtasun nabarmenak izango dituztelako. Inguru hori hareatsua da, Sestaoko aldean lur kutsatuak daude... Lan zailak dira, eta gainkostu handiak izango ditu. Benetan horrek izan behar du lehentasuna? Ez al dago behar sozial garrantzitsuagorik? Pentsa dezagun Osakidetzan, zaintza sisteman edo garraio publikoan.

Aldundiak ez du baztertu itsasadar azpiko tunela garraio publikorako ere erabiltzea.

Azpiegiturak, printzipioz, garraio pribaturako bi tunel izango ditu, eta aldundiak esan zuen beste bat egingo zutela trenerako edo metrorako. Baina hori proiektu independente bat da. Azkenean, onartu den bakarra da errepideetarako tunelak apur bat handiagoak egitea etorkizunean bertatik sartu ahal izateko beste garraio mota bat. Gu ez gaude horren aurka: gu autobidearen kontra gaude.

Garraio publikorako tunela begi onez ikusten duzue?

Garraio publikorako azpiegitura bat agian interesgarria izan daiteke; ikusi beharko litzateke benetan zentzua duen ala ez, baina orain arte ez dute inolako azterketarik egin, zenbat erabiltzaile izango lituzkeen ikusteko, konexiorik egokiena zein litzatekeen jakiteko eta abar. Logikoena litzateke azterketa bat egitea, eta gero ikustea zer garraio mota litzatekeen egokiena. Baina uste dugu autobide bat egitea erabaki dutela, eta gero, zuriketa berdea egiteko, adierazi dute agian tren bat egingo dutela edo horrelako zeozer, batere argi ez dagoena, jendeak hobeto har dezan azpiegitura hori.

Lanak sortuko dituzten eragozpenek kezka sortu dute herritarrengan.

Bai. Ondorio larrienak Artaza-Romo institutuak jasango ditu. Ingurumen inpaktuari buruzko txostenak onartzen du 90 dezibelerainoko zarata jasan beharko dutela, harearengatik aire kutsadura ere jasango dutela, baita kamioien eta makinaria astunaren joan-etorriek eragiten duten kutsadura atmosferikoa ere. Jasanezina izango da eskola horrela eman behar izatea lau urte baino gehiago. Inguruko auzokideek ere sufrituko dituzte lanak. Aipatu behar da Artatza parkea dela bertako bizilagunentzako birika berdea, eta obrek haren heren bat hartuko dutela iraun artean. Lanek birika berde hori suntsituko dute, eta ikusi beharko da obren ostean zelan geldituko den.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.