Itsas plastikoen arazoa ez da Galizian hasi

Itsas isuriak beti zabaltzen dira han eta hemen, eta Galiziako eta Portugalgo kostaldean jazotakoa ez da salbuespena. Hala ere, azken ezbehar horren aurretik ere plastikoak iristen ziren itsasora, ingurumenean kalteak eraginez.

PLASTIKOAK ITSASOAN
Manu Soto, Plentziako Itsas Estazioko zuzendariordea, hondartzako plastiko zatiak biltzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
inaut matauko rada
Plentzia
2024ko urtarrilaren 23a
05:00
Entzun

Galiziako eta Portugalgo kostaldean Toconao itsasontzitik besteak beste 26 tona plastiko-pinporta erori izanak berriro jarri du lerroburuetan itsasora iristen diren plastikoen arazoa, baita ontzien isuriena ere. Iraganeko mamuak ere gogorarazi ditu, Prestige ontziaren ezbeharretik hogei urte baino gehiago igaro badira ere. Alderaketak, baina, ez du zentzurik, ezin baitira konparatu isuri motak, ez nola zabaldu diren, ez ingurumenean duten eragina; hala azaldu dute Alberto de Diegok, EHUren PIE Plentziako (Bizkaia) Itsas Estazioko kimikariak, eta Manu Sotok, PIEko zuzendariordeak.

Plentziako hondartzan izan da BERRIA bi zientzialariekin. Ia egunero pasatzen dituzte garbitzeko makinak, baina, hala ere, erraz aurkitu daitezke plastiko zatiak marearen azken lerrora gerturatuta. Plastikoen kutsadurak itsasoan sor ditzakeen arazoak zerrendatu dituzte.

Itsasoa mendian hasten da

Zaila da jakitea itsasoan amaitzen duten plastikoak nondik datozen. Fabriken isuriak izan daitezke, baita itsasontzien hondakinak ere, edo errepide bazterretan botatzen diren zaborrak. Sotok garbi du: itsasoa mendi puntan hasten da. Izan ere, lurreko edozein lekutan botatako plastiko zati bat itsasoan ager daiteke, batez ere uraren zikloaren eraginez.

Haizeak ere mugitzen ditu plastiko arinenak; poliestireno apar zatiak, adibidez. De Diegoren arabera, itsasora doazen plastikoen %80 lurretik doaz, eta gainontzeko isuriak itsasoko jarduerek sortzen dituzte.

Askotan, enpresek eta fabrikek eragiten dituzte halako isuri handiak. Lantegi gehienak ibaiertzetan daude, uretarako sarbide erraza izateko. Biek nabarmendu dute horren ondorioz ibaiak plastikoez eta bestelako hondakinez kutsatuta egoten direla, eta isuri hori nahi gabe nahiz nahita gertatu ohi dela. «Tarragonan [Herrialde Katalanak], adibidez, askoz plastiko gehiago ekoizten da, eta hor plastiko askoz gehiago dago», azaldu du De Diegok. Sotok azaldu du behin Balearretako kostan aurkitu zituzten plastiko zati batzuen jatorria ikertu zutela, eta ondorioztatu zutela Tarragonako lantegietakoak zirela.

Biek azaldu dute ibilgailuen gurpilek ere mikroplastiko eta nanoplastiko hondakin asko sortzen dituztela. Izan ere, erabileraren higaduraren ondorioz, kautxu zatitxo asko errepide bazterrean pilatzen dira, eta euriaren edo fenomeno atmosferikoen eraginez itsasora iristen dira.

«[Plastikozko kontinenteak] Ez dira irla sendoak, non oinez ibil zaitezkeen. Plastiko horiek deseginda daude».

MANU SOTOPlentziako Itsas Estazioko zuzendaria

Plastikozko kontinenteak

Plastiko mota asko dago erabilera bakoitzerako. Batzuk arinagoak dira, eta beste batzuk, pisutsuagoak; hori dela eta, zabor asko itsasoaren hondoan galtzen da. «Itsasoko uraren dentsitatea, gutxi gorabehera, 1,1-1,2 gramo mililitrokoa da, eta pinportek dentsitate txikiagoa dute; horregatik flotatzen dute. Gehienak polipropileno, polietileno eta poliestireno plastikoak dira», azaldu du De Diegok.

Hondakin horiek ozeanoetan dauden plastikozko kontinente deiturikoetan biltzen dira sarritan. Bost daude: bi Ozeano Atlantikoan, bi Indiako ozeanoan, eta beste bat Ozeano Barean. Halere, Sotok azaldu du okerra dela kontinente sendo baten irudia izatea: «Ez dira irla sendoak, non oinez ibil zaitezkeen. Plastiko horiek deseginda daude, gel moduko zerbait bihurtzen da dena, eta arrainek jaten dute, materia organikoa baita azkenean».

Kontinente horien zatirik handiena tamaina txikiko plastikoak dira: mikroplastikoak —5 milimetro baino txikiagoak— eta nanoplastikoak —100 nanometro baino txikiagoak—. Hondakin horien azalera efektiboa handia da, hau da, duten bolumenerako azalera handia dute, eta haren inguruan mikroorganismoak eta animalia txikiak haztea eragiten du horrek.

Arazo fisikoa

Sotoren arabera, «printzipioz» plastikoak nahiko egonkorrak dira, eta ez dute ingurumenean eragin toxikologiko handirik izaten. Ingurumenean sortzen duten arazo nagusia fisikoa da, «mekanikoa»; animaliengan batez ere. Izan ere, arrain eta hegazti askok jan egiten dituzte plastiko zatiak elikagaiak direlakoan. Gutxinaka metatu egiten zaizkie eztarrian eta digestio aparatuan, eta, azkenean, buxatu egiten zaie. Beraz, ezin dira behar bezala elikatu, eta gosez hiltzen dira.

Jateaz gain, plastiko zati handiagoekin ere arazoak izaten dituzte itsas animaliek. Arrantza hondakinetan harrapatuta geratzen dira askotan, eta baita bestelako batzuetan ere; esaterako, latak lotzeko plastikoetan.

2019an, adibidez, Cuvier moko-balea bat hilda topatu zuten Filipinetan, eta 40 kilo plastiko topatu zituzten bere barnean.

DATUak

50 kg

Plastiko ekoizpena pertsonako. Kalkulatzen da urtero ia 400.000 milioi kilo plastiko ekoizten direla munduan: biztanleko 50 kilo urtean, batez beste. Horren ia erdia, %44, edukiontziak egiteko erabiltzen da. 2002an erdia ekoizten zen, 200.000 milioi kilo.

%80

Zaborren iturria. Alberto de Diegoren arabera, itsasora iristen den plastikoaren %80 inguru lurretik dator. Ibaietako eta atmosferako kutsaduragatik iristen dira batik bat. Gainontzeko hondakinak itsas jardueretan botatzen dituzte; arrantzan eta itsas garraioan, esaterako.

Toxikologia

Plastikoak, Sotok esan bezala, nahiko egonkorrak diren arren, partikula kutsagarriak askatu ditzakete. Polimeroek askotan gehigarriak izaten dituzte, materialaren ezaugarriak aldatzeko. Hartan, polimero zatiak plastikoa desegiten duten medioetara iristen badira, kutsagarri horiek askatu ditzakete.

De Diegok azaldu du Plentziako Itsas Estazioan eginiko ikerketa bat: aztertu zuten plastiko mota jakin batek zenbat partikula kutsagarri askatzen zituen itsas ingurune ezberdinetan; material horrek polimeroaren errekuntza atzeratzeko gehigarria zuen, sugar-atzeratzaileak ere deituak. Ikerketarako, gazitasun eta pH ezberdinetako baldintzetan izan zituzten hainbat plastiko, eta ikusi zuten partikulak askatu askatzen zituztela, baina ez aurrez uste zuten bezainbeste.

Hori bai, animalien urdailetan askoz gehiago desegiten dira irentsitako plastiko zatiak, eta hor kutsagarri gehiago askatzen dira; hau da, «askoz erasokorragoak» dira plastikoak animalien hesteetan, itsasoan baino. De Diegok uste du horren arazo nagusia partikula kutsagarri horiek metatzea dela: «Metatu daitezke, eta kilometro asko mugitu daitezke arazoak sortu arte».

Gizakiek ere irentsi ditzakete halako plastiko zatitxoak, eta gehigarri horiek eragin larriak ekarri. Izan ere, hormonetan aldaketak eragiten dituzte, eta, besteak beste, minbizia sortu. Joan den astean Vert de Rage dokumentalean eman zituzten datuen arabera, Ipar Euskal Herriko 29 umeen gernuan disruptore horien «tasa kezkagarriak» antzeman zituzten.

«Nik dakidanez, plastikoen identifikazio eta karakterizaziorik ez dute egin euskal kostaldean».

ALBERTO DE DIEGOPlentziako Itsas Estazioko kimikaria

Protokolo falta

Jakina da plastikoen kutsadura arazo bat dela, baina bi zientzialariak ados daude ez dela asko ikertu gaiari buruz. Eta uste dute ikerketa horren falta protokoloetan dagoen hutsuneagatik dela batez ere. De Diegok adierazi du oso ikerketa gutxi egin direla jakiteko zenbat plastiko eta mikroplastiko dagoen euskal kostaldean: «Gu hasi gara, eta ez dut uste aurretik beste inor hasi denik. Nik dakidanez, plastikoen identifikazio eta karakterizaziorik ez dute egin euskal kostaldean».

Plentziako Itsas Estazioa 2022an hasi zen aztertzen zenbat plastiko dagoen euskal kostaldean. Bizkaiko bi hondartzatan eta Kantabriako (Espainia) batean ari dira egiten laginketak, eta azkena falta zaie; apirilean egiteko asmoa dute.

Ikerketa horri ekiteko protokolo bila ibili ziren, baina ez zuten metodologia bateratu bat topatu. Hori dela eta, hainbat ikerketatan erabilitako metodologietan oinarritu dira haiena osatzeko; «Frankestein protokolo bat», Sotoren hitzetan.

Egiturazko arazo

Plastikoek itsasoan bukatzen badute, ekoitzi eta erabili ostean hondakin gisa ondo kudeatzen ez direlako bukatzen dute. 1950ean hasi zen plastikoaren erabilera zabaltzen, eta, ordutik hona, ekoizpena handitu besterik ez da egin urtero. Plastics Europeren datuen arabera, 2002tik 2021era ia bikoiztu egin da plastikoen produkzioa munduan: 200 milioi tonatik 390 milioi tonara. Horietatik sei milioi tona plastiko biologikoak dira; beste 32,5 milioi tona, plastiko birziklatuak, eta gainontzekoak, ekoizpen berrikoak.

Haien iritziz, aldaketak behar dira kontsumo ohituretan, eta horregatik egin izan dituzte kontzientziazio kanpainak; horietako bat Donostiako Usandizaga institutuan egin zuten, esaterako. Hala ere, ez daude ados erru osoa herritarrek dutela: «Gizakiok errudunak gara, baina oso zaila da gizartean gauzak antolatzeko dagoen modutik irtetea norbanako moduan», uste du De Diegok.

Antzerki politikoa

Galiziako eta Portugalgo kostaldean jazotakoa arazo larria bada ere, De Diego eta Soto ez daude ados ezbeharraren ostean egin diren analisi batzuekin, zeinetan Prestige-ren hondamendiarekin alderaketak egin diren. Oso ezberdinak dira isuriak, bai kantitate aldetik, bai isuritako materialaren aldetik. 63.000 tona fuel olio astun isuri zituen Prestige-k, eta Toconao-k, aldiz, 26 tona plastikozko pinporta, ia 2.500 aldiz gutxiago. Bestalde, askoz kutsagarriagoa zen Prestige-ren isuria, eta krisi ekologiko handia eragin zuen; kalkulatu dute ezbeharrak gutxi gorabehera 12.000 milioi euroko kostua izan zuela. Ezbehar bakoitzaren neurria kontuan izatearen garrantzia azpimarratu dute Sotok eta De Diegok.

Horrez gain, Prestige-ren isuriak toki jakin batean pilatu ziren, baina Toconao-tik eroritako plastiko pinportak, aldiz, asko sakabanatu dira, lau milimetroko milaka milioi unitate baitira; horregatik, haien ustez, «ezinezkoa» da pinportak itsasoan arrantzatzea, Prestige-k isuritako fuel olioarekin egin bezala.

Hori dela eta, kritiko dira azken asteetan egin diren adierazpenekin eta piztu den alarmarekin, De Diegok esan duen moduan: «Ez dut uste plastikoen munduaren arazoa halako istripuak direnik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.