Itsaraz proiektuaz arituko da Statkraft Aramaion
ARAMAIO.Eskoriatza (Gipuzkoa) eta Aramaio (Araba) artean parke eoliko bat eraikitzeko daukan proiektua aurkeztuko du Statkraft enpresak azaroaren 16an Aramaion, bertako herritarren «zalantzak» argitzeko. Itsaraz deitu diote proiektuari, eta egun horretan herritarrei parkearen nondik norakoak azaltzeko asmoa duela ere iragarri du enpresak. Azaldu duenez, «energiaren sozializazioa, euskal industriarentzako zero kilometroko hornidura eta lankidetza publiko-pribatua» dira proiektuaren oinarriak. 52,8 megawatteko potentzia izango du, eta urtean 153,8 gigawatt-ordu sortuko ditu parkeak; energia horrekin, 44.000 etxe inguru hornituko ditu. 60 milioi euro inguruko inbertsioa beharko du. Aramaioko Udalak duela aste batzuk atera zuen idatzi baten bidez adierazi zuen «informazio kontrastatua eta hausnarketa kolektibo sakona» behar dituela gaiak, udalak iritzi bat kaleratu aurretik. Proiektuaren berri eman zenetik, kontra dauden herritarrak biltzen hasi ziren, haren aurkako erantzuna antolatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu