Itsaraz parke eolikoaren aferan Gipuzkoako Aldundiak izandako jarrera kritikatu du Naturkonek

Talde ekologistari «larria» iruditzen zaio diputazioak ez parte hartu izana azpiegituraren ingurumen eragina aztertzeko prozesuan, jakinda haize errotek kalte egingo dietela «Aizkorri-Aratz parke naturalari eta inguruko basabizitzari».

Haize errotak, Erreniegako parke eolikoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Haize errotak, Erreniegako parke eolikoan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
inaut matauko rada
2025eko urtarrilaren 27a
11:15
Entzun

Duela bi aste, Espainiako Trantsizio Energetikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak ezezkoa eman zion Statkraftek Araba eta Gipuzkoa artean eraiki nahi zuen Itsaraz parke eolikoari, ondorioztatu baitzuen haize errotek neurriz kanpoko kalteak eragingo zituztela ingurumenean. Bada, tramitazio horretan zenbait pertsona fisikok eta elkartek parte hartu zuten alegazioak jartzeko orduan, baina baita Arabako eta Bizkaiko foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak ere, eta zerrenda horretan Gipuzkoako Foru Aldundia ez egotea kritikatu du Naturkon-ek, naturaren kontserbaziorako Gipuzkoako sareak, ohar bidez azaldu duenez.

Bizkaiko Foru Aldundiak egin zuen gogorren proiektuaren aurka, nahiz eta aerosorgailu bat bera ere ez egon haren lurretan. Ebakuazio linea Abadiñoraino zen iristekoa, Bizkairaino, baina aldundiak ondorioztatu zuen parkeak kalte egingo ziola Urkiola parke naturaleko ekosistemari. Arabako Foru Aldundiak ere helegiteak jarri zituen, baina proiektuak aurrera egitearen aldekoa zen; egun hartan, Ekologistak Martxan-eko Andres Illanak adierazi zuen proiektuak aurrera egingo lukeela Arabako Foru Aldundiarengatik balitz.

Egoera «oso larria» dela iritzi dio Naturkonek, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez duelako parte hartu tramitatzeko prozesuan; izan ere, Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratutako ebazpenean ez da Gipuzkoako Foru Aldundiaren iritzirik ageri, baina Statkraftek adierazi zuen Arabako eta Gipuzkoako foru aldundien aldeko txostenak jaso zituela.

Miru gorria

Naturkonek gogorarazi duenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdea sailak goraipatu egin zuen, duela gutxi, foru gobernuak miru gorriarekin egindako lana, hegazti espezie horren habia batzuk salbatu dituelakoan zenbait zuhaitz mozketatan. Naturkonek babesa eman dio lan horri, baina iruditzen zaio kontraesanean dagoela Itsaraz proiektuan aldundiak erakutsi duen jarrerarekin. Izan ere, ingurumen inpaktuaren txostenean, Espainiako Gobernuak ondorioztatu du miru gorriari kalte egingo diotela haize errotek, 90-100 metro inguruan hegan egiten duten 35 aleko taldeak antzeman dituzte-eta Gipuzkoan; haize errota bakoitza 201 metro luze izatekoa zen, palen puntu gorena aintzat hartuta.

Miru gorriaz gain, parke eolikotik hamar kilometro baino gutxiagora sai zuriaren ugaltoki bat baino gehiago identifikatu dituztela gaineratu du talde ekologistak. Nabarmendu du ezen, EAEko araudiaren arabera, hegazti nekrofagoen ugaltokietatik hamar kilometrora baino gehiagora egon behar dutela halako azpiegiturek, babes neurri gisa. Azkenik, ohartarazi du proiektuak eragina izango lukeela beste espezie batzuetan eta ingurumenaren bestelako alderdi batzuetan –paisaia—.

Oharrean, Naturkonek oroitarazi du kontua ez dela amaituko Itsaraz proiektuan, eta  gisa bereko beste egitasmo batzuk aurrera egiten ari direla Gipuzkoan. Besteak beste, Piaspekoa (Azpeitia, Zestoa eta Errezil), Buruzaikoa (Azkoitia eta Zumarraga) eta Trekutzekoa (Antzuola eta Urretxu) aipatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.