Soldaduska egitera atera zen Patxi Gorraiz Itoiztik, lehendabiziko aldiz. Herri horretan sortu zen, 1962. urtean. Bigarrenez, Iruñeko lantegi batean beharrean aritzera joateko utzi zuen herria. Fabrikan hasi berritan, ordea, itzultzea erabaki zuen. 1985. urtean Itoizko Koordinakundea sortu zen Irati ibaiaren arroan, eta harekin bat egin zuen Gorraizek. Etxeko atean eraiki nahi zioten urtegiko hormaren aurka aritzeko utzi zuen lana.
Sorterriaren aldeko hautua egin zuen. Familia osoak bezala. Den-dena jarri zuten jokoan, Itoitzen alde. Itoitz zelako irabazteko zutena; Itoitz zelako gorraiztarrek irabazi nahi zuten gauza bakarra. «Guk Itoitzen bizi nahi genuen. Bertzerik ez. Itoitz zen gure txokoa, gure lur puska. Han bizi eta lan egin nahi genuen. Itoitz salbatu nahi genuen. Bertzerik ez». Irabazi nahi zuten gauza bakarra, ordea, galdu egin zuten. Esku hutsik gelditu ziren. «Herria galdu eta gero, gainerakoak bigarren mailako kontu bilakatu ziren», onartu du Gorraizek.
2003. urteko udaberria du gogoan batez ere. Herria eraitsi aurreko udaberria, alegia. Azkena. Ordurako, gurasoak Itoiztik at ziren. Eta familiaren etxea, erdi hutsik. «Bagenekien makinak etorriko zirela. Egoera larria zela ohartzen ginen. Baina, oraindik ere, zerbaitek gobernuaren asmoak bertan behera utziko zituen esperantza bagenuen».
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak errateko zuenaren zain ziren Itoitzen. Baina herriak suntsitu eta gero plazaratu zuten epaia. Ebazpena, gainera, urtegiaren aurkakoen kontrakoa izan zen. Epaileek ebatzi zuten giza eskubiderik ez zela urratu Itoizko urtegiaren auzian. Erabaki horren eskutik, azken esperantzak ihes egin zien gorraiztarrei.
13 urteko umea zen Patxi Gorraiz inguruan urtegia egiteko aukeraz mintzatzen hasi zirenean. Gazte bat bertzerik ez, Itoizko Koordinakundearekin bat egin zuenean. Orain, hogei urteko borroka luzea atzean utzi eta gero, urtegia egiteko proiektuak «erabat baldintzatuta» gogoratzen ditu Itoizko azken urteak. Ahalegindu zela argi du. Bere esku zegoen guztia egin zuela. «Kontzientzia lasai dut. Ezin izan genuen gehiago egin. Hutsak eginen genituen, zalantzarik gabe, baina egin beharreko bidea egin genuela uste dut nik. Herria bota ziguten, ordea, eta aurrera egin beharra dugu».
Herri bakartua
1993an hasi zituzten Itoizko urtegia egiteko lanak. Horrek erabat irauli zuen Iratiren arroko herrien egunerokoa. Zinpeko zaindariek eta guardia zibilek hartu zituzten bazter guztiak. «Hamaika begi genuen guri so. Egiten genuen guztia kontrolatzen zuten».
Ez hori bakarrik. «Pixkanaka, Itoitz bakartzen joan ziren. Herritik pasatzen ziren errepideak moztu zituzten. Bakarrik gelditu ginen», gogoratu du Gorraizek. Buruan fresko du, halaber, urtegiaren aurkako kanpaldien garaia. «Jende anitz etortzen zen herrira, eta herritarren elkartasuna jasotzeko aukera izaten genuen. Hori gauza handia zen guretzat. Gure herri txikian jendearen berotasuna hartzeak indar handia ematen zigun».
Baina kanpaldi horiek ere debekatu egin zituzten Itoitzen. «1996koa izan zen azkena. Debekua jaso eta gero, gure etxeetan hartzen genuen jendea. Oroitzen naiz aitak beti erraten zigula pena handia hartzen zuela kanpaldiak amaitzen zirenean, herria, berriz ere, hutsik gelditzen zelako».
1994. urtean Iruñean egindako manifestazio bat ere bereziki gogoratzen du Gorraizek. Ezin du ahaztu. «Milaka pertsonak bat egin genuen protesta hartan. Itoitzen, uzta biltzekoa genuen. Manifestazioa egin eta handik bi egunera, makinak soroetan sartu, eta dena suntsitu egin ziguten, deus egiteko edo errateko aukera eman gabe».
Halako egoerek pizten zituzten sentimenduak eta kezkak urtegiak 2004an azpian hartu zituen herrietan bizi zirenek baino ezin zituzten ongi ulertu. Horixe uste du Gorraizek. Eta, ildo horretan, herrion arteko hasierako batasuna nabarmendu du. «Udal guztiak agertu ziren urtegiaren aurka». Batasun horrek, ordea, ez zuen Itoizko Koordinakundeak nahi bezain bertze iraun. Udalek, hasieran, Itoizko Koordinakundearekin batera egin zuten bidea epaitegietan urtegiaren aurka. «Gobernuaren estrategia oposizioa zatitzea izan zen, ordea». Eta estrategia horrek emaitzarik izan zuen. «Udal guztiek atzera egin zuten, eta bakarrik utzi gintuzten». Ondorioz, proiektua legez kanpokotzat jo arren, epaileek obrak gelditzeko ezin ordaintzen ahal zuen bermea jarri zioten koordinakundeari. «Udal bakarra gurekin egon izanez gero, bermerik ez zen izanen. Hagitz une gogorra izan zen hura».
Ekintza burutuak
Nafarroako eta Espainiako gobernuen ekintza burutuen politikak harea bilakatu zituen bideko harri guztiak. «Tamalez, arrazoia gure alde izatea ez zen nahikoa izan», nabarmendu du Gorraizek. Borroka irabaziko zutela konbentzituta hasi zutela onartu du, eta azken unera arte pentsatu zuela Itoitz ez zutela eraitsiko. Urtegia ez zutela beteko.
Baina egin zuten. «Ekainaren 16an, 08:00etan ailegatu ziren herrira». Gorraizentzat beti izan da zaila urtegiak kendu dion guztiaz hitz egitea. Baina herria bota zutenetik hamar urte joan diren honetan, ez du isildu nahi izan. «Ezin izanen dut inoiz ahaztu gertatu zena. Borroka luzea izan zen. Eta beti irabazteko esperantzarekin. Baina herria bota ziguten».
Ekainaren 16an sartu ziren hondeamakinak Itoitzen. «Hiru anaia bizi ginen garai hartan etxean. Etxea botatzeko, epailearen agindua eman behar ziguten, eta guk une hori ahalik eta gehien atzeratu nahi genuen. Azkenean, agindua jaso gabe eta inon argitaratu gabe eraitsi ziguten etxea».
Itoitz behera bota eta berehala, herrira itzuli behar izan zuten gorraiztarrek. Han ziren familiaren behiak. «Zaindu behar genituen, jatekoa eman. Gogorra izan zen hondakinen artera itzuli behar izatea».
Herriak harri pila bilakatuta, segurtasunaren auzia bilakatu zen Itoizko Koordinakundearen urtegiaren aurkako argudio nagusi. Borrokaren esparru horri eutsi zion denbora batez, elkarteko kideak bidearen azken etapara ailegatu ziren arte. «Argi dago segurtasun arazoak nabarmenak direla urtegian; borrokatzen jarraitzeko arrazoiak bagenituen, argudioak eta arrazoia gure alde». Baina Itoitz galdu eta gero, gainerakoak bigarren mailako bilakatu ziren Gorraizentzat. Horixe berretsi du. Borroka luzeak agortu zituen haren indarrak. «Aurrera jarraitzeko, urtegia bazter uzteko beharra nuen».
Bihar: Itoitz, Pirinioetako bertze borrokentzat ispilu.
Itoizko urtegia (II). Herrien suntsitzeak hamar urte
Itoitz irabazi nahi zuen herritarra
Itoizko Koordinakundearekin bat egin zuen Patxi Gorraizek, sortu bezain pronto. Etxe aurrean egin nahi zioten urtegiaren aurkako borrokak bete-betean harrapatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu