«Itoitz ez da guztiz segurua, baina segurtasun neurrien barruan dago»

Itoitz eta Esara eginiko bisitekin amaitu dira urtegien segurtasunari buruz CHEk antolaturiko jardunaldiak

2007ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
«Itoizko urtegia eusten duten mendi magalen segurtasuna neurtzeko, urtegia hainbat aldiz bete eta hustu dugu. Eta froga horiek mendi magalak indartsuak direla erakutsi dute. Urtegia ez da ehuneko ehunean segurua, baina seguritate neurrien barruan dago. Gainera, urtegi guztiak ez dira ehuneko ehun seguruak», azaldu zuen atzo Raimundo Lafuente Ebroko Ur Konfederazioko ingeniari eta Esako urtegiko lan berrien zuzendariak Itoitzen. Astelehenetik hasita Zaragozan (Aragoi, Espainia) izan diren urtegietako magalen egonkortasunari buruzko jardunaldien azken egunean egin zituen adierazpenok,jardunaldietan teorikoki eman dituzten gaiak zuzenean ikusteko Itoitz nahiz Esako urtegietara eginiko bisitan. Batez ere, bai Itoitzen eta bai Esan mugitu diren bi ezkerreko magalei jarri zien arreta Ebroko Ur Konfederazioak (CHE) antolaturiko jardunaldien parte-hartzaileek. Jardunaldietan 350 lagun inguruk hartu dute parte, baina bisita teknikora soilik 100 lagun joan ziren. Geologoak, ingeniariak eta topografoak izan dira batez ere jardunaldietan parte-hartu duten adituak.

«Urtegi batzuek seguritate gehiago dute, eta beste batzuk, aldiz, ez. Denak ez dira berdinak, baina egiten diren urtegiak bideragarriak direlako egiten dira, edo bestela ez dira egiten», adierazi zuen Lafuentek Itoitzen hango urtegia bisitatzen ari zirela. Urtegia eusten duen ezkerreko magala ea mugitzen den ikusteko hainbat aparailu jarri dituztela gaineratu zuen: «GPSak, sismografoak eta tensometroak jarri ditugu ezkerreko magalean, eta aparailu horiek esaten dute ezkerreko magala geldi dagoela. Beraz, segurua da».

Lurrikaren gaia izan dute hizpide jardunaldietan, eta horren hariraukatu egin zuen lurrikaren eta betetze mailaren arteko lotura: «Lurrikarak naturalak dira, eta urtegiak ez du horretan zerikusirik. Badirudi, lurrikaren arteko denbora tartea aldatu dela, baina urtegiak ez du lurrikaren intentsitateen igoeran eraginen».

Itoizko urtegia oraindik ez da osorik bete, eta heldu den udan egiten duen eguraldiaren arabera, lehenago edo beranduago iritsiko da ur mailarik gorenera izatera. «Seguruenik abenduan lortuko da hori», esan zuen Lanfuentek.



ESAN, OLATUAREN ARRISKURIK EZ. Bisita teknikoaren bigarren geltokia Esako urtegian egin zuten. Urtegia handitzeko lanak bisitatu zituzten batik bat. Inguru osoan, hondeamakinak eta kamioiak lanean ari ziren, lurra alde batetik bestera garraiatzen. «Lanak hasi besterik ez dira egin, eta soilik urtegiaren isurbidea egin dugu. Oraindik lan asko dugu egiteko, baina urtegi horma berriaren atzean lehenagoko horma egoteak anitz laguntzen du lanetan. Horri esker ez gara zerotik hasi behar», azaldu zituen Lafuentek Esan egiten ari diren lanak.

Esako urtegi berriaren maketa erraldoi bat ikusteko aukera izan zuten bisitariek, eta maketa baliatuta, zer nolako urtegi handia eginen duten irudikatu ahal zuten. «Gaur egun dagoen paretaren altueraren bikoitza izanen du gutxi gora behera eginen dugun pareta berriak, baina oraindik pareta horren oinarria egiten ari gara».

Urtegiko ezkerreko magalari dagokionez, urritik lurra geldirik dagoela esan zuen Lafuentek, eta lur mugimendu hori handitze lanen ondorioz egindako zabortegi batengatik izan zela zehaztu zuen. «Neurriak hartu ditugu, eta mugimendua atzemateko aparailuak jarri ditugu, badaezpada ere».

Hala eta guztiz ere, mugimendua oso txikia dela eta izandako arraildurak euriarengatik izan zirela azpimarratu zuen Lafuentek. «Mugimenduak izan zirenean, egunean bi zentimetrobakarrikmugitu zen magala, eta abiadura eskas horrek ez du arriskurik eragiten urtegian».

Ezkerreko magala urtegira eroriz gero, lur kopuru horrek sortuko lukeen olatuari buruz hitz asko egin da azkenaldian, eta Lafuentek ere hartu zuen hizpide: «Izaten ahal diren hondamendien gaia seriotasun gutxikoa dela iruditzen zait, eta azterketek erakutsi dute ezker magal hori osorik eroriz gero, 1,4 metroko olatuak sortuko lituzkeela gehienez. Baina hori gertatzea ezinezkoa da».



«Itoizko aparatuekesaten dute ezkerreko magala geldi dagoela. Beraz, segurua da»

«Esan egunean bi zentimetro mugitu zen magala, eta horrek ez du arriskurik eragiten»

raimundo lafuente
ebroko ur konfederazioko ingeniaria




«Urtegi inguruko herritarren artean segurtasun eza ari da hedatzen CHE»

I. F.

Iruñea

Rio Aragon taldea Esako urtegiaren handitzearen aurka dago, eta arreta handiarekin jarraitu ditu Ebroko Ur Konfederazioak antolatutako jardueretan Esari buruz esan duena. «Sinesgarritasun gutxi du guretzako CHEk, eta duen jarrerarekin urtegi inguruko herritarren artean segurtasun eza hedatzen ari da». Rio Aragon taldearen arabera, «CHEren ikerketek ez dute magala osotasunean aztertu, eta Esan izaniko mugimenduak gainetik ikertu dituzte». Azterketa geologiko osoago baten beharra ikusten dute Esaren handitzearen aurkariek, magala bere osotasunean mugitzen ari den jakiteko. «Izan ere, jardunaldietan zehar, Esari buruz emandako datuetan ez dago datu objektiborik magala mugitzen ari dela ukatzeko». Gainera, CHEk urtegian egindako lana kritikatu dute. «Jardunaldietan behin da berriz errepikatu da, azalean gertatzen diren mugimenduak ez izateko, lehenik lur barruan ikerketak eta prebentzio lanak egin behar direla. Baina Esako mugimenduek argi erakusten dute teknikariek beren lana ongi ez dutela egin, lurraren erorketa izan baitzen iaz».





Ia mila lurrikara hiru urtean

984 lurrikara jazo dira 2004ko martxotik orain arte Itoizko urtegiaren ingurunean.
I. frias

Iruñea

Itoizko urtegia 2004ko urtarrilaren 19an hasi ziren betetzen, eta handik bi hilabetetarasumatu zituzten lehen lurrikarak inguruan. Hain zuzen, Lizoainen izan zen lehena, 1,4 gradukoa. 2004ko irailean jazo zen, ordea, Itoitz betetzen hasi zirenez geroztik jazo den lurrikararik handiena, hau ere Lizoainen: 4,6 gradukoa Espainiako Geografia Institutuaren arabera; 5,3 gradukoa Frantziako sareen arabera. Lurrikara hark pitzadurak eragin zituen etxeetan, eta izua herritarren artean.

Hiru urte pasatxo hauetan, denetara, 984 lurrikara zenbatu dituzte, eta azkenekoa hilaren 12an izan zen Irurozki inguruan (Agoitz ondoan).Gauzakhorrela, argi ikusten da kontaturiko lurrikaren gehiengoa Itoizko urtegiaren inguruetan izan direla. Eremu konkretu horretan, Espainiako Instituto Geografiakoak bildutako lurrikaren %90a izan baitira.

Lurrikara gehien jasan dituen eremua Nagorekoa izan da. Bertan, 373 lurrikara izan dira. Bigarrena, Agoitz da, 155 lurrikarekin, eta hirugarrena Lizoain 112 lurrikarekin. Laugarrena, berriz, Irurozki da, 89 lurrikarekin. Ondoren, Orotz Betelu eta Zubiri izan dira, 33 eta 32 lurrikarekin, hurrenez -hurren. Zerrendatutako toki horiek dira lurrikara gehien jasan dituzten tokiak.

Lurrikaren intentsitateari dagokionean, gehiengoa 2 gradutik azpikoak izan dira. Baina urtegia betetzen hasi zirenean intentsitate ertaineko lurrikara batzuk izan ziren. Handienak Ricter eskalako 4,6 graduko indarra izan zuen, eta Lizoainen izan zuen epizentroa. Garai horretan ere 3,1, 3,3, 3,4 eta 3,8 gradutako lurrikarak izan ziren. Denak Nagore eta Lizoain inguruetan izan ziren, urtegitik hurbilen dagoen eremuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.