«Errealitateak argi erakusten du matxismoak gure gizartean duen presentzia. Hori ukatzeak erasoak jasaten dituzten emakumeei bizkarra ematea esan nahi du. Eta, horrez gain, erasotzaileen inpunitatea indartzen du». Salaketa hori egin du gaur Itaia emakumeen antolakunde sozialistak. Gehituta «urgentziazkoa» dela «gizartean normalizatzen ari den kultura matxistari erantzutea».
Bilbon egin dute agerraldia, azalduz beharrezkoa dela gizarte osora zabalduko den «kontzientziazio lana» egitea, eta indarkeria matxista amaitzeko politikak ezin direla «lege aldaketetara edo erreformetara mugatu». Hala, antolakundearendako, beharrezkoa da, batetik, «plataforma digitaletan eta komunikabideetan gero eta gehiago zabaltzen ari diren diskurtso matxistei aurre egitea». Izan ere, uste dute diskurtso horiek indarkeria matxista «zuritzen» dutela, «emakumeak babesgabeago» utziz.
Bertzetik, ezinbertzekoa zaie eraso matxista guztiei erantzutea, emaztekiek beharrezkoa duten «babes soziala» izan dezaten; eta «erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatu» behar dela ere azpimarratu dute. Horretarako, «guztien inplikazioa» beharrezkoa dela diote: «Guztiok gara eraso matxistei erantzuteko eta aurre egiteko agente».
Nabarmendu dute bide horretan «indarkeria matxistako kasuak salatzen eta horien aurkako proposamena garatzen» jarraituko dutela. «Egoera honetan, adierazi nahi dugu eraso matxisten aurkako borroka indartu nahi dugula. Modu horretara, matxismoaren aurkako borrokan ekarpena egin nahi duen orori borrokara batzeko eta antolatzeko deia egin nahi diogu. Indarkeria matxistaren aurka kaleak har ditzagun!», borobildu dute.
Bi ideia
Agerraldian adierazi dutenez, «alderdi eskuindarrek, ultraeskuindarrek eta ideologia atzerakoia duten sektoreek» emaztekien zapalkuntza ukatzen dute, baina, aldi berean, matxismoa erabiltzen dute «bi ideia erreakzionario zabaltzeko». Erasoak atzerritarrek soilik egiten dituztela da horietako bat, antolakundeak zehaztu duenez. «Aldiz, erasotzaileak adin eta jatorri oso ezberdinetakoak izaten dira, nahiz eta soilik etorkinek egindakoak salatzen dituzten. Modu horretara, agerian geratzen da haien asmoa ez dela matxismoaren aurka borrokatzea, diskurtso arrazistak zabaltzea eta politika baztertzaileak exijitzea baizik».
Eskuineko alderdiek behin eta berriz zabaldu nahi duten segurtasun faltaren ideia da bigarrena. «Egoera horri irtenbidea indar polizialen eta salaketa juridikoen bitartez eman nahi diete. Kontrara, kezkagarria da poliziaren barnean dagoen erasotzaile kopurua, nahiz eta errealitate hori ezkutatzen saiatzen diren», zehaztu dute.