Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna

Itaiak aldarrikatu du «urgentziazkoa» dela «matxismoaren aurkako borroka indartzea»

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela medio, mobilizazioak egin ditu antolakunde sozialistak. Nabarmendu dute «zapalkuntzarik gabeko gizarte aske baten alde» borroka egin behar dela.

Itaia antolakundeak Bilbon egin duen manifestazioa, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Itaia antolakundeak Bilbon egin duen manifestazioa, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Isabel Jaurena.
2024ko azaroaren 25a
20:00
Entzun

«Indarkeria matxistaren aurkako borroka lehen lerroan jarri, eta matxismoa amaituko duen antolakuntza politikoa aldarrikatu nahi dugu». Itaia emakumeen antolakunde sozialistak aldarrikapen hori egin du gaur arratsaldeko mobilizazioetan, Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira. Azaldu dute «enpresek eta instituzioek aurpegia zuritzeko» baliatzen dutela gaurko eguna, baina Itaiako kideendako «borroka eguna» dela. Halaber, gogora ekarri dituzte Euskal Herrian aurten eraildako bortz emakumeak ere, eta azpimarratu «urgentziazkoa» dela «matxismoaren aurkako borroka indartzea».

Bertzalde, erran dute eskuin muturrak baduela eraginik Euskal Herrian, eta alderdi horiek zabaltzen dituzten «ideia atzerakoiek» dakartela, hain zuzen, «matxismoa normalizatzea». Azaldu dute 2008ko krisi ekonomikoaren ondorioz ezkerreko ideiek indarra hartu zutela, baina, orain, alderdi horiek «porrot» egin dutela: «Estatu kapitalista administratzen eta enpresari handien interesak lehenesten» ari direlakoan azkenean. Hortaz, uste dute orain «ideia erreakzionarioak» direla nagusi gizartean, eta horiek «emakumeen eta kolektibo zaurgarrien aurkakoak» direla.

Horren haritik, gehitu dute alderdi horiek zabaltzen dituzten ideiek matxismoa ukatzen dutela. «Emakumeok, ordea, egiturazko zapalkuntza jasaten dugu: gizarte kapitalistaren barruan emakume langileok bigarren mailako subjektuak gara. Hortaz, matxismoa ukatzeak matxismoa indartzen eta normalizatzen du», adierazi dute.

Jarrera horiek dituztenek diskurtso arrazistak zabaltzeko darabilte indarkeria matxista, erasotzaileak atzerritarrak direla azpimarratzen baitute, Itaiak erran duenez. «Errealitateak erakutsi digu, ordea, erasotzaileak hainbat sektore eta jatorritakoak direla. Hori horrela, beharrezkoa da erasotzaile ororen inpunitatearen aurka borrokatzea».

«Politika autoritarioak»

Adierazi dute «oldarraldi erreakzionarioen eta kultura matxistaren zabalpenari» aurre eginen diotela, eta «nazkatuta» daudela «politikari profesionalen hitzontzikeriez eta itxurakeriez»: «Alde bateko eta besteko alderdiak gero eta politika autoritarioagoak aplikatzen ari dira. Gainera, promes faltsuak egin dizkigute, kaleko mobilizazioa instituzionalizatu dute, eta estatuko instituzioetan akomodatu dira».

Hortaz, aldarrikatu dute «zapalkuntzarik gabeko gizarte baten alde borroka egin behar» dela «matxismoa betikotzen duen gizarte kapitalista» alde batera uzteko: «Matxismoa behin betiko amaitzeko berme bakarra sozialismoa eraikitzea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.