Julio Villanueva. Mugituko kidea

«Isuna zigor politikoa da, gu itotzeko»

Oraindik ez da amaitu Julio Villanuevarentzat 2011. urtean hasitako prozesua. 14.400 euroko isuna ordaindu behar du, Yolanda Barcinari tartakada emateagatik espetxean ez sartzeko.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko uztailaren 17a
00:00
Entzun
«Amorratuta» dagoela onartu du Julio Villanuevak (Iruñea, 1958). Okzitaniako Tolosan AHTaren aurka egindako protesta batengatik Espainiako Auzitegi Nazionalak epaitu zuelako, batetik, eta auzitegi horrek berak, orain, 14.400 euroko isuna ezarri diolako. Ordaintzen ez badu, espetxean sartuko dute, bi urteko zigorra betetzeko. Mugimendua kriminalizatu nahi dutela salatu du, eta AHTaren aurka lanean jarraitzera deitu ditu herritarrak.

Zigor aurrekariak dituzulako erabaki du fiskalak zure espetxe zigorra bertan behera ez uztea. Isuna pagatu behar duzu ez sartzeko. Helegitea jar dezakezu?

Ez. Tramite guztiak amaituta daude. Ezinbestean ordaindu beharko dut. Sanferminak hasi baino bi egun lehenago jaso nuen azken erabakiaren berri.

Eperik zehaztu dizute isuna ordaintzeko?

Nik eskatu, eta onartu dute isuna epeka ordaintzeko aukera. Hileko 610 euroko kopurua zehaztu didate, 24 hilabetean pagatzeko. Sanferminetan egin behar izan dut lehen ordainketa; bestela, espetxean nintzateke orain. Autoan aipatu dute kopuru txikia ezarri didatela, legeak eguneko 2 eta 400 euro bitarteko isunak jasotzen dituela.

Aurretik 900 euroko isuna ordaindu duzu; epaiketaren kostuak ere zuek pagatu dituzue.Dena, tarta bat botatzeagatik. Prezio garestiegia da?

Zalantzarik gabe. Nik, gainera, aurkeztu ditut kaudimengabea naizela erakusten duten agiriak. Langabezian nago, eta ez dut diru sarrerarik; ezta jabegorik ere. Baina ez dute kontuan hartu isun merkeagoa ezartzeko. Argi dut hau zigor politikoa dela, eta helburua dela gu ekonomia aldetik itotzea. Ahalmen ekonomiko urria dugu guk, eta orain gure indarrak diru hori biltzera bideratu beharko ditugu, AHTaren aurka lan egiten aritu beharrean.

Lan hori oztopatu nahi dute?

AHTaren kontrako lana kriminalizatu nahi dute. Prozesu osoan ikusi dugu hori. Irregulartasunez betetako auzia izan da. Hasteko, beste estatu batean egindako zerbait epaitu dute, eta non, eta Espainiako Auzitegi Nazionalean. Nazioartean halako ekintzek ez dute ia ondoriorik. Amorratzen nau gertatzen ari den guztiak.

Elkartasunera deitu duzue, isunari aurre egiteko.

Bai. Laguntza behar dugu isunari aurre egiteko. Tamalez, Euskal Herrian halako eta isun handiagoak ordaintzera ohituta gaude.

Gobernua osatzeko elkarrizketetan ari diren taldeek aipatu dute AHTaren auzia akordio programatikoan. Zer deritzozu?

Akordio horretan agertzen denak kezkatzen gaitu, batetik, oso anbiguoa delako; eta, bestetik, AHTari ezezkorik ez zaiolako ematen. Aukera egon daiteke Geroa Baik PSNrekin edo beste hainbat talderekin akordioa egin, eta obrekin aurrera jarraitzeko. Benetako aldaketak azpiegituretan ere izan beharko luke isla, eta AHTaren auzian, behintzat, ez dugu halakorik ikusten. Lanean segitu behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.