«Aupa, lagunok! Animatu aizkolariak!», oihu batek hautsi zuen goizeko lasaitasuna, eta jendearen txalo zaparradak berehala bete zuen Gasteizko Auzolana pilotalekua. Han bildutako askorentzat ez da ohikoa halako ikuskizun batera joatea. Aitor Olabe Aske antolakundeko kidea da horren adibide: «Ez nago ohituta herri kirolak ikustera, baina egia esanda, oso ondo antolatua dago gaurkoa». Bihotza gelditzeko modukoa izan zen Urdax Magunazelaiak —harri handien kategoriako Euskal Herriko txapeldunak— harria altxatu zuenekoa. Pilotaleku osoa zirrarak hartu zuen; begirada guztiak harriaren inguruan bildu, eta orro kolektibo batek leherrarazi zuen tentsioa. Baina ez zen ez soilik kirola ez soilik festa. Elkartasun jaialdiak bazuen helburu sakonago bat. Paretetan zintzilikatutako pankartek argi adierazten zuten: «Elkartasuna ez da delitua», «Independentzia eta sozialismoa» eta halako mezuek oroitarazten zuten atzoko egunak oinarri sendo bat zuela.
Testuingurua ez da hutsala. 2023an, Zaballako espetxera egindako martxa baten ostean, Ertzaintzak desordena publikoa, erresistentzia eta desobedientzia egotzi zizkien Aske antolakundeko 128 kideri. Mozal legea aplikatuta, 1.200 euroko isun bana ezarri zieten; guztira, 153.600 euroko zigor ekonomikoa. Helegiteak aurkeztu zituzten arren, epaitegiek atzera bota zituzten. Aske antolakundeko kideek zera adierazi zuten, zigor horien harira: «Isunok ez dira gertakari bakana. Euskal Herriko mugimendu iraultzaileari jazartzeko [Espainiako eta Frantziako] estatuek darabilten estrategiaren pean kokatu beharreko pauso kualitatibo gisa ulertu behar ditugu».
Era berean, Olabek salatu zuen martxan parte hartu zutenek Poliziaren indarkeria zuzena pairatu zutela: «Heriotza mehatxuak egin zizkieten, jipoitu, goitik behera grabatu, eta miaketak egin». Horiek horrela, argi hitz egin zuen: «Zigor ekonomiko horiek zilegi egiten dute Poliziaren jazarpena eta gehiegikeria. Ez dira gure aurkakoak bakarrik: mugimendu ororen gaitasun politikoa indargabetu, eta etorkizuneko praktika politikoa baldintzatuko dute».
Goizean hainbeste oihu egin ondoren, eguerdirako gosea sartu zitzaien bertaratuei, eta giroa berotzen hasi zen bazkari herrikoian. Dozenaka lagun bildu ziren mahaiaren bueltan, 15 euroan eskainitako menu oparoa dastatzera: «janari goxo-goxoa» lagun, solasaldi atseginak eta irribarreak han eta hemen. Indarrak hartzeko tartea izan zen.

Bazkalosteko lasaitasunaren ondoren, giroa errotik aldatu zen. Borroka ikuskizun ikusgarria eskaini zuten: mugimendu koreografiatu zehatz eta oldarkorren bidez, ikusleen arreta bereganatu zuen saio indartsu horrek. «Amateurrak dira», azaldu zuen Olabek, «baina egia da halako kirolak boladan daudela Euskal Herrian. Beti da ona kirol ekintzak egitarauetan sartzea».
Borrokak amaituta, iluntzean gaztetxeak hartu zuen lekukoa, eta giroak festa kutsua hartu zuen. Pixkanaka-pixkanaka jendea hurbiltzen hasi zen, gau berezi baten atarian. «Etorri nahi duten guztiak gonbidatuta daude gaztetxera», azaldu zuen Olabek. «Egia da Jarduneko kideak garela gehienok, baina edonor etor daiteke. Gainera, Jardunekoak ez ziren beste kide batzuei ere jarri zieten isuna, eta haiengatik ere egiten dugu hau». Festa hasi, eta ez zuen etenik izan. Edu Zardoyaren hitz gordin eta zuzenek lehen zartakoa eman zioten gauari; Perlataren indarrak aldarri bihurtu zituen kantuak; Sustrai Berriak-en erritmo sakonek gorputzak astindu zituzten, eta Villa DJaren erritmo paregabeek, berriz, gaua argitu eta jendea goizaldera arte dantzarazi.
«Jardunekoak ez ziren beste kide batzuei ere jarri zieten isuna, eta haiengatik ere egiten dugu hau»
AITOR OLABEAske antolakundeko kidea
Egun osoan, herri mugimendua, kirola, kultura eta musika uztartu ziren, modu harmonikoan uztartu ere. Elkartasuna izan zen bihotza eta ardatza, eta balio kolektiboak agerian gelditu ziren une oro. Olabek ere atera zuen tartea jaialdiaren eta antolakundearen benetako funtsa azpimarratzeko. Gogorarazi zuen Aske antolakundea, Jardun koordinakundearen barruan sortua, «errepresioaren aurkako eta amnistiaren aldeko antolakunde independentista eta sozialista» dela. Eta argi utzi zuen: «Euskal presoei elkartasuna adieraziko diegu aurrerantzean ere».