Eguberrietan alkoholaren eta autoaren arteko nahasketak arazo ugari sortzen dituela eta, «kezkatuta» erantzun die galderei Amparo Lopez Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariak. Kezkatuta, baina «bide onean» dauden sentipenarekin.
Zer-nolako urtea izan da zirkulazio istripuei dagokienez?
Istripu gutxiago gertatu dira, baina hil, berriz, gehiago hil dira. Eta horretan, zerikusi handia izan dute Gipuzkoan izandako istripu batzuek, hildako ugari eragin zituztenek.
Zerbaiten ondorio dira hildako ugari eragiten dituzten istripu horiek?
Hori jakiteko, denbora tarte luze samar bat aztertu beharko genuke —hamarkada bat, esatera-ko—, zerbaiten adierazgarri den ala ez jakiteko. Baina izan daiteke momentu jakin bateko gertaera ere, eta hor zorte txarra ere sartzen da.
Azken agerraldian arrisku taldeak aipatu zenituen. Zein dira arrisku talde horiek?
Arrisku taldeak oso ondo detektatuak ditugu: oinezkoak, moto gidariak, errepideko abiadurara egokitzen ez diren gidariak, arretarik jartzen ez dutenak, kamikazeak edota arduragabekeria azaltzen dutenak, zorte txarra du- ten gidariak eta, azkenik, haurrak.
Talde horiei begira zerbait egiteko asmorik badaukazue?
Arrisku talde horiek definitu ahal izateko, hamarkada bateko azterketa egin behar izan dugu, arrisku handiena zein taldek duten zehazteko. Eta horrek balio digu zein lan egin behar dugun jakiteko: kanpainak eta istripuen kopurua murrizteko beharrezkoa den prestakuntza lana zehazteko, hain zuzen.
Gizonak emakumeak baino gidari arriskutsuagoak al dira?
Ez nuke orokortu nahi epai bat emanez, baina datuek diote gizonezkoek emakumezkoek baino istripu gehiago dituztela. Horrek ez du esan nahi, dena dela, gizonak arriskutsuagoak direnik. Orain dela gutxi aurkeztutako datuak inkesta batetik jaso genituen, eta inkesta horretan, gizonek onartu zuten emakumeek baino arrisku jarrera handiagoak hartzen zituztela.
Errepidean radarrak eta abiadura kontrolatzeko neurriak areagotu egin dira. Zer emaitza izaten ari dira?
Ez da egia radar gehiago dagoela. Iaz azterketa bat egin genuen, aktibatu gabe zeuden radarrak leku egokietan zeuden jakiteko. Radar ugari baitzeuden martxan jarri gabe. Azterketa hori egin ondoren, ikusi genuen gehienak leku egokietan zeudela, istripu gehiengertatzen ziren tokietan. Baina radar kopurua ez da handitu. Eta oraindik ere jarraitzen dugu diagnosi horrekin. Helburua ez da salaketa gehiago jartzea, salaketa egokiak egitea baizik, dagokionean egitea salaketa, araua hausten duenak lehenbailehen jakin eta jarrera alda dezan.
Isunak zenbateraino dira eraginkorrak?
Zirkulazioan ez dago formula magikorik heriotza tasa murrizteko. Isunak istripu kopurua murrizteko beste baliabide bat dira. Adibidez, radarrak gune arriskutsuetan martxan jartzen direnean, istripu kopurua jaitsi egiten da. Denbora batera, ordea, berriro ere igo daiteke. Zirkulazio arauak aldatzen direnean ere, guztiak kezkatu egiten gara eta egokitu egiten dugu gure jarrera. Horrek istripu kopurua murrizten du, baina lasaitu ahala, berriro igo daiteke. Ondorioz, isunak, komunikazioa eta hezkuntza uztartu behar ditugu, horietako bat bera ere ahantzi gabe. Isunak lortzen du hertsagarria izatea, baina ez da istripuak eragozteko neurri erabakigarriena. Baina isunik jarriko ez dugula adieraziko bagenu, jarrera arriskutsuak areagotu egingo lirateke. Eta hori ez da onargarria.
Oraintxe bertan, zigor kodea aldatu dute eta gidariei autoa kentzeko aukera dago. Zer iruditzen zaizu?
Nik uste dut gidari gehienak gidari onak direla. Neurri hertsagarriak gidari txarrei jarri behar zaizkie, beren burua ez ezik besteena ere arriskuan jartzen dutenei. Zigor kodearen aldaketa ez da araua hausten duen gidariarentzat, baizik eta errepideko segurtasunaren kontrako delitua egiten duenarentzat. Eta kasu horietan autoa delitu horren arma da. Hori errepideko istripuen biktimen aspaldiko eskaera da.
Alkohola hartzearen kontrako kanpainak gero eta ohikoagoak dira. Ze emaitza izaten ari dira?
Gero eta onartuagoa dago gidatu behar baduzu ez duzula edan behar, eta garraio publikoaren gauerako zabaltzeak emaitza onak ekarri ditu alde horretatik. Gainera, gazteek oso ondo hartu dute informazio hori, eta gutxiago hartzen dute autoa. Uste dugu lan horretan segitu behar dugula, oraindik ere gertatzen direlako alkoholemia kasuak errepidean.
Azken inkestak adierazten du alkoholemiapean gidatzen dutenak pertsona helduak direla.
Askotan gazteei leporatzen dizkiegu jarrera jakin batzuk, eta gero, errealitateak bestelako datuak ematen dizkigu. Eta, beharbada, adin batetik aurrera, zailtasun handiagoekin iristen zaigu mezua. 25 eta 44 urte arteko adin tartean segitu behar dugu kontzientziazio mezua zabaltzen.
Datuek esaten dute, hildakoen kopuruari dagokionez, iazkoa baino pixka bat txarragoa izan dela 2010. urtea. Esan daiteke azken urteetako beherakada eten egin dela?
Bereizketa bat egin behar da. Herri arteko errepide sarean bi lagun gutxiago hil dira, eta herri barrukoan, berriz, bi gehiago hil dira. Ikusten dugu herri arteko bidaietan hildakoen kopuruak jaisten segitzen duela baina herri barruan oraindik lana dugula egiteko. Trafiko zuzendaritzak hor jarri nahi ditu indarrak, ematen duelako herri barruan ez dugula horrenbesteko arreta jartzen.
Zein dituzue asmo nagusiak 2011. urteari begira?
Beheranzko joerarekin segitu nahiko genuke, eta helburu utopiko gisa, nahiko genuke errepidean hildakorik ez egotea. Horretarako, arrisku taldeetan sakondu behar dugu kanpaina batzuen bitartez, eta herri barruko zirkulazioan dauden hutsuneak ere aztertu nahi ditugu. Kontrol kanpainak mantendu egingo ditugu, eta autoen egoeran jarriko dugu kontrola. Auto gutxiago saltzen dira, baina auto zaharrak ondo izan behar ditugu.
Amparo Lopez. Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendaria
«Isuna ez da istripuak eragozteko neurri erabakigarriena»
Herri barruko istripuak murrizteko lan egin beharra nabarmendu du Lopezek. Eta informazioaren aldeko apustua egin du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu