Istripuen mehatxua, egunerokoa

A-63ko zabaltze lanek traba ugari eragiten dituzte eguneroko bizian, eta hura baliatu behar dutelarik herritarrak beldur dira, istripu arriskua gero eta handiagoa delako.

A-63 autobideko lanak zirkulazioa zailtzen ari dira azkenaldian Lapurdin. Irudia herenegungoa da. GAIZKA IROZ.
Aitor Renteria.
Hiriburu
2011ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Gogoak inarrosi zituen urtarrilaren 13anA-63 autobidean Baionan gertatu zen istripuak. Lau lagun hilik, haien autoak larrialdi gunean geldirik zegoen kamioi bat jo ondoren gertatutako istripuagatik. Hedabideen arreta bertze gai batzuetara lerratu da, baina goizero-goizero izaten da bertan istripu arriskua. Autobidea kudeatzen duen ASF konpainiak ez du segurtasunari buruzko adierazpenik egin nahi. «Sekretupean burutzen ari da inkesta, eta, bukatu arte, ezin dugu adierazpenik egin», dio komunikazio arduradunak. Alta, milaka bidaiarik hartzen dute egunero errepide hori, eta arazoak desagertzetik urruti dago egoera.

Gehiegizko abiadurak eragin zuen urtarrilaren 13ko istripu hura, lehen hipotesien arabera. Alta, egunerokoan auto metaketa izugarriak izaten dira, eta horrek une oro arraberritzen den istripu arriskua eragiten du. Baionako Mousserollesen inguruan elkartzen dira A-63 errepidea lau bidetik seira handitzeko xedea,A-63 eta A-64 autobideen arteko lotura eta Ikea saltegia egiteko lanak. Hiriburu aldean ikastetxe handi bat egin dute. Baionarako sarbidea ere aldatu dute, eta, ondorioz, gero eta jende gehiago biltzen dira bide bera hartzeko. Egun argiz ongi ikusten dira lanak iragartzen dituzten argi, ohar eta iragarkiak. Ez ordea euria ari duelarik edo eguna argitu aitzin.

Goizeko zazpietatik hasita, auto lerro luzeak sortzen dira. Lanera doazenak, eskolara doazen familiak, Baiona inguruko saltegien hornidura bermatzen duten kamioiak. Eta, horiekin batera, Europan gora eta behera dabiltzan kamioi lerro luzeak. Tartean autobideetako lanak eta bideak ohikoak baino gutxiago, hertsiagoak gainera.

Errepideak ez daude ongi markaturik. Euriak bidea lausotzen duelarik, herrietako autoak bide nagusira sartzen direlarik itzulgune lerrakorrak dituzte aitzinean. Eta autobidera sartzeko bide bakarra, metro gutxira ipar eta hegoalderako bidean bereizi aitzin. Baiona iparralderantz doazen autoek ez dute azken zailtasuna gainditu. Autobidera sartu eta berehala bide nagusira sartu behar dute. Zubi horretan ez dago lanik. Autobideko lanak doi bat lehenago daude, eta behin horiek gaindituta, kamioiek abiadura hartzen dute. 800 metro ingurura, ipar Baionako jalgia dago, eta, hari jarraikiz, biribilgune bat. Goizeko autoak metatzen dira bertan, eta auto lerroa autobideraino heltzen da. Autobidean bertan geldirik egoten dira autoak, jalgia libre gelditu arte.

Europako ardatz nagusienetarikoa dela sinestea lan nekeza da. Egunero milaka kamioi pasatzen dira Biriatutik, eta buxadura hori saihesteko bidea zabaltzea deliberatu zuten. Lanak egin bitartean, ordea, bidea sekula baino hertsiagoa da. Segurtasunik ez dago, eta istripu arriskua handiagoa da. Egondako istripuak ere horren froga dira.

2010eko azaroaren 25ean, Hiriburuko zubi zaharraren leherketa uste baino indartsuagoa izan zen, eta itxirik egon zen autobidea, Baiona eta Lapurdi kostaldean bukaerarik gabeko auto metaketak eraginez. Abenduaren 2an, berriz, babazuzak emaitza bera eragin zuen, istripu gehiago eraginez.

Kamioien abiadura

Akitaniako prefetak A-63 autobideko landetako atalean kamioien abiadura mugatzea deliberatu du. Gainera, bertze ibilgailu bat aitzinatzea debekatu die kamioi gidariei. Horrek garraiolarien haserrea eragin du. «Aitzinatu ezin bada, kamioi lerro bukaezinak sortuko dira A-63 autobidean, Biriatutik Bordelera», dio Bernard Lataste Otre garraiolari sindikatuko presidenteak. Autoek kamioi lerro handien erdian sartu beharko dute, eta aitzinatu nahi badute, bide bakarra ukanen dute. Alta, autobidetik ateratzeko tenorea helduko delarik, kamioi lerro luzea ukanen du eskuinean, eta ez du beti lortuko ateratzea.

«Abiadura mugatu dute segurtasuna handitzeko, baina kasu honetan arrisku gehiago eragiten du neurri horrek», dio Latastek. Adineko jendeak edo haurra eskolara daraman familiak horrelako arriskurik ez duela nahi azaldu du.

Kamioilarien haserrea nabarmena da, eta arduraz jokatzeko eskatu die Latastek. Erregaien prezioak goratzen dituzte, eta abiadura mugatuz, denbora gehiago behar dute helmugara heltzeko. Urduritasun hori mugatzeko deia egin die.

Autobideetan atseden guneak falta direla salatu du garraiolariak. Gaur, 620 toki daude, eta bederen 1.200 behar direla dio Latastek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.